Martxoak 8

Donostiako mugimendu feministak mobilizazioetara deitu du asteburu osorako

Asteburu osoko gune feminista bat jarriko dute Bulebarrean. Hainbat ekintza egingo dituzte auzoetan, eta manifestazio nagusia iganderako antolatu dute, Bulebarretik abiatuta.

Martxoaren 8rako prestatutako mobilizazioak aurkeztu dituzte goizean. DONOSTIAKO MUGIMENDU FEMINISTA
2020ko martxoaren 3a
19:11
Entzun

«Borroka feminista beharrezkoa da oraindik», aldarrikatu du Donostiako mugimendu feministak. Aurten ez dute grebarik egingo Martxoaren 8an, baina, azken bi urteetako irakaspenetatik abiatuta, ekintzaz betetako asteburu bat antolatu dute. Greba horiek «grebaren kontzeptua bera zabaldu eta birdefinitzeko» balio izan zuten, haien esanetan, baina nabarmendu dute greba bera «beste bitarteko bat» dela, «ez helburu bat». Horregatik, aurten ere borroka feministara batzeko deia zabalduko dute. Antolatu indarrak, batu borroka feministara! izango da mobilizazioaren leloa.

Adierazi dute ez dutela «berdintasun formalik» nahi, eta «feminismo erradikalaren aldarrikapenak» aterako dituztela kalera: «Feminismo antikapitalista, feminismo antifaxista, feminismo antikolonialista, feminismo antikapazitista, eta zapaltzen gaituen sistema ororen aurka dauden feminismoak». Gainera, erakundeek egiten duten «zuriketa moreari» egingo diote kritika.

Astebururako gune feminista bat jarriko dute Bulebarrean. «Kalea okupatuko dugu, eta adin guztietako emakume*, bollera eta trans guztiei gunera joateko gonbidapena egin nahi diegu», esan dute. Egitarau zabala antolatu dute, askotariko ekintzekin: batzuk hiri osokoak dira, eta besteak auzoetako taldeek antolatu dituzte.

Larunbat goizean hasiko dituzte mobilizazioak: gurpil gaineko martxa egingo dute Martutenetik, «espetxeetan bahituta dauden ahizpekiko» elkartasuna adierazteko. Bulebarrean bazkalduko dute gero, eta hitzaldiak eta tailerrak egingo dituzte arratsaldean.

Igande goizerako, auzo bakoitzak antolatu du bere egitaraua, eta hiru ekintza orokor egingo dituzte hiriaren erdigunean: Bortxatzailea zu zara! performancea eta martxa Alderdi Ederren, eta Gipuzkoako eraikin eta lokaletako garbitzaileen mosaikoa Portaletasen. 18:00etan, manifestazio nagusia irtengo da Bulebarretik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.