HEZKUNTZA

Navarra Sumak Asironi leporatu dio haur eskoletan sortutako ezinegona

Fernando Sesma eta Maria Caballero zinegotziek iragarri dute «ikerketa bat» abiatuko dutela, aurreko legealdiko kudeaketa aztertu eta «erantzukizunak exijitzeko».

Maria Caballero eta Fernando Sesma zinegotziak, gaur, Iruñeko Udaletxean. JAGOBA MANTEROLA/ FOKU
Ion Orzaiz.
2020ko martxoaren 3a
12:35
Entzun

Haizagailua piztu du Navarra Sumak. Milaka pertsonak euskarazko hezkuntzaren alde eginiko manifestazioaren ostean, haur eskoletan eginiko murrizketak azaltzera azaldu dira Iruñeko Udaleko Hezkuntza zinegotzi Fernando Sesma eta Gizarte Zerbitzuetako zinegotzi Maria Caballero. Eta defentsarik onena erasoa dela dioen esaerari jarraikiz, erasora jo du koalizio eskuindarrak: egungo egoera gatazkatsua «Asironen eta bere gobernuaren kudeaketaren ondorio» dela esan dute Caballerok eta Sesmak. Are: «barne ikerketa bat» abiatuko dute, aurreko legealdian haur eskoletan eginiko zenbait aldaketarekin lotuta «erantzukizunik exijitu daitekeen ala ez» erabakitzeko.

Zehazki, Iruñeko haur eskoletako euskarazko eskaintza bi eskola gehiagora zabaldu izana —UPNren aurreko legealdietan bi ziren, eta euskarazko lerroa lau eskolatan ezarri zuen Asironen udal gobernuak 2016an— «erabaki arbitrarioa» izan zen, Sesmaren aburuz, eta «gurasoen nahiz langileen eskubideak urratu» zituen. Egungo udal gobernuak, berriz, 1999tik indarrean zegoen eredua baino are murriztaileagoa ezarri du: heldu den ikasturtetik aurrera, haur eskola bakarra izanen da euskara hutsezkoa, eta, beste batean, ikaspostuen erdiak bakarrik izanen dira euskarazko eredukoak. Hezkuntza zinegotziaren irudiko, baina, Navarra Sumak eginikoa ez da izan «eskaintzaren berregituratze bat», aurreko egoerara itzultzea baizik, «epaitegiek aginduta, betiere». Hala, kazetarien galderei erantzunez, Sesmak adierazi du egungoa ez dela berak nahi lukeen eredua: «Gustatuko litzaiguke, bai, egoera soziolinguistikoari egokitutako eskaintza egitea eta aldaketak mailaka eta lasaitasunez ezartzea, baina egungo egoera ez da guk nahi genuena: behartuta gaude epaiak betetzera, eta haur eskolen eskaintza leheneratzera».

Jangelak eta lan deialdiak ikertuko dituzte

Navarra Sumak iragarritako «barne ikerketak» dagoeneko auzibidean egon diren —eta ebatziak izan diren— zenbait punturi eragiten die; hortaz, ez dirudi ondoriorik ekar dezakeenik, eztabaida politikoaz harago. Hala ere, Maria Caballerok adierazi du argitu nahi dutela «aurreko kudeatzaileen hanka-sartzea izan ote zen, ala apropos izandako jokabidea».

Zehazki, aurreko legealdian eginiko 91 lanpostuko deialdi publikoa aztertuko dute. Navarra Sumaren irudiko, deialdi hura «diskriminatzailea» izan zen, haur eskoletan lanean zirenek «abantailak» izan zituztelako, beste hautagaien aldean: «Nafarroako Administrazio Auzietarako Epaitegiak ebatzi du eskoletan lan egiten zutenek bakarrik jakin zitzaketela ikasi beharreko 41 gaietatik 17». Bestalde, ingelesa eta gaztelania uztartzen dituen "Hello" ereduko eskoletan hezitzaileak kontratatzeko baldintzen artean ingelesezko C1 maila ezartzea «inposizioa» izan zela esan du Sesmak. Egungo udal gobernuak B1eko maila ezarri du atzera ere. Ingelesezko maila apalagoa, alegia.

Azkenik, haur eskoletako jangeletako pribatizazioa eten eta kudeaketa publikorantz urratsak egin izana ere gogor kritikatu du Hezkuntza zinegotziak, «nahieran, lizitaziorik gabe eta kontratazio araudia errespetatu gabe eginiko kontratazio apetatsua» izan zela argudiatuta.

Larunbateko manifestazioa, «manipulatuta»

Gaurko agerraldian, haserre azaldu da Caballero, iragan larunbateko manifestazioarekin: «Aurreko kudeatzaile politikoak ikusi behar izan ditugu kalean, lotsagabe, egungo udalari erantzukizunak eskatzen, errudunak gu bagina bezala. Eurek  eman beharko lituzkete azalpenak».

Kazetariek galdetuta, Caballerok berretsi du larunbatean protesta egin zuten gurasoei «erantzun bat» emanen dietela, eta ezarriko dituzten neurriak «mailaka» aplikatuko dituztela, «beharrezkoak diren baino eragozpen gehiago ez sortzeko». Hain zuzen, manifestazioa bera «manipulazio ariketa» bat izan zela gaineratu du Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak: «Gu ez gara egoera honen erantzuleak; aurkitu genuen egoera kudeatzea egokitu zaigu soilik».

Ez dute hori uste oposizioko taldeek, eta Sesma zinegotziaren jokabidea txarresteko mozio bat aurkeztuko dute heldu den osteguneko osoko bilkuran. Zehazki, haur eskolen inguruan egiten ari diren inkestari buruzko informazioa taldeei ez ematea leporatzen diote Sesmari. Gaur, Hezkuntza zinegotziak esan du «datuak eskuratu ahala» helaraziko dizkiela gainerako taldeei, «inkesta esleitzeko prozeduran ezarrita dagoen epearen barruan». Caballerok gaineratu du «asmo politiko bat» dagoela oposizioak aurkeztutako mozioaren oinarrian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.