Siria

Turkiak Siriako armadaren kokalekuak bonbardatu ditu, hark Idlibi eraso egin ostean

Turkiako Defentsa ministerioaren arabera, Siriako 329 militar hil dituzte. Aurretik, beste eraso batean, Siriako armadak Turkiako 33 soldadu hil zituen. Errusiak Damaskoren erasoa justifikatu du, eta adierazi du Turkiak ez lukeela eremuan troparik izan beharko.

Turkiako soldaduak Idliben. STR / EFE
Iosu Alberdi.
2020ko otsailaren 28a
09:41
Entzun

Turkiak Siriako Gobernuaren esku dauden eremuen aurkako hainbat bonbardaketa egin ditu Alepon, Haman eta Latakian, baita Idlibeko frontean ere. Hulusi Akar Defentsa ministroaren esanetan, 329 militar hil dituzte, eta gobernuaren esku dauden 200 eraikin jo. Ekintza Siriako armadak Idlib probintziari eraso egin ostean iritsi da. Ankarako gobernuaren arabera, eraso hartan Turkiako 33 soldadu hil ziren atzo, eta beste 36 zauritu. «Soldadu heroien odola ez da alferrikakoa izango», adierazi du Turkiako presidentetzako bozeramaile Fahretin Altunek. Gaineratu du oraintxe Siriako Gobernuaren «elementu guztiak» jomugan dituztela.

Turkiako Gobernuko AKP alderdiko bozeramaile Omer Celiken arabera, «merezitako erantzuna» jaso du Damaskok, eta «hala jarraituko» dute. Ankararen esanetan, euren armadako 54 soldadu hil dira otsailean Siriako lurretan. Iturri berdinen arabera, ordea, 1.700 inguru dira hil, zauritu edo harrapatu dituzten Siriako armadako soldaduak —azken erasoaren aurreko kopurua da—. Izan ere, azken egunetan tentsioa nabarmen areagotu da eremuan.

Idlib probintzia da talde jihadisten —Turkiaren babesa dute— esku dagoen Siriako azken lurraldea, Alepoko eta Hamako hainbat eremurekin batera, eta horiek dira gatazkaren epizentroa. Turkiak atzo adierazi zuen egoera haien aldekoa zela, jihadistek Saraqeb hiria hartu ostean. Alepo eta Damasko lotzen dituen errepidea bertatik igarotzen da. SANA Siriako albiste agentzia ofizialak adierazi duenez, ordea, «Turkiaren zuzeneko babesa duten terroristek» Errusiako eta Siriako hegazkin militarren aurkako erasoak egin dituzte eremuan, eta horien aurkako kontraerasoa litzateke eginikoa. Ankarako gobernuak, baina, gezurtatu egin du halako erasorik egin izana.

NATOko idazkari nagusi Jens Stoltenberg Turkia aliatuaren alde kokatu da, eta Siriako eta Errusiako armaden erasoak gaitzetsi ditu, eta horiei «amaiera emateko» exijitu. Aurretik, Turkiako Atzerri ministro Mevlut Cavusogluk telefonoz hitz egin du Stoltenbergekin, eta NATOko kontseilua gaur biltzekoa da, premia larriz. Erakundearen laugarren artikuluari men eginez hartu dute erabakia: «Kideei kontsulta egingo zaie, horietako baten ustez bere lurraldearen osotasuna, independentzia politikoa edo segurtasuna mehatxupean badago».

Errusiaren jarrera bestelakoa da. Sergei Lavrov Atzerri ministroak adierazi du Siriako Gobernuak eskubidea duela Idlib berreskuratzeko lan egiteko: «Su etenari jasaniko une oroko urraketei erantzunez, Siriako armadak eskubide osoa du erantzuteko, terroristak txikitzeko». Gaineratu du 2018ko Sochiko akordioak betetzeko lanean ari direla, eta horretarako beharrezkotzat jo du «oposizio normala terroristetatik» banatzea, Turkiak egin ez duena. Lavrovek doluminak helarazi ditu Turkiako soldaduen heriotzengatik, baina halakorik ez gertatzeko akordioak «guztiz» errespetatu beharra nabarmendu du. Adostutako puntuetako batek dio bi aldeek euren soldaduen kokapenaren berri eman behar dutela. Izan ere, Errusiaren arabera, Damaskok eraso eginiko lekuetan Turkiak «ez luke» militarrik eduki beharko.

Europaren babes bila

Erasoarekin batera, Turkiako Gobernuak herrialdean dauden errefuxiatuak erabili ditu EB Europako Batasunaren babesa lortzeko bidean. Celikek azaldu duenez, Siriako armadak eginiko erasoaren ostean, Idlib probintziako herritarrek Turkiarako bidea hartu dute, eta jada herrialdean daudenak Europara bidean doaz: «Errefuxiatuekiko gure politika lehengo berbera da, baina horiek hartu ezin ditugun egoera batean gaude». Altunek mezua berretsi du, eta nabarmendu Turkian ia lau milioi siriar daudela: «Ez dago beste milioi bat jasotzeko adina baliabide». Beraz, Turkiak ez du migratzaileak muga zeharkatzea galaraziko, eta EBrekin 2016an sinatutako akordioa hautsiko du horrela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.