Ekialde Hurbila

Jerusalem ekialdean 6.200 etxebizitza eraikitzeko plana iragarri du Netanyahuk

Proiektuak banandu egingo luke Jerusalem ekialdea Betleem hiriarekin eta Zisjordania hegoaldearekin lotzen duen eremu irekia. Israelgo hauteskundeetarako 11 egun falta direla iragarri du plana Netanyahuk.

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa, ostegunean, Jerusalem ekialdeko Har Homa kokaguneari begira. DEBBIE HILL, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko otsailaren 21a
11:49
Entzun

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak nazioarteko legedia urratuko lukeen hirigintza plan bat iragarri zuen, ostegunean. Adierazi du Jerusalem ekialdean 6.200 etxebizitza eraikitzeko proiektua garatuko duela, nahiz eta nazioartean estatu gehienek legez kanpo okupatutako lurraldetzat jotzen duten. Israelek 1967ko gerran okupatu zuen. 

Proiektuak, ordea, Donald Trump AEBetako presidentearen babesa izango luke. Trumpek Israelentzako eta Palestinarentzako urtarrilean aurkeztu zuen planak Jerusalem «zatitu gabeko hiria» izatea aurreikusten du, eta Palestinarren hiriburua Jerusalem kanpoaldeko eremu sakabanatu batzuetara mugatzen du. «Jerusalem bateratuaren zatiak batzen ari gara», adierazi zuen Netanyahuk ostegunean.

Lehen ministroak Israelen hauteskundeak egin baino 11 egun lehenago iragarri du kokaguneen proiektua —martxoaren 2an egingo dituzte bozak—. Lehen ministroaren Likud alderdia lehia estuan ari da harengandik are eskuinerago dauden alderdiekin, eta iragarpena eskuin muturreko boto emaileen babesa lortzeko ahalegin gisa interpretatu daiteke.

Netanyahuren planak Jerusalem ekialdeko bi gunetan eraikitzea aurreikusten du. Batetik, Givat Hamatos kokagunean 4.000 etxebizitza eraikitzeko asmoa du. Inguru horretan ez da ezer ere eraiki urteetan, nazioarteko presioaren ondorioz. Orain, baina, adierazi du Netanyahuk «oztopo guztiak kendu» dituela. Herritar arabiarrentzat lirateke 4.000 horietatik mila; palestinarren lur pribatuetan eraikiak. Lehen ministroak ziurtatu du neurri horrekin «elkarbizitza eta bakea» sustatuko dituela. Jakinarazi duenez, Givat Hamatosen lehen mila etxebizitzak egiteko esleitze prozesua abiatuko du laster. Bestetik, proiektuak beste 2.200 etxebizitza aurreikusten ditu Har Homa kokagunean, Jerusalem hego-ekialdean. Etxebizitza horiek planifikazioaren lehen fasean daude, eta urteak beharko dira horiek eraikitzen hasi aurretik.

Palestinak eta Israelek estatu bana izatearen aldekoek gogor kritikatu dute Netanyahuk iragarri duen plana. Haien esanetan, proiektuak ezinezko egingo luke bi estatutan oinarritutako konponbidea. Nabarmendu dute Israelen kokaguneek zatitu egingo luketela Jerusalem ekialdea Betleem hiriarekin eta Zisjordania hegoaldearekin lotzen duen eremu irekia.

Kritikoek galdegin dute nazioarteak esku har dezala proiektua eragozteko. Peace Now Israelen kokaguneen kontrako taldeak zera ohartarazi du: inork geldiarazten ez badu urtebetean ala bitan hasiko dela Israel Givat Hamatosen eraikitzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.