Katalunia

«Gatazka politikorako erantzuna» ez du zehaztu oraindik Madrilek

Espainiako eta Kataluniako gobernuen bilerako elkarrizketa «zintzoa» izan da, Torraren esanetan, baina «desadostasunak» dira nagusi. Hilean behin bilduko dira bi aldeak.

Sanchez eta Torra, bilera aurretik. CHEMA MOYA / EFE
2020ko otsailaren 26a
21:50
Entzun

«Espainiako Gobernuak Kataluniako gatazka politikorako zer erantzun daukan ez dakigu oraindik», adierazi du Kataluniako presidente Quim Torrak, Generalitatearen eta Espainiako Gobernuaren arteko bileraren ostean. Halere, bi aldeek batera argitaratutako komunikatuan azaldu dute gatazka «politikoa» dela, eta «erantzun politikoa» behar duela. Horretarako «gobernuen mahaia irtenbide bat» dela uste dute, eta hilabetean behin bilduko dira, Madril eta Bartzelona txandakatuz.

Kataluniako presidenteak azaldu du autodeterminazio eskubidea eta amnistia atera dituela mahai gainera, haren ustez horiek direlako egungo gatazkaren oinarria: «Oinarrizko eskubideak ezeztatu dira». Adierazi du «desadostasunak eta distantzia» nabari dituela Espainiako presidente Pedro Sanchezekiko, baina elkarrizketa «zintzoa» izan dela. Torrak gehitu du bere lekuan Carles Puigdemontek, Oriol Junquerasek, Marta Rovirak eta Jordi Sanchezek egon beharko luketela, eta gaineratu du «erbestearen eta espetxearen errekonozimendua» ere hizpide izan dutela bileran. Kataluniako presidentearen esanetan, lagungarria litzateke elkarrizketa «egiatia» izateko.

Espainiako Gobernuak, berriz, adierazi du ez duela bat egiten Torrak autodeterminazio eskubidearen inguruan duen ikuspegiarekin. Gobernuko bozeramaile Maria Jesus Monterok egin ditu adierazpenak, eta nabarmendu du aurrera begiratzeko ordua dela, «batzen gaituena bilatu eta aldentzen gaituena albo batera uztekoa».

«Bereizi»

Bi aldeek bat egin dute elkarrizketa mahaia gainontzeko eztabaidetatik aldentzearekin, Espainiako aurrekontuei eta Katalunian egingo diren hauteskundeei erreferentzia eginez. Torrak azaldu du ezen, «hainbesteko garrantzia» ematen diola mahaiari, ezen gainontzeko gaietatik «bereizi» nahi baitu. Montorok, berriz, bi instituzioen arteko harremana sendotzean jarri du indarra. Halere, azaldu du aurrekonturik gabe ezingo zaiola bide eman bileretan hitzartutakoari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.