Esnea

Esne industriako zortzi enpresak prezioak hitzartu zituzten 2000tik 2013ra

Espainiako Lehiaren Batzordeak iaz ebatzi zuen kartel bat osatu zutela. Enpresa horiek merkatu osoa baldintzatu zutenez, EHNEk auzitara jotzera deitu ditu urte horietan esnegintzan aritutako abeltzainak, «kendutakoa» kalte-ordain bidez berreskura dezaten.

Fermin Gorraiz, Imanol Ibero eta Garikoitz Nazabal, Iruñean egindako agerraldian. IñIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
2020ko otsailaren 25a
14:29
Entzun

Arrazoia bere alde duela iritzita, EHNEk esnegintzako zortzi enpresaren aurka joko du auzitegietan. CNMCk iaz 80 milioi euroko isuna ezarri zien Espainiako zortzi esne enpresari: hala nola Pascual, Central Lechera de Galicia, Corporacion Alimentaria Peñasanta, Danone, Nestle, Lactalis, Industrias Lacteas de Granada eta Schreiber Food. Enpresa horiek 2000tik 2013ra bitartean kartel bat osatu eta prezioak hitzartu zituztela ondorioztatu zuen CNMCk.

Abokatu talde bat harremanetan jarri da COAG sindikatuarekin lehenik eta EHNErekin ondoren, hala nahi duten abeltzainek salaketa aurkeztu dezaten. «Nahiko genieke esan ekoizleei eta behi esneekin ibili den jendeari baduela aukera urte horietan jaso gabeko dirua jasotzeko, baldin eta 2000tik 2013ra bitartean esnea ekoizten egon bazen. Badu aukera zortzi enpresa horiei esnea eman zienak eta badu aukera beste edozein enpresari eman zien abeltzainak ere, oligopolio honek baldintzatu zuelako haiek jasotako prezioa», zehaztu du Imanol Ibero Nafarroako EHNEko idazkari nagusiak.

EHNE konfederazioa osatzen duten Nafarroako eta Gipuzkoako EHNEk eta UAGAk egin dute agerraldia, Egoera horren berri emateaz gain, erreklamazioa aurkezteko xehetasunen berri eman du. Zehaztu dute ez dela beharrezkoa epe horretan guztian esnea ekoitzi izana, eta sektorea utzi duten etxaldeek ere aurkeztu ahal dute. Horretarako, fakturak aurkeztu beharko dira, eta, eduki ezean, finantza erakundearen agiriekin zein Nafarroako Gobernuak edo Jaurlaritzak etxalde bakoitzaren produkzioaren datuekin osa daiteke informazioa. Martxorako egin behar da eskaera, eta, beranduenez, uztailaren 11erako.

Abokatuek azaldu diete irabazteko aukera asko dituztela, CNMCren ebazpenean kartelaren inguruko xehetasun eta datu asko ematen direlako. Dena den, esne industriak abokatu talde handiak izango ditu, eta horrek kezkarazi egin ditu abeltzain asko. EHNEren ustez, kobratu zutenaren eta jaso beharreko diruaren arteko diferentzia 250 euro izan daiteke urtean, behi bakoitzeko. Ehun behi dituen etxalde batek hamalau urte horietan esnea ekoitzi badu, erreklamazioa 300.000 euro izan daiteke. Hala ere, epaitegiek ebatzi beharko dute zein den diferentzia hori. Hori izango da auziaren gakoa. «Urte askoko borroka izango da», aipatu du Iberok. 

EHNEko ordezkariak ezin izan dute aurreratu zenbat abeltzaini eragin diezaiokeen. Hego Euskal Herrian 500 inguru izan daitezke. Gogora ekarri dute «praktika mafioso horiek» kalte handia eragin dutela sektorean. «Honen ondorioa da behi esne sektorearen azken urteotako dinamika etsigarria eta galbidera doala». Nafarroan, adibidez, azken bost urteetan 200 etxalde zeuden, baina orain 150 daude, eta Euskal Herri osoan ere ehunka abeltzainek utzi dute sektorea. «Merkatuaren logika ez da naturala, ezta bidezkoa ere. Itxierara kondenatu ditu kartelak, eta, aldi berean, intentsifikaziora. Joko arau tranpati hauekin, bizirik iraun ahal izateko gero eta gehiago ekoiztera eta inbertitzera bideratu dituzte abeltzainak, eta estutasunean bizitzera kondenatu», kritikatu du Iberok.

Garikoitz Nazabal Gipuzkoako EHNEko idazkari nagusiaren esanetan, egoera hori bidegabea da, ez delako konpondu. Egun ere, esne ekoizleek litroko hiru zentimo merkeago kobratzen dute Europaren aldean, eta Europako salneurririk apalena da. «Hamahiru urtez iraun zuen praktika bati buruz ari gara. Gaur egungo egoerarekin, zer egin behar dugu, hemendik hamahiru urte barru berriro ere halako zerbait atera? 80 milioi euroko isuna ezarri diete, baina abeltzainei ez zaie iritsiko. Sektoretik oro har eskatzen denean joko arau argiak eta praktika leialak, adibiderik argiena hauxe da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.