Musika

Charlie Parker omenduko du Gasteizko 44. Jazzaldiak

Brandford Marsalis, Anne Paceo eta Antonio Sanchez ere izango dira jaialdian, uztailaren 13tik 18ra arte.

Brandford Marsalis. EFE
mikel lizarralde
2020ko otsailaren 28a
13:10
Entzun

Charlie Parker Bird saxofoi jotzaile eta XX. mendeko jazz musikaririk entzutetsuenetakoa jaio zela ehun urte beteko dira aurten, eta, hori baliatuta, Gasteizko Jazz Jaialdiak omenaldia egingo dio aurtengo ekitaldian, The Charlie Parker Legacy Band-en kontzertuarekin. Taldea 1990eko hamarkadan sortu zuten, Bird-en musika bizirik mantentzeko asmoarekin. Oraingo honetarako, be-bopean eta Parkerren konposizioetan sustrai sakonak dituzten musikari garaikideak bildu dituzte, eta Phil Woods saxo jotzaileak egin zituen moldaketak erabiliko dituzte. Justin Robinson, Vincent Herring eta Jesse Davis, saxo altuan ariko dira; Benny Green, pianoan; Gerald Cannon, kontrabaxuan; eta Willie Jones III, baterian.

[youtube]https://youtu.be/cIBYLrbpNng[/youtube]

Gaur egungo saxo jotzaile ezagun bat ere izango da Gasteizko Jazz Jaialdian: Brandford Marsalis. Musikari estatubatuarrak The Secret Between the Shadow and the Soul, Pablo Nerudaren poema batzuetan oinarritutako diskoa kaleratu zuen iaz, eta Gasteizen Joey Calderazzo pianista, Eric Revis baxu jotzailea eta Justin Faulker bateria jotzailea izango ditu lagun oholtzan.

[youtube]https://youtu.be/gN0Hyy-FUBE[/youtube]

Marsalis ostiralez ariko da jazzaldian, uztailaren 17an, eta haren aurretik Anne Paceo abeslari eta bateria jotzaile frantziarra izango da. Boli Kostan jaioa, Frantzian egin du bidea musika estiloen arteko mugak hausten dituen proposamen batekin, eta iaz argitaratu zuen bere azken lana: Bright Shadows.

[youtube]https://youtu.be/Kwm8lxCrKP8[/youtube]

Azkenik, Antonio Sanchez bateria jotzaile mexikarrak ere joko du Gasteizen. 2014an egin zen ezagun Alejandro Gonzalez Iñarrituren Birdman filmerako egindako lanarekin, eta Pat Methenyrekin nahiz Chick Corearekin jo izan du. Uztailaren 18an emango duen kontzertuan Donny McCaslin, Miguel Zenon eta Scott Colley izango ditu taldekide.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.