Katalunia

Waterlootik Perpinyara: Puigdemonten bidaiaren kronika

Puigdemont Herrialde Katalanetara itzuli da asteburuan, eta «behin betiko borrokarako prestatzera» deitu ditu independentistak, dozenaka mila lagunen aurrean. Vicent Partal VilaWeb-eko zuzendariak itzulerako bidaiaren kronika egin du.

jarraia178225.jpg
Andoni Imaz.
2020ko martxoaren 1a
09:36
Entzun

Larunbatean, Carles Puigdemont Kataluniako presidente kargugabetuak eta harekin erbestera joandako kideek agerraldi jendetsu bat egin zuten Perpinyan, Ipar Katalunian, Kataluniako Errepublikaren Aldeko Kontseiluak antolatu zuen ekitaldi politikoan. 2020ko lehen mobilizazio independentista handia izan zen –200.000 lagun elkartu ziren, antolatzaileen esanetan; datu ofizialen arabera, 110.000 inguru–, baina sinbolismo berezia izan zuen, bi urte eta erdiren ondoren Puigdemont bere herrira bueltatu zelako. Une horren berri gertutik emateko, Vicent PartalVilaWeb hedabide digitaleko zuzendariak haren ondoan egin zuen Perpinyarako bidaia. Kronika osorik argitaratu du webgunean.

Okzitaniatik Ipar Kataluniarako muga igaro zuten unea xehetasun osoz azaldu du Partalek; «autoafirmazio geopolitikoko ariketa izugarria» izan zen harentzat: «Muga ikusezin baina iraunkor hori pasatzeko esperientzia ahaztezina da». Ostiralean, otsailaren 28an, 15:41ean igaro zuen Puigdemontek lerro ikusezin hori, «mendeetan politikoki landutako lekua», furgonetaren atzealdean eserita, bi alaben artean. Aurrean zituen Partal bera, Clara Ponsati Generalitateko kontseilari kargugabetu eta eurodiputatua eta Gonzalo Boye abokatua. Toni Comin beste bide batetik joan zen Perpinyara.

Une hartan, Puigdemontek 853 egun zeramatzan erbestean, 2017ko urriaren 29an muga hori beste noranzkoan igaro zuenez geroztik. «Niretzat, pauso hau oso garrantzitsua da pertsonalki; oraintxe bertan, ikuspegi politikoa baino garrantzitsuagoa», esan zuen orduan. «Nigan pentsatzen dut, gugan, egindako borroka guztian. Guretzat, Kataluniara itzultzeak gure kabuz, eta ez Espainiak emandako baimen batekin, baieztatzen du jasan dugun horrek guztiak merezi izan duela, egin egin behar genuela». Kanpaina gogorra izan dute kontra: «Karikatura bihurtu nahi izan gaituzte, ezkutatzeko autodeterminazioa gauzatu nahi dugula; independentzia aldarrikatu genuen, eta egia bihurtzea da gure asmoa».

Puigdemonten itzulera ostiralean hasi zen, Waterlooko Errepublikaren Etxean (Belgika). Hegazkinez joan zen Carcasonara (Okzitania), eta han hartu zuen autoa. Mugimendu arraroren bat ikusi zuten arren, ez zuten arazorik izan poliziekin. Iritsi ziren Kataluniara, eta Puigdemontek eta Ponsatik argazki bat atera zuten Herrialde Katalanen Atea izeneko monumentuaren aurrean.

Presidente erbesteratua urduri zegoen. Jakin bazekien jende asko joango zela Perpinyako ekitaldira, eta gogotsu egin zuen bidea. «Bagenekien hasieran jendeak barre egingo zigula, baina bagenekien baita ere eutsiz gero iritsiko zela egun hau, eta iritsiko direla iritsi beharreko guztiak ere». Dozenaka mila lagunek babesa eman zioten Katalunian; «garaipena» izan zen harentzat eta haren ingurukoentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.