Bartzelona 1-0 Reala

Esku hutsik, gutxigatik

Reala parez pare lehiatu da Bartzelonarekin Camp Noun, eta epaileak VARaren bidez adierazitako penalti zorrotz baten ondorioz galdu du  Ordezkoek maila ona eman dute

enaut agirrebengoa
2020ko martxoaren 7a
22:27
Entzun

Reala esku-hutsik gelditu da Bartzelonaren zelaian. Plaza madarikatua da Camp Nou donostiarrentzat, 1995az geroztik ez baitute puntu bat bera ere urratu. Zernahi ere, modurik duinenean galdu dute. Aurrez aurre begiratu diote Bartzelonari, lotsarik gabe, eta oso gutxigatik ez dute saria lortu. Espainiako Kopako euforiak bultzatuta, ohiko joko bizi eta ikusgarria jokatu du Imanol Alguacilen taldeak. Baloia bere egin du une askotan, halakorik egitea ia ezinezkoa den zelai batean. Jabetza galtzea bekatua da Bartzelonarentzat, areago aulkian Quique Setien denetik, baina goi mailako aurkaria izan du aurrean. Azkenean, soilik VARak ikusi zuen penalti batek apurtu du oreka. Zigor handiegia izan da txuri-urdinentzat.

Benetako talde bat eraiki du Imanolek, eta neurketa horren erakusgarri da. Atseden eman die Anduvan hasieratik jardun zuten jokalarietako zenbaiti, baina aldaketek ez dute taldearen maila kaltetu; ezta hurrik eman ere. Oso lehia txukuna osatu dute, besteak beste, Barrenetxeak, Gorosabelek, Gebarak eta Portuk. Ordezkoen artean, soilik Llorentek izan ditu zailtasunak. Ulergarria da, atzelariak ia bi hilabete baitzeramatzan zelaietatik at. Lanak eman dizkio Braithwaitek, baina bestelakoan, gipuzkoarrak tinko izan dira defentsan. Etxekoak iritsi zaizkie ate ingurura, baina jo hutsez. Oso lehia deserosoa izan da Messi, Griezmann eta enparauentzat.

Realak hasieratik izerdiarazi du Bartzelona. Goian estutu du, lerroak aurrean paratuta, eta ez dio jarraitutasunik izaten utzi. Ausart jokatu dute donostiarrek baloia izateko lehian, eta baloia beti azpitik mugitzen saiatu dira. Zenbaitetan, Bartzelonaren antz handiagoa izan du, Bartzelonak berak baino. Fin aritu dira erdilariak, eta zorrotz hegalekoak. Gauza bakarra falta izan zaie Imanolenei: azken metroetan asmatzea. Sarritan iritsi dira aurkariaren area ingurura, baina gol aukerak ez dira horren usuak izan. Lehen zatiko garbiena, Portuk Ter Stegenen aurrean gutxigatik harrapatu ez duen baloi bat izan da. Gertuago izan dute gola kataluniarrek, Messi eta Braithwaiteren eskutik.

Atsedenetik bueltan, jokaldi landu eta luzeak egin ditu Realak. Desitxuratu egin du Bartzelona. Haatik, Messi edukitzea abantaila handia da. Argentinarrak bi aukera garbi izan ditu, Bartzelonaren txanda zen, eta gogor oldartu da lehia azken ordu erdian sartu ondotik. Oso tarte gutxian 1-0ekoa egiteko zorian egon dira Rakitic, bi aldiz, eta Pique. Realaren minuturik txarrenak izan dira. Ez dute luze iraun, dena den, eta neurketa ireki egin da berriro.

Patrikan puntu baliotsua izan arren, Realak garaipena nahi zuen. Gertu izan du gola, Isaken eta Odegaarden arteko bat-biko batean. Suediarrak jaurtiketa desbideratu batekin amaitu du jokaldia, norvegiarra penalti puntuan bakarrik zela. Hortik gutxira, bertan ipini du baloia Messik, epaileak Le Normanden eskua adierazi du area barruan. Ez du zuzenean ikusi, VARaren laguntzaz baizik. Erabaki zorrotza izan da. Gainera, jokaldiaren hastapenean jokoz kanpo egon zitekeen Vidal, Messik ez du hutsik egin, eta Bartzelonan gelditu dira puntuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.