Martxoaren 8ra begira

Martxoaren 8arekin lotuta, lau egunez mobilizatzera deitu du Bilboko mugimendu feministak

Hilaren 5ean, 6an eta 7an ere aterako dira kalera. Emakumeen Egunean, eskaera zehatz bat egingo diote udalari: emakumeen etxea «behingoz» martxan jar dezala.

Bilbo Feminista Saretzen-eko kideak, gaurko agerraldian. ARITZ LOIOLA / FOKU
Maite Asensio Lozano.
2020ko otsailaren 26a
17:07
Entzun

Aurtengo Martxoaren 8an ez da grebarik izango, baina kaleak berriro betetzeko asmoa agertu du mugimendu feministak: «Borroka feminista beharrezkoa da oraindik». Tokian-tokian ari dira protestak antolatzen, eta Bilbon lau egunez mobilizatzera deitu dute. Bilbo Feminista Saretzen plataformak —hiriburuko talde feministak biltzen ditu— gaur iragarri duenez, emakumeen nazioarteko eguneko jarduerez gain, martxoaren 5ean, 6an eta 7an ere hainbat protesta egingo dituzte, hiru ardatzen inguruan: antiarrazakeria, antikapitalismoa, eta gorputzak eta sexualitatea. «Argi eta ozen esango dugu: jendarte eredu hau bizigaitza da pertsona gehienontzat, batez ere emakumeontzat eta genero disidenteontzat, eta jasanezina da planetarentzat», adierazi dute Bego Berazak eta Julia Martik.

Mezu erradikalari eutsita, kritika politiko integrala egin du mugimendu feministak: «Ez dugu berdintasun formalik nahi, ezta mugarik gabe kontsumitzeko edo pertsonak eta lurraldeak esplotatzeko berdintasunik ere. Ez dugu nahi gure inguruan zein munduko beste leku batzuetan emakume askoren esplotazioa areagotuko duen errezeta neoliberalik». Era berean, eta azken bi urteetako grebetan erakutsitako indarraren ondoren, «emakumeen autoantolaketa beharra» azpimarratu dute: «Neoliberalismoak hain eragin handia duen mundu honetan, indibidualismo basati eta atomizatua sustatzen duen mundu honetan, komunitate feminista konprometitua eraiki behar dugu».

Hala, Antolatu indarrak, batu borroka feministara lelopean, salaketa horiek bilduko dituen mobilizazio sorta bat antolatu du Bilbo Feminista Saretzen-ek. Martxoaren 5ean, ostegunarekin, protesta ekintza bat egingo dute epaitegien aurrean, 18:30ean, justizia patriarkala salatzeko. Hurrengo egunean, berriz, arrazakeriaren aurka arituko dira: 11:00etan, Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren Atzerritarren bulegoan, eta 19:45ean, Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean. Hilaren 7an, feminismo antikapitalista aldarrikatuko dute, 19:00etatik aurrera Kale Nagusiko denda handien inguruan egingo duten mobilizazioan.

Emakumeen Egunean izango dira mobilizaziorik handienak, halere: kaleak egun osoan okupatzeko asmoa agertu dute. Goizean auzoetako taldeak jarriko dira martxan, eta, gero, 13:00etan abiatuko da manifestazio nagusia, Jesusen Bihotza plazatik. Arratsaldean ere beste manifestazio bat egingo dute, San Frantzisko auzora, bertan galdegiten ari baitira emakumeen etxea jartzea. Eskaera horrekin bat egin du Bilbo Feminista Saretzen-ek: «Bilboko Udalak martxan jarri behar du gai honekin behingoz. Ulertezina da Bilbon emakumeen etxerik ez egotea, mugimendu feministak askotan eskatu duen arren».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.