Traktoreek errepideak hartu dituzte

Berrehun traktore baino gehiago elkartu dira Gasteizen, lehen sektorearen etorkizuna bermatzeko eskatzeko. A-1 errepidea oztopatu dute hamar minutuz.

Traktoreak, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean. RAUL BOGAJO (FOKU)
aitor biain
2020ko martxoaren 12a
15:42
Entzun

Traktoreek, lursailak utzi, eta Gasteizko kale eta errepideak hartu dituzte. UAGA sindikatuak deituta, Arabako ehunka nekazari eta abeltzainek A-1 errepidea hartu dute eguerdian, protesta gisara. Etorkizunaren aldeko aldarri ozena egin dute beste behin ere, eta mezu argi bat helarazi nahi izan diete erakundeei eta enpresei: «Soka hausten ari da». Ohartarazi dute lehen sektorea arriskuan dagoela prezioaren jaitsieraren, kostuen garestitzearen eta erreleborik ezaren ondorioz.

Goizean goiz hasi dute mobilizazioa. Bi zutabe eratu dituzte hiriaren alde banatan: Jundizko industrialdetik abiatu da aurrenekoa, eta Buesa Arenako aparkalekutik bigarrena. Guztira, berrehun traktore inguru batu dira. Nor bere bidetik abiatu da A-1 errepidera. Ertzainen babespean egin dute bide guztia, klaxona behin eta berriz jotzen zuten bitartean. «Nekazariak borrokan» zioen pankartak zabaltzen zuen dozenaka traktoreen ilara luzea. Trafikoan hainbat eragozpen eragin dute eguerdian, errepide nagusira iritsi direnean hain zuzen: ia bi orduz A-1 errepidearen noranzko bakoitzean lerro bat okupatu baitute traktoreek. Are gehiago nahasi dira gauzak bi lerroak hamar minutuz okupatu zituztenean. Ez da inolako istilurik izan, hala ere. 

Errepide nagusia utzi, eta erdigunera abiatu da protesta jarraian. Forondako Atea hiribidean dozenaka lagun batu zaie manifestaziora, oinez, «Nekazaritzaren eta abeltzaintzaren etorkizunaren alde» zioen kartelari helduta. Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean amaitu dute protesta. «Etorkizun beltza dugu», adierazi du Javier Torre UAGAko lehendakariak. «Prezioak kostuen azpitik daude: Esnearen eta zerealaren prezioa, esaterako, duela 35 urtekoaren bera da. Bizitza, aldiz, nabarmen garestitu da. Dena dago garestiago. Ezin diogu honi eutsi». Arabako laborarien protestak ez dira bakanak; aitzitik, testuinguru orokorrago batetik datoz. Orain hiru aste Iruñean ere mobilizazio jendetsuak egin zituzten Nafarroako laborariek, eta gehiago ere iragarri dituzte datozen egunetarako.

Espainian, olioaren krisiak piztu zituen lehen sektorearen protestak. Euskal Herrian, Arabari dagokionez, erremolatxa da mobilizazioen arrazoietako bat. «Erremolatxa ekoizpen handietako bat izan da azken urteetan Araban, patatarekin batera. Baina gain behera doa orain», esan zuen Torrek. Nabarmen jaitsi da ekoizpena, eta egun, nekazariek zalantza dute landatzen jarraitu ala ez. «Ezin dugu erremolatxa ekoizten urte gehiago iraun kostuen prezioaren azpitik», nabarmendu du Torrek.

Iritzi berekoa da Javier Ortiz de Urruño ere. «Egoera gero eta zailagoa da» dio. Zereala, patata eta erremolatxa ekoizten ditu Arangizeko nekazariak. «Erremolatxaren ekoizpena %30 inguru jaitsi da Araban azken urteetan. Azukrearen merkatuaren menpe dago; beraz, prezioak gorabehera handiak izaten ditu». Nekazariak azaldu du erremolatxa tonako bi euroko tartea dagoela landatzen jarraitu ala ez erabakitzerakoan. «Egoera aldatu ezean, zaila dugu irautea».

Erremolatxarena ez da arrazoi bakarra, hala ere. Nazioartetik datozen mehatxuez kezka adierazi dute nekazariek eta abeltzainek ere. Brexit-aren ondoren, Europako Batasuna negoziatzen ari den Nekazaritza Politika Bateratua da horietako bat, hain zuzen. «Damoklesen ezpata da. Badakigu aurrekontua jaitsi egingo dela, eta murrizketa gehiago ezarriko dituztela», adierazi du UAGAko lehendakariak. Donald Trumpen gobernuak ezarritako muga zergak ere kezka iturri dira. Ortiz de Urruñok adierazi du, hain zuzen, ezinezko zaiela horiek ordaintzea. «Herrialde handiekin ezin gara lehiatu. Ezin dugu borroka horretan iraun, gu baino merkeago ekoizten dutelako. Zerga horiek ezin ditugu ordaindu, ondorioz».

«Ez dago ilusiorik»

Esnearen sektoreak izan ditu garai okerragoak, baina oraindik ere «bizitzeko justu» ematen duela salatu du Gaizka Landa abeltzainak. Jatorrian kobratzen duten salneurri apal horiek irudikatu nahian, bi esne marmita bota dituzte Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean, protesta amaitu bezain laster, hain justu.

Landak 25 urte baino ez ditu, eta kezkaz begiratzen dio sektorearen etorkizunari. «Lan asko egin behar da, eta lan horren ordainetan diru gutxi jasotzen dugu». Etxetik jaso du lanbidearen erreleboa berak, baina aitortu du egungo gazteentzat ez dela erakargarri lehen sektorea. «Nik txikitatik ezagutu dut bizimodu hau, eta ohituta nago. Baina ez da erraza, eta sektorearen egoera ikusita, etorkizun zaila dugu».

Erreleborik ezaz kezka adierazi du Ortiz de Urruñok ere. «Inbertsio handiak egin behar dira, eta kostuak gero eta garestiagoak dira. Aldiz, produktuen salneurriek geldirik daramate urteak. Ez dago ilusiorik honetan jarraitzeko». UAGAko lehendakariak ere bat egin du salaketarekin, eta ohartarazi du sektorearen etorkizuna bermatzea «gizarte osoaren ardura» dela. «Nekazari eta abeltzainon inguruan jende asko ari da lanean, eta, gu erortzen bagara, haiek ere eroriko dira». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.