Israelgo hauteskundeak

Netanyahuren alderdiak lortu du ordezkaritzarik handiena, zundaketen arabera

Likudek 37 diputatu izango lituzke parlamentuan, lehen inkesten arabera, eta Urdina eta Zuria koalizioak, 33. Eskuineko blokea gehiengo osotik diputatu bakarrera geratuko litzateke.

Benjamin Netanyahu, gaur, botoa eman ostean. EFE
ander perez zala
2020ko martxoaren 2a
21:30
Entzun

Israelen parlamenturako hauteskundeak egin dituzte gaur, urtebetean hirugarren aldiz, eta zundaketek Benjamin Netanyahu jarduneko lehen ministroaren garaipen argia aurreikusi dute: Likud alderdiak lortuko luke ordezkaritzarik handiena, 32 diputatutik 37ra igota, eta eskuineko blokea 55 ordezkaritik 60ra pasatuko litzateke, gehiengo osotik ordezkari bakarrera geratuta —61ean dago—.

Emaitza horiek beteko balira, hirugarren hauteskundeetara joateko apustua era ezin hobean aterako litzaioke Netanyahuri, Benny Gantz militar ohiaren Urdina eta Zuria koalizioak ordezkaritza berari eutsiko liokeelako: 33 diputatu izango lituzke, eta zentro-ezkerreko blokeak, 54.

Zundaketek aurreikusi duten testuinguruan, jarduneko lehen ministroak aurreko bi bozetan baino aukera handiagoak izango lituzke koalizio gobernua osatzeko. Likuden ordezkariek Israelgo hedabideei adierazi dietenez, berehala hasiko dira exekutiboa osatzeko negoziazioekin, hilaren 17a baino lehen osatua egon dadin; izan ere, egun horretan abiatuko dute Netanyahuren aurkako epaiketa, ustelkeriagatik.

Eskuineko blokean, Likuden aliatu diren indar politikoek iragan irailean lorturiko ordezkaritzari eustea lortuko lukete, betiere zundaketen arabera: Xasek bederatzi diputatu izango lituzke; Tora Judaismo Batuak, zazpi; eta Yaminak, zazpi. Horiek eta Likuden ordezkariak batuta, blokeak 60 diputatu izango lituzke; testuinguru horretan, Netanyahuk ez luke Avigdor Liebermanen Yisrael Beiteinuren babesik beharko inbestidurarako, eta nahikoa izango luke zentro-ezkerreko blokeko diputatu baten abstentzioa lehen ministro bilakatzeko. Twitter sare sozialaren bidez eskerrak eman dizkie boto-emaileei, eta emaitza horiek ospatzeko argazki bat igo du, «garaipen handi bat» izan delakoan.

Zundaketen arabera, Liebermanen alderdia zortzi diputatutik seira jaitsiko litzateke, eta egoera desblokeatzeko giltza izateari utziko lioke. Ezinbestean, Gantzek zentro-ezkerreko indarren eta Yisrael Beiteinuren babesaz gain, eskuineko blokeko abstentzio bat beharko luke agintera iristeko.

Zentro-ezkerreko blokean, lau alderdi arabiarrek osatzen duten Zerrenda Batuak ordezkaritza handitzea espero zuen, baina zundaketek hamahirutik soilik hamalaura igoko dela aurreikusi dute. Laboristek eta Meretz alderdiak osaturiko aliantzak izango luke porrotik handiena, lau diputatu galdu eta zazpirekin geratuko litzatekeelako.

Kanpainan, Netanyahuk aurreko hauteskundeetan etxean geratu zirenak erakartzea izan du helburu, hura agintean dagoenetik herrialdeak izan duen egonkortasunean eta segurtasunean arreta jarrita; eta badirudi estrategia hori arrakastatsua izan dela, parte hartzeak ere gora egin duelako: %70 inguruko izatea espero da, 1999az geroztik izandako handiena.

Honako hauek lirateke emaitzak, zundaketen arabera:

- Likud: 37 (+5)
- Urdina eta Zuria: 33 (=)
- Zerrenda Batua: 14 (+1)
- Xas: 9 (=)
- Laboristak-Meretz aliantza: 7 (-4)
- Tora Judaismo Batua: 7 (=)
- Yamina: 7 (=)
- Yisrael Beiteinu: 6 (-2)

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.