HAUTESKUNDEAK

Equo Berdeak ez da Ahal Dugu-rekin aurkeztuko

Alderdi Ekologistak Pablo Iglesias Podemosen liderrak jarritako «betoa» salatu du

Becerra, ezkerretik hasita hirugarrena, Eusko Legebiltzarrean. JUANAN RUIZ / FOKU
Igor Susaeta.
2020ko otsailaren 21a
12:07
Entzun

Equo Berdeak alderdiak ez du Ahal Dugu-rekin bat egingo Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, eta, horrenbestez, ez da Elkarrekin Podemos koalizioan aurkeztuko. Azkeneko legegintzaldian koalizioan Equo Berdeak alderditik parlamentari izandako Jose Ramon Becerrak baieztatu du, gaur, prentsaren aurrean, Gasteizen. Becerrak nabarmendu duenez, Podemosen zuzendaritza nazionalak eta «Pablo Iglesiasek ezarritako betoagatik» hartu dute erabaki hori ekologistek. Gogoan hartu behar da Espainiako Gorteetarako azken bozetan koalizio horretan ez parte hartzea erabaki zuela alderdiak, eta Mas Pais Iñigo Errejonen alderdiaren aldeko botoa eskatu zuela.

Duela bi egun eskas, ordea, Equokoak kontrakoan zeuden. Jakinarazi zuten Ahal Dugu-rekin eta Ezker Anitzarekin aurkeztuko zirela bozetara, koalizioan dituen oraingo «baldintzei» eusten baldin bazien. Hori erabaki zuten alderdi ekologistaren oinarriek, «gehiengo nabarmenez». Primarioen prozesua hasi zuten hautagaiak nortzuk izango ziren erabakitzeko.

Prentsaurrekoan galdetu diote Becerrari ea bakarrik aurkeztuko diren, eta adierazi du «oraingoz» hautagaitza erregistratu dutela. Gaur da horretarako azkeneko eguna. Alderdiak otsaileko azken egunean, 29an, larunbatarekin, erabakiko du bozetara aurkeztu edo ez. Becerrak azpimarratu nahi izan du Elkarrekin Podemos koalizioari inoiz ez diotela «traiziorik egin».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.