Israel

Netanyahuk garaipena ospatu eta gobernu «indartsu eta egonkorra» eratuko duela hitzeman du

Botoen %90 zenbatuta, badirudi jarduneko lehen ministroaren Likud alderdia litzatekeela indarrik bozkatuena, baina eskuineko bloke erlijiosoak ez lukeela gehiengo osoa eskuratuko.

Benjamin Netanyahu Israelgo jarduneko lehen ministroa, parlamenturako hauteskundeen garaipena ospatzen, Likud alderdiko jarraitzaileen aurrean, Tel Aviven. ATEF SAFADI, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko martxoaren 3a
09:55
Entzun

«Garaipen erraldoia» aldarrikatu du Benjamin Netanyahu Israelgo jarduneko lehen ministro eta Likud alderdiko zerrendaburuak, parlamenturako hauteskundeen behin-behineko emaitzak jakindakoan. Eskuineko bloke erlijiosoko alderdi aliatuekin gobernu «indartsu eta egonkorra» osatuko duela ziurtatu, nahiz eta, botoen %90 zenbatuta, alderdi horien batura ez den gehiengo osora iristen.

Behin betiko emaitzen zain, orain arteko boto zenbaketaren arabera, Likudek 36 eserleku lortuko lituzke, eta iazko apirileko eta iraileko emaitzak hobetuta —35 ordezkari eskuratu zituen apirilean, eta 32 irailean—. Hala ere, gehiengo osotik bi eserlekura geldituko litzateke eskuineko bloke erlijiosoa. Yamina, Shas eta Toraren Judaismo Batua alderdien eserlekuak batuta 59 ordezkarien babesa izango luke Netanyahuk —Israelgo Parlamentuak 120 ordezkari ditu, eta 61 parlamentari behar dira gehiengo osorako—.

Ustelkeriagatik hiru epaiketetan auzipetua egoteak ez dio ordainik ekarri Natanyahuri. Jarduneko lehen ministroak bere jarraitzaileak mobilizatzeko ahalegina egin du kanpainan, eta helburua lortu duela diote datuek. Parte hartzeak gora egin du, %71an kokatu da —1,2 puntu hazi da irailekoarekin alderatuta—, eta hazkundeak onura ekarri dio Netanyahuren Likud alderdiari.

Eskuineko bloke erlijiosoak apirilean lortu zuena baino babes apalagoa izango luke, ordea. Iazko apirilean, gehiengo osotik eserleku bakarrera gelditu zen —hirurogei parlamentari—, eta, gobernua ziurtatzeko boto bakar baten faltan, parlamentua desegin eta bigarren hauteskunde batzuk egin behar izan zituzten, irailean. Orduan ere ez zuten blokeo politikoa gainditzea lortu.

Oraingoan, gobernua osatuko duela ziurtatu du Netanyahuk. «Hauteskunde gehiago egitea eragotzi behar dugu. Arrakalak ixteko garaia da. Adiskidetzearen garaia da». Dagoeneko eskuineko bloke erlijiosoko alderdiekin hitz egin du jarduneko lehen ministroak, eta bihar indar horiekin bilduko dela aurreratu du. «Gure esku dagoen guztia egingo dugu Israelentzat ona izango den gobernu nazional zabala eratzeko».

Likuden atzetik, Urdina eta Zuria ezkerreko eta zentroko koalizioa izan da boto gehien jaso dituztenetan bigarrena. Behin-behineko emaitzen arabera, 32 eserleku izango lituzke. Iazko apirilean lortutakoak baino hiru gutxiago lirateke, eta iazko irailean eskuratutakoak baino bat gutxiago. Benny Gantz koalizioko hautagai nagusiak «etsipena eta mina» aitortu du emaitzengatik: «Ez dira Israel bide onetik eramango duten emaitzak».

Ezker laboristak ere behera egin du. Zituen 11 eserlekuetatik lau galduko lituzke.

Parte hartzearen gorakadak mesede egin dio arabiarrak ordezkatzen dituen Zerrenda Batuari ere. Inoizko ordezkaritzarik zabalena lortu du, 15 parlamentari, eta Israelgo Parlamentuko hirugarren indarra izango da berriro ere.

Netanyahuk garaipena eskuratu arren, bozen emaitzek iazko apirilekoaren «esanahi politiko bera» dutela nabarmendu du Gantzek, Netanyahuk ez duelako lortuko parlamentuaren gehiengo osoaren babesa. «Borrokan» jarraitzera deitu du, «batasun gobernu» bat eratzeko.

Netanyahuri leporatzen zaizkion ustelkeria kasuei lotuta, Gantzek ziurtatu du ez duela babestuko «karguan diren lehen ministroei immunitatea bermatuko dien legerik». Haren esanetan, «prozesu penalak auzitegietan erabaki behar dira soilik».

Martxoaren 17an hasiko dira Netanyahuren kontrako epaiketak, parlamentua osatu hurrengo egunean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.