Koronabirusa

Txinako zerbitzuen sektorea atzeraldian sartu da hamalau urtean lehen aldiz

Otsailean gain behera joan da zerbitzuen sektorea neurtzen duen indizea, eta 51,8 puntutik 26,5era igaro da. Munduko Bankuak 10.750 milioi euroko funts bat baliatuko du koronabirusak ekonomian eragindako ondorioei aurre egiteko.

Bikote bat edariak hartzen Guangzhou hirian, Txinan. ALEX PLAVEVSKI / EFE
xabier martin
2020ko martxoaren 4a
11:08
Entzun

Txinan hasi zen, eta Txinan eragin du kalte gehien; ezaguna zen. Orain, COVID-19a ekonomian zer-nolako triskantza egiten ari den jakiteko datuak iristen hasi dira, eta oso kezkagarriak dira. Hamalau urtean lehen aldiz, atzeraldian sartu da Txinako zerbitzuen sektorea. Jarduera hori neurtzen duen indizea gain behera joan da otsailean, eta 51,8 puntutik 26,5era igaro da. Barne eskariak behera egin du nabarmen, eta nazioartetik iritsitako eskaria ere apaldu da. Bezero handientzat egiten diren esportazioak ere nabarmen gutxitu direla jakinarazi du Pekinek.

Jardueraren ahultze handi horrek  isla izan du enpleguan, eta kontratazioaren apaltze handiena izan da 2005. urtetik. Gainera, langileen joan-etorrien debekuak atzerapen handiak eragin ditu ekoizpen prozesuan dauden eskaeretan. Gainera, zerbitzuen jaitsiera nabarmen hori industriak nozitu duen gainbeherari gehitu zaio. 51,1 puntutik 40,3ra igaro da manufakturen indizea; inoizko markarik apalena da Pekinek datuak jasotzen dituenetik. Hala, jarduera guztiak kontuan hartzen duen indizeak, Txinako enpresen jarduera neurtzen duenak, ez du izan marka ahulagorik 2005eko azarotik.

"Koronabirusaren epidemia ekonomiari eragiten ari zaio, bistan da", esan du Zhengshen Zhong CEBM Group taldeko presidenteak. Harentzat, Txinako Gobernuak martxan jarritako pizgarriek emaitza onak ekarriko ditu industriaren arloan. Zerbitzuen enpresetan "zailago" ikusten du egoera iluna iraultzeko neurri azkarrak egotea.

Munduko Bankuaren neurriak

Txinak eskaini du birus kutsakorraren triskantzaren lehen argazki bat, eta inor gutxik jartzen du zalantzan ondorio garrantzitsuak izango direla Txinatik kanpoko ekonomian ere. Munduko gobernuak eta nazioarteko erakunde ekonomikoak hasi dira neurri bereziak hartzen. Atzo, AEBetako Erreserba Federalak ezohiko bilera egin zuen, eta interes tasak puntu erdi bat jaitsi zituen, %1-%1,25era. Banku zentralen artean lehena izan zen erantzuten. Koronabirusak AEBetako jarduera ekonomikoa eten dezakeela onartu zuen Fedek.

NDF Nazioarteko Diru Funtsak eta MB Munduko Bankuak, berriz, iragarria zuten koronabirusak ekonomia globalari eragingo dion kalteari aurre egiteko neurriak hartuko dituztela, eta Munduko Bankuak kopuru batekin zehaztu du laguntza hori. 10.750 milioi euroko funts bat prestatuko du, COVID-19ak ekonomian eragindako apaltzea orekatzen saiatzeko. "Erantzun azkar eta malgu bat emateko lanean gaude", esan du David Malpass presidenteak; "garabidean dauden herrialdeen beharretan oinarrituko da laguntza hori". Malpassek "laguntza teknikoa" aipatu du, eta "urgentziazko finantzaketa neurrien aholkularitza".

Apirilaren 17 eta 19 artean batzartuko dira Munduko Bankua eta Nazioarteko Diru Funtsa COVID-19a eragiten ari den jokaleku berria aztertzeko, baina bilera hori ez da fisikoa izango, telematikoa baizik. Birus kutsakorraren oldarraldia dela eta, euskarri hori seguruagoa dela esan dute.

Petrolioa, behera

Erakundeen hazkunde aurreikuspenak nabarmen aldatuko dituen aldagai ezatsegina ondorioak izaten ari da burtsetan eta petrolioaren salneurrian ere. LPEE Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundeak eskaintza berriro murriztea aztertuko du bihar, Vienan (Austria). Brent upela 50 dolarren langa inguruan dabil, azken astean jaitsiera nabarmena eduki eta gero. LPEE eta ekoizle independenteak ere elkartuko dira hurrengo egunean, Errusia eta Mexiko, besteak beste.

COVID-19 birusa energiaren eskaeran izaten ari den eragina izango da bileren funtsa, eta petrolioaren prezioetan nola eragingo duen aztertuko dute. Hamar urteren ondoren, eskaera hori jaitsi egingo da 2020. urteko lehen hiruhilekoan, Energiaren Nazioarteko Agentziaren arabera. Eguneko 435.000 upeleko apaltzea aurreikusi du energiaren erakunde horrek. LPEEk berak %19 apaldu du petrolio kontsumo globalari buruz egindako aurreikuspena.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.