Europako Batasuna

Herrialderik aberatsenek egoskor jarraitzen dute EBko aurrekontuekin

Bart ez da hurbilpenik izan Michelek aurkeztutako proposamenaren inguruan. Aurrekontu murritzagoa nahi duten  herrialdeek tinko eutsi diote beren jarrerari, eta hasiak dira aipatzen bigarren goi bilera bat beharko dela. Arratsaldeko seietan hasiko dute bigarren osoko bilkura.

Herbeheretako lehen ministroa, Mark Rutte (erdian), Errumaniako, Portugalgo eta Greziako buruzagiekin, atzo. OLIVIER HOSLET / EFE
Irune Lasa.
2020ko otsailaren 21a
12:24
Entzun

Aurrerabide gutxi izan da orain arte Bruselan, Europako Batasuneko aurrekontu berriak adosteko goi bileran. Atzo hasi ziren negoziazioak, eta osoko bilkuran Charles Michel Europako Batzordeko presidenteak ez zuen lortu babesik bere aurrekontu proposamenarentzat. Hala ere, saiatu zen egunari etekina ateratzen, bart arte luzatu diren bi alde biko negoziazio bilerekin, baina horrela ere ez.

Aipatu zen Michel proposamen eta zenbaki berriekin agertuko zela gaur goizean, baina orain arte ez dute halakorik isuri hainbat aldetako iturri diplomatikoek. Azaldu dute, ordea, interes bertsuetako taldeek tinko eutsi dietela euren jarrerei, eta batez ere herrialderik aberatsenek osatutako laukoak —Austria, Danimarka, Herbehereak eta Suedia— egoskor jarraitzen duela aurrekontua txikitzeko beren nahiarekin.

Brexitarekin Erresuma Batua joan eta EBko aurrekontuan 75.0000 milioiko zuloa gelditu dela, adosteko dago orain zenbat jarri behar duten beste 27 herrialdeek; noiz, eta Europako Batasunak diruz sustatu beharreko hainbat erronka zahar eta berri dituenean —klima aldaketa eta trantsizio ekologikoa, kide behartsuenentzako funtsak, nekazaritza politikak—.

Europako Batzordeak, hasiera batean, Londresek jarriko ez duena beste batzuek jartzea proposatu zuen, 27en nazio errenta gordinaren %1,11ren adinako aurrekontua izateko 2021-2027 urteetarako. Horren alde daude Europa hegoaldeko, erdialdeko eta ekialdeko herrialdeak, Kohesioaren Lagunak deiturikoak. 

Charles Michelek helburua nazio errenta gordinaren %1,074ra murriztu zuen atzo mahaigaineratutako proposamenean. Aurrekontu horrekin, nabarmen murriztuko lirateke batasunak zenbait politiketara zuzendutako diruak, batez ere kohesio funtsenak eta nekazaritza politika bateratuarenak.

Baina Michelek proposatutako murrizketa ez da nahikoa izan laukoarentzat. Haiek oraindik uste dute aurrekontuak 27en nazio errenta gordinaren %1ean jarraitu behar duela; hots, brexit-aren aurreko kopuruan. Malgutasun falta izatea eta negoziazioa blokeatzen ari direla leporatu diete beste herrialdeek. Baina herrialde horietako diplomatikoek argi utzi dute bereari eusten dietela. Mette Fredriksen Danimarkako lehen ministroak berak ere esan du ez duela espero akordiorik goi bilera honetan, eta martxoan beste bat egiteko aukera aipatu du.

Ondorioz, kohesioaren lagunak eta nekazaritzako diruak murriztearen kontrakoak ere jarrera gogorragoak agertzen hasi dira gaur goizean, eta adibidez Leo Varadkar Irlandako lehen ministroak esan du Michelen proposamena «onartezina» dela bere herrialdearentzat, nekazaritzarako diru gutxiago hartuko luketelako. Andrej Babis Txekiako lehen ministroak ere garbi hitz egin du: «Laukoak berean jarraitzen badu, etxera joan gaitezke».

Birritan atzeratu da goi bilerako bigarren osoko bilkurarako ordua —hasieran 10:00etan hasi behar zuen, eta gero 12:00etan—, baina 18:00etarako lderako utzi behar izan dute, bitartean bi aldeko eta alde anitzeko negozioetan aritu baitira 27en buruzagiak. Emmanuel Macronek eta Angela Merkelek bilera bat egin dute laukoaren buruzagiekin, eta Kohesioaren Lagunek euren arteko bilkura bat egin dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.