Hilberria

Javier Perez de Cuellar hil da, NBEren idazkari nagusi izandakoa

1982 eta 1991 artean izan zen kargu horretan. Besteak beste, Iranen eta Iraken arteko su-etena sustatu zuen, baita El Salvadorko bake akordioak ere.

Javier Pérez de Cuellar, artxioko argazki batean. PAOLO AGUILAR, EFE
Berria
2020ko martxoaren 5a
13:21
Entzun

Javier Perez de Cuellar (Lima, 1920) hil da, bi agintalditan NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi izandakoa, 100 urte zituela; 1982 eta 1991 artean izan zen kargu horretan. Antonio Guterres NBEren egungo idazkari nagusiaren arabera, diplomazialaria «inspirazio pertsonal bat» izan da harentzat.

Guterresek gogorarazi duenez, Perez de Cuellarrek bizi osoa pasatu zuen NBErentzat lanean; erakundearen lehen Batzar Nagusian parte hartu zuen, 1946an, Peruko ordezkaritzaren diplomazialari gisa. 1982an hartu zuen idazkari nagusiaren kargua eta, besteak beste, Iranen eta Iraken arteko su-etena negoziatu zuen 1988an, eta El Salvadorko bake akordioak ere bai, 1980ko hamarkadan. Aldiz, ez zuen lortu Malvinetako gerran gelditzea.

Haren agintaldian hainbat gerra izan ziren munduan; aurrez aipaturikoez gain, Israelek Libano inbaditu zuen, 1982an, eta Afganistanen eta Kanbodian ere ugaritu egin ziren gatazkak. Elkarrizketa batean, honako hau adierazi zuen NBEz: «Nazio Batuekin dagoen arazoa da estatu kideek ez dutela erabiltzen, edo gaizki erabiltzen dutela».

1944an hasi zuen karrera politikoa, enbaxadaren idazkari gisa; lehenik Parisen, gero Londresen, eta azkenik La Pazen eta Rio de Janeiron (Brasil). Peruren Sobietar Batasuneko eta Poloniako enbaxaden buru ere izan zen 1960ko hamarkadaren amaieran eta 1970ekoaren hasieran. Etxean, 1995eko presidentetzarako hauteskundeetan lehiatu zen Alberto Fujimoriren aurka, baina ez zuen garaipena lortu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.