Frankismoko krimenak

Servinik Espainiari eskatu dio argitzeko Martin Villa galdekatu dezakeen

Maria Servinik nazioarteko eskaera igorri dio Espainiako Gobernuari argitu diezaion Martin Villari Madrilen deklarazioa hartu diezaiokeen ala ez.

Maria Servini epaile argentinarra, artxiboko irudi batean. DAVID FERNANDEZ/ EFE
Edurne Begiristain.
2020ko martxoaren 5a
11:51
Entzun

Maria Servini epaile argentinarrak Rodolfo Martin Villa Espainiako ministro ohia galdekatu behar zuen martxoaren 20an, frankismoaren biktimek Argentinan jarritako kereilaren harira. Ordea, Espainiako Gobernua deklarazioaren aurka agertu zen joan den urtarrilean. Espainiako Justizia Ministerioak hartu zuen erabakia, argudiatuta ikerketa faseko deklarazioa hartzeko «modu egokiena» zela Servinik nazioarteko eskakizun bat egitea, Espainiak ez baitauka jardunerako eskumenik. Ondoren, baina, Juan Carlos Campo Justizia ministroak eta Carmen Calvo Espainiako Gobernuko presidenteorde lehenak publikoki adierazi zuten gobernuak ez diola oztoporik jarriko epaileari Martin Villa Espainian galdekatzeko.

Haatik, Kereila argentinarraren aldeko koordinakundeak gaur jakinarazi duenez, Espainiako Gobernuak ez dio oraindik erantzun ofizialik eman Serviniri. Hori hala, Argentinako epaileak nazioarteko eskakizun ofiziala igorri dio Espainiako Gobernuari Martin Villa Madrilen galdekatu ote dezakeen behingoz argitzeko.

Hain zuzen ere, Argentinako Auzitegi Nazional Kriminal eta Korrekzionalaren ikerketapean dago Martin Villa, gizateriaren aurkako krimenak egotzita. Joan den abenduaren 20an deklaratu behar zuen bertan, baina atzeratu egin zen deklarazioa. Azkenean, Servinik erabaki zuen Madrilen galdekatzea, eta hara joatekoa zen funtzionario talde batekin batera. Beste auzipetu batzuekin batera hartu behar zion deklarazioa ministro ohiari, eta epaileak ondoren erabaki behar zuen epaibidera igorri ala ez.

Koordinakundearen salaketa
Kereila argentinarraren aldeko koordinakundeak ohar batean salatu du Espainiako Gobernuak «etengabe oztopatzen» dituela bere eskaerak. «Onartezina da haren jarrera, eta Giza Eskubideen Nazioarteko Zuzenbidearen oinarrizko arauak urratzen ditu». Koordinakundearen ustez, Espainia «babesgabe» uzten ari da frankismo garaian giza eskubideak urratu zitzaizkien herritarrak. Hala, Espainiako Gobernuari exijitu dio behingoz erantzun ofiziala eman diezaiola Servini epaileari eta ahalbidetu diezaiola Martin Villa galdekatzea Argentinak Madrilen duen enbaxadan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.