EH Bilduk alderdien mahai bat osatzeko eskatu du

Koalizioak indar politikoen «batasuna» lehenetsi nahi du, baina ohartarazi du batasuna ez dela «egiten uztea, eta egiten den guztia ontzat ematea».

Mikel Otero eta Maddalen Iriarte, agerraldian. JON URBE - FOKU
gotzon hermosilla
2020ko otsailaren 21a
12:59
Entzun

EH Bilduko Maddalen Iriartek eta Mikel Oterok bi proposamen zehatz egin dituzte Zaldibarko zabortegiaren hondamendiaren inguruan: arlo teknikoan, Larrialdien Legean agertzen dena aintzat hartu eta Babes Zibileko Lurralde Plana aktibatzea; eta maila politikoan, alderdi politikoen mahai bat osatzea, «lan berezi eta erraldoi honi aurre egiteko adostasuna» bilatzeko asmoz.

Oterok esan duenez, koalizioa prest dago «batasuna» lehenesteko, Urkullu lehendakariak Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorrean eskatu bezala, baina batasuna ez dela «egiten uztea eta egiten den guztia ontzat ematea». «Gu inplikatzeko prest gaude», erantsi du.

Babes Zibileko Lurralde Plana abian jartzeari dagokionez, Oterok esan du legeak aurreikusten duen aukera hori baliatuz gero «automatikoki» hainbat tresna erabilgarri egongo liratekeela: adibidez, aholkulari talde bat osatzea, eta informazio kabinetea osatzea «informazio zuzen eta sinesgarria eman ahal izateko».

Oterok esan duenez, hainbat «erronka» daude auzi honen inguruan: lehenengo eta behin, eta presazkoena, desagertuta dauden bi langileen gorpuak aurkitzea, sutea itzaltzea —«albiste onen premiak Jaurlaritza eraman duelako sutea behar baino lehenago itzalitzat jotzera»—, eremua egonkortzea, kutsaduraren arazoa konpontzea eta, azkenik, hondakinak kudeatzea bi arlotan: «hondakin arriskutsutzat» jo diren Zaldibarko zaborrak nora eraman erabakitzea, eta orain arte Zaldibarrera eramaten zituzten hondakinei irtenbidea ematea.

Erantzukizun politikoak

Maddalen Iriartek esan du Diputazio Iraunkorrean egindako agerraldian Urkullu lehendakariak onartu zuela «kontrolek huts» egin dutela auzi honetan. «Hori hala da», erantsi du, «baina kontrolek huts egin badute, bigarren zatia falta da: huts horien ardura politikoak garbitzea». Hori egiteko eskatu dio Urkulluri.

Iriarteren aburuz, agerraldi horretan, azalpenak eman baino gehiago, Urkullu eta haren gobernuko sailburuak «beren burua zuritzen» aritu ziren. «Urkullu berandu aritu zen, behartuta, eta lidergo falta handia erakutsi zuen. Akatsak egon zitezkeela onartu, eta akatsik gabeko kontakizun bat egin zuen. Autokritikaz hitz egin zuen, baina ez zuen autokritikarik egin».

Batez ere hiru akats atzeman ditu EH Bilduk Jaurlaritzaren kudeaketan: haien ustez, hondamendia gertatu aurreko kontrolek huts egin zuten, hondamendia gertatutakoan «koordinazio falta» egon zen, batez ere «administrazioak hasiera-hasieratik jakin behar zuelako han amiantoa zegoela», eta, azkenik, informazioaren kudeaketa «kaskarra» izan da. Aurreko astean airearen kalitateari buruz egindako «adierazpen kontrajarriak» eta oraindik orain sutearen inguruan gertatutakoa aipatu dituzte horren froga gisa. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.