'Osasuna auzia'

Epaimahaiak Jordi Figueras absolbitu du

Bukatu da Osasuna auziko epaiketa, eta auzipetuek esanak dituzte azken hitzak. Miguel Artxanko 2012-13ko eta 2013-14ko denboraldietan presidente izan zenak adierazi du bost urte traumatiko bizi izan dituela eta ez duela ulertzen zergatik egin duen hori guztia Bizkaik.

Xavier Torres eta Jordi Figueras Betiseko jokalari ohiak. JESUS DIGES / EFE
joxerra senar
2020ko otsailaren 28a
13:59
Entzun

Hilabete eta erdi ondoren, epaiaren zain geratu da Osasuna auziko epaiketa. Hala ere, Raquel Fernandino, Maria Paz Benito eta Margarita Perez Salazar  osatutako epaimahaiak erabaki du Jordi Figueras Betiseko jokalari ohia libre uztea, absolbituta. Epaitegitik ateratzerakoan abokatuak adierazi du ez zuela zalantzarik: «Denbora kontua zen». Bere hitzetan, epaiketan, ezein lekukok edo auzipetuk ez du ikusi Figueras «zentimo bakar bat ere jasotzen». Gainerako hamar auzipetuek apur bat gehiago itxaron beharko dute epaimahaiak epaia atera arte.

Azken hitzak

Asteon, akusazioak zein auzipetuen defentsak azken ondorioak esan dituzte. Behin guztia amaituta, azken saioan, epaiketari amaiera eman aurretik, Raquel Fernandino epaimahaiburuak auzipetuak banan-banan deitu ditu eta ezer gaineratzekorik al zuten galdetu die. Angel Bizkaik, labur, adierazi du bost urteotan esan duen «egia» dela eta «Osasunaren mesedetan» egin duela.

Jarraian, Miguel Artxanko Osasunako presidente izandakoak laburbildu du «bost urte traumatiko» bizi dituela, «sinestezinak». Ez daki zer gertatu den: «Buruari hamaika bider galdetu diot zer demontre pasa ote zaion burutik Bizkairi egin duena egiteko. Ez dut ulertzen, ez dut ulertuko ere. Areto honetatik irtengo naiz jakin gabe». Une batzuetan, sinetsi ezinik, «burua lehertzear» izan duela esan du, eta bere bakarrizketa deskribatu du: «Neure buruari esan diot. Lotsaraziko zaituen ezer ez duzu egin, Miguel, ez duzu damutzeko ezer. Zure ilusio, borondate eta ahal zenuen ezagutza guztiarekin lan egin zenuen, Osasunarentzat, Osasunaren alde».

Bandresen aldarrikapena

Sancho Bandresek azpimarratu du ezohiko bi urte bizi behar izan zituela Osasunako zuzendaritzan sartu zenean, 2012an: «Ahaztu egiten dugu, baina taldea desagertzear zegoen». Osasunak garai hartan 43 milioi euroko zor espedientea irekia zuen ogasunarekin, eta administrazioak edonoiz botoi hori sakatu zezakeen. Ondorioz, kontabilitate soilaz haragoko eginahala eta konplexutasunaren ulermena eskatu zion egoera zail eta berezi hark. Adibidez, 2012-13 denboraldian, nazioarteko arauetara egokitzeko aurreko hamar urteetako kontuak berregin zituzten, eta 26 milioi euroren galera historikoak azaleratu ziren.

Horregatik, garaiko kontuek taldearen finantza egoera erreala islatu ez zutela leporatzea bidegabea iruditzen zaio. «Modu leial eta zintzoenean kudeatu nuen egokitu zidaten lana. Desagertzear zen taldea jaso nuen. Irudipena dut exijitu didatela ez soilik zegokidana egitea, baizik eta askoz ere gehiago, ahalguztiduna banintz bezala, eta neuk ere egunean 24 ordu ditut. Lotsa ematen dit esateak, baina inork baino gehiago egin nuen Osasuna salbatzeko. Osasunak hori badaki».

Txuma Peraltak, ahotsa urratuta, epaimahaiari eskatu dio «bidezkoa» izan dadila. Haren hitzetan, taldearen alde lan egin du, eta ez du dirurik hartu beretzat. «Eskatzen dut epaitu nazazuela gertaerengatik eta ez zurrumurru giro honengatik».

1.820 eguneko «infernua»
Diego Makirriain Osasuna fundazioko buru ohiak azpimarratu du «bost urteko infernua» bizi izan dutela hark eta familiak. Guztientzat azken 1.820 egunetan bizitakoa «krudela» izan dela aipatu du: «Amesten dut epaia lehenbailehen ateratzearekin eta konponbide bat ematearekin. Beti gogoratuko ditut Osasunan bizi izandako urteak. Nire bizitza izan da, odola ere gorritxoa dut, baina etapa berri bat hasi nahiko nuke».

Gainerakoek euren abokatuen lana eskertu dute. Epaimahaiak Figuerasen absoluzioa iragarri eta gero, zorion keinuren bat helarazi diote Betiseko jokalari ohiari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.