Erreakzioak

«PP, iraganera»

2020ko otsailaren 24a
16:00
Entzun

Carlos Iturgaitzen itzulerak ez du inor utzi epel. PPk atzo jakinarazi zuen bera izango dela Eusko Legebiltzarrerako bozetan PPren lehendakarigaia. Alfonso Alonsori arratsaldean jakinarazi zion Pablo Casado PPko presidenteak ez zela bera izango, eta horrek sortu zuen harridurari Iturgaitzen izendapenarena gehitu zitzaion. Batik bat kontrako iritziak nagusitu dira erabakiaren berri izan eta biharamunean, baita PPren barruan ere bai.

Mikel Lezama PPren Donostiako zinegotziak gaur Twitterren zuzenean zuzendu zaio Cayetana Alvarez de Toledori, eta leporatu dio PPk iazko apirilean Katalunian izan zuen «porrota» errepikatu nahi izatea orain Euskal Herrian, «guztion kontra». Alvarez de Toledo izan zen PPren zerrendaburua Katalunian iaz, eta bere zerrendatik soilik berak lortu zuen Kongresurako hautatua izatea, PPren ordezkaritza seitik batera pasatu zen.

Iker Casanova EH Bilduko parlamentariak dio izendapenak iraganaera bueltatzen duela PP, eta gaineratu du alderdi hori 1990eko hamarkadan geratu zela. Gogoratu du Arantza Quiroga saiatu zela eguneratzen alderdia, «diskurtsoa biratzen», baina bere labirintoan iraganera begira jarraitzen duela. «Etorkizuna handi du atzera begira», esan du ironikoki.

Lander Martinez Ahal Dugukoak esan du garai bateko PPren politikaria dela, eta «polarizazioa eta tentsioa» ekarriko duela lehen lerrora berriro ekarrita. Gaineratu du espero duela alderdiak probokazioen gainetik egotea, eta azpimarratu du euskal politikagintzan Voxen arrazakeriaren eta faxismoaren aurrean suebaki bat egiteko gai izan direla: «Ez dut uste beste lau alderdietako bakar batek ere nahiko duenik termino horietan eztabaidatzea».

Idoia Mendia PSEko lehendakarigaiak nabarmendu du Iturgaitzek lehen minututik eskua luzatu diola Vox «eskuin muturreko» alderdiari, eta adierazi du sozialistek ez dutela atzera egingo «Euskadin eskubideen eta askatasunen defentsan». Madrilen Cristina Narbona PSOEko presidenteak ere «eskuin muturrean» kokatu du Iturgaitz eta gaineratu du PP «iraganera itzuli» dela haren izendapenarekin. Gogoratu du lehendakarigai izendatu bezain laster, Voxen boto-emaileei eskatu diela botoa. PPren erradikaltasunak Espainiarentzat kaltegarria izango del aurreratu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.