Europako Batasuna

Porrot egin dute Europako Batasunaren aurrekontua adosteko negoziazioek

Ez dute datarik jarri bigarren goi bilera bat egiteko. «Batzuetan gauzek denbora bat behar dute ontzeko», aitortu du Von der Leyenek.

Charles Michel Europar Kontseiluko presidentea, atzo, Bruselan. IAN LANGSDON / EFE
Iker Aranburu.
2020ko otsailaren 21a
20:48
Entzun

Huts egin du Europako Batasunaren datozen zazpi urteetarako aurrekontua adosteko lehen saioak.  «Hau demokrazia bat da», hitzekin justifikatu du porrota Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak. «Herrialde bakoitzak bere ikuspuntua du, bere lehentasunak [...] Batzuetan gauzek denbora bat behar dute ontzeko, eta oraingoa da kasu horietako bat; ez gara iritsi, baina bide onean goaz».

Bide hori egin nahian jarraituko du hurrengo asteetan Charles Michel Europar Kontseiluko presidenteak, aurrez aurreko elkarrizketetan. Oraingoz, ordea, ez dago datarik EBko 27 gobernuburuen bigarren saio baterako.

Porrota esperotakoa zen, batez beste bi goi bilera behar izan dituztelako EBko buruek aurrekontuei buruz akordio bat lortzeko. Proportzioan ez da hain handia batasunaren aurrekontua —bilioi bat eurotik gora, 2014-2020an—, baina hura adosteak buruko min handiak ematen ditu, estatukide bakoitzak bere parlamentuei eta iritzi publikoari saldu behar dielako ahalik eta etekin handiena atera diola negoziazioari. 2021-2027ko negoziazioa ez da salbuespena izaten ari, eta badu zailtasun gehigarri bat: Erresuma Batua EBtik atera da, eta hark hurrengo zazpi urteetan jarri beharreko dirua —75.000 milioi euro, gutxi gorabehera— faltako da kontuak egiteko.

Bi talde handi

Diru horretaz ahaztea proposatu zuten jaso baino sos gehiago jartzen duten herrialde aberatsek —Danimarkak, Herbehereek, Austriak, eta Suediak—. Zehazki, nahi zuten ENG errenta nazional gordinaren %1 jartzea. EBren kutxaren onuradun nagusiek —Kohesioaren Lagunak deitutakoak, EB hegoaldeko, erdialdeko eta ekialdeko hamasei estatukide—, berriz, nahi zuten ENGaren %1,3 jartzea —Europako Parlamentuak eskatutakoa—, edo, gutxienez, %1,1 —Batzordeak proposatutakoa—. Tartean, Alemania, Frantzia, Italia eta beste gutxi batzuk, beren interes propioekin.

Erdibideko proposamen batekin iritsi zen bilerara Michel: nazio errenta gordinaren %1,074 jartzea eskaini zuen. Aurrekontu horrekin, nabarmen murriztuko lirateke batasunak zenbait politiketara zuzendutako diruak, batez ere kohesio funtsenak eta NPB nekazaritza politika bateratuarenak (-%14).

Inor ez gustura

Europar Kontseiluko presidentearen zenbakiei ezezko borobila eman zieten herrialde aberatsek. Hori ikusita, segurtasunean eta defentsan gutxiago gastatzea, eta  aberatsenen ekarpena murriztea proposatu zuten Michelek eta Von der Leyenek, arratsaldearen hasieran landutako testu baten bidez. Mugimendu horrek huts egin zuen. Aberatsenek ez zuten onartu, eta Kohesioaren Lagunen haserrea eragin zuen.

Emmanuel Macron Frantziako presidentea ere ez zen gustura azaldu, asko murrizten zuelako berak babestu nahi duen atala, nekazariena.

Gutxi iraun zuen proposamen horrek mahai gainean. Bilera hasi eta ordu erdira amaitutzat eman zuen Michelek, ikusita ez zegoela ados jartzeko inolako aukerarik. Etsipena ezkutatzen saiatu zen: «Bilera oso baliagarria izan da. Ondorioak atera ditugu».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.