Futbola

Athletici Logroño egokitu zaio Espainiako Kopako finalerdietan

Zuri-gorriek etxetik kanpo jokatu beharko dute finalerako sailkatzea, martxoaren 17an edo 18an

ainara arratibel gascon
2020ko otsailaren 28a
12:49
Entzun

Athleticek badu aurkaria Espainiako Kopako finalerdietarako: Logroño. Eguerdian egin da zozketa, eta zoriak hala erabaki du. Bartzelona ahaltsua saihestu nahi zuten zuri-gorriek, eta lortu dute. Hori bai, final-zortzirenetan eta final-laurdenetan gertatu ez bezala, etxetik kanpo jokatuko du kanporaketa Angel Villacamparen taldeak, Las Gaunas futbol zelaian, hain zuzen ere. Eguna eta ordua zehazteke daude, baina ziurra da neurketa martxoaren 17an edo 18an jokatuko dela.

Logroño Espainiako Lehen Mailara igo zen aurreko sasoian, eta, Deportivorekin batera, denboraldi honetako ezusteetako bat izaten ari da. Zazpigarren dago sailkapenean, 28 punturekin. Athleticek, berriz, sei puntu gehiago ditu, 34, eta bosgarren dago. Lehen itzulian jokatu zuten partidan, zuri-gorriek 3-0 irabazi zuten Lezaman, Lucia Garciak, Ane Azkonak eta Marta Unzuek sartutako golei esker.

Kopan, Athleticek Granadilla utzi zuen kanpoan final-zortzirenetan (3-0). Uste baino gehiago sufrituta izan zen, luzapenean erabaki baitzen neurketa. Final-laurdenetan, berriz, Tacon hartu zuen mendean  (2-1). Logroñoren kasuan, Espanyol azpiratu zuen aurrena (0-2), eta, gero, Betis (1-0). Gerardo Garcia Realeko jokalari izandakoak zuzentzen du Logroño.

Beste finalerdia Bartzelonak eta Betisek jokatuko dute, eta finala maiatzaren 31n izango da, Malagako La Rosaleda estadioan.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.