Zaborren kudeaketa

Gipuzkoan birziklatzeko emaniko arropa tonaka botatzen ari dira Ziordian, Gurelurrek salatu duenez

«Milaka pertsonaren kontzientzia zapaltzen ari dira», esan dute ekologistek.

Ziordiako pabiloia, arropaz beteta. GURELUR
Edu Lartzanguren.
2020ko martxoaren 3a
11:55
Entzun

Gurelur natura babesteko Nafarroako funtseko kideak ikerketa lanetan ibili dira azken egunotan. Aspaldi ari ziren salaketak jasotzen: norbait ari da erabilitako arropa kamioikadaka botatzen Ziordiko (Nafarroa) pabiloi batean. Joan zen astean, norbait hori nor den ikertzeko aukera izan zuten.

Arropa, izarak, mantak, oinetakoak... Denetik dago, eta tonaka, Ziordiko N-1 errepide zaharreko 392 kilometroan dagoen pabiloian. Gurelurrekoek esan dute ez dakitela arropa Gipuzkoan bakarrik bildutakoa den edo Hego Euskal Herri osoan batu ote duten, baina badakitela berriz erabiltzeko kanpainetan jasotakoa dela. «Herritarrek berriz erabiltzeko ematen duten arropa modu lotsagarri eta legez kanpokoan botatzen ari da Gipuzkoako enpresa bat», adierazi dute. Toño Munilla Gurelurreko idazkariak BERRIAri esan dionez, «milaka pertsonaren kontzientzia zapaltzen ari dira».

Boluntario batek abisatu zien kamioi bat heldua zela arropa botatzera. «Hari jarraitzea erabaki genuen», esan du Munillak. Kamioiaren atzetik joan ziren ekologistak, eta Ziorditik Astigarragaraino (Gipuzkoa) jarraitu zioten, Ekotrade enpresaraino. Eraikuntza eta eraispenetako hondakinak kudeatzen ditu enpresa horrek, eta baita «arriskutsuak ez diren hondakin asko» ere, haien webgunearen arabera. Moyua eraikuntza enpresa da Ekotraderen akziodun nagusia.

«Enpresan, ukatu egin digute euren zaborra denik, baina kamioiaren matrikula eta dena daukagu, eta han sartzen ikusi genuen», esan du Munillak.

BERRIAk Moyua enpresako arduradunekin hitz egin du, eta baieztatu egin diote euren garraio baten edukia Ziordiko pabiloian bota zutela. Edonola ere, hara eraman izana «akats» baten ondorioa izan zela adierazi dute. Normalean Vianako (Nafarroa) zabortegira eramaten omen dituzte arropak, hura jasotzen duten elkarteek «gehiago erabiltzerik ez daukatenean». Kamioilaria nahastu zela ikusi zutenean, gertatutakoaren berri eman zioten Nafarroako Gobernuari, azaldu dutenez. Ziordian kamioikada asko arropa dagoela aipatuta, eurek horrekin zerikusirik ez dutela adierazi dute, eta «garraio bakarra» izan zela berretsi.

Pabiloi horretan zohikatza edo konposta egiten zuen Aralurrek 2013. urtera arte, baina orain likidazioan dago, eta administratzaile baten esku, Jose Urrestarazu arduradun ohiak BERRIAri azaldu dionez. Nafarroako Gobernuak itxi egin zuen enpresa, Gipuzkoako zabor organikoa han jasotzen zutelako, konpostatzeko, «baldintza ezegokietan», gobernuaren arabera. Urrestarazuk salatu duenez, pabiloiaren ateak zabalik daude egun, eta inguruko jende asko ari da zaborra botatzen hara. «Baina arropa lehorrean dagoenez, eta hormigoiaren gainean, ezin da isuri bezala salatu». Urrestarazuk kontatu duenez, «beharrean» dagoen jende asko dabil handik janztekoak hartzen.


Gurelur

Ekologistek salatu dutenez, «legez kanpoko kudeaketa horrekin, enpresa etekin handia lortzen ari da, kobratzen ari baita herritarrek ematen duten arropa berriz erabiltzen ariko balitz bezala». Italiako hainbat jokabiderekin parekatu dute: «Portaera mafioso hauek Italian gertatzen ari dira, zaborraren kudeaketarengatik ordaintzen ari direlako, jende guztiak dakien arren hondakin horiek Ziordian botatzen dituztenak bezala bukatzen dutela».

Gobernuaren ardura

Egoerak herriari eragin dion kaltea nabarmendu dute ekologistek. «Nafarroako gunerik kutsatuenetako bat da, paisaia aldetik behintzat». Esan dute udalak ez duela ardurarik egoeran, eta Nafarroako gobernuari esan diote zaborra berehala kentzeko, eta «ingurumenari eginiko eraso» horren erantzuleen kontra jotzeko. Ohartarazi diote, edonola ere, dozenaka kamioi beharko dituztela pilatutako zaborra kentzeko.

Baina nabarmendu dute ez soilik ziordiarrei, baizik eta herritar guztiei eginiko kaltea: «Gertatzen ari denak arrazoia ematen die zenbait herritarri, aspaldi zalantza dutenei ea benetan birziklatzen ote diren horren kontu handiz banantzen ditugun hondakinak».

Udalak bilkura berezia egin du gaur eguerdian, eta agiri bat zabaldu dute. Udalaren arabera, hainbat herritarrek udazkenean jakinarazi zioten pabiloian arropa botatzen ari zirela. Irailaren bukaeran, Foruzaingoarekin jarri zen harremanetan udala, hori iker zezan. «Azaroaren 14an, Foruzaingoak, Ziordiko Udalak horrela eskatuta, kamioi bat gelditu zuen A-1 autobidean, egun horretan bertan erabilitako arropa bota zuen kamioia, hain zuzen ere. Foruzaingoak txosten bat egin zuen, eta gaur egun Nafarroako Gobernuko Ingurumen Sailean ari da tramitatzen».

Geroztik, Udalak egoeraren berri eman dio Nafarroako Ingurumen Sailari, eta arropa eramateko eskatu diote enpresari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.