Artea

William Kentridge artistaren bideo alkimikoak bildu ditu Guggenheim museoak

Artista hegoafrikarrak 2003an sortutako zuri-beltzeko hiru bideo lanek osatzen dute erakusketa. Sortzailearen ibilbidean "mugarri" dira hiru lanak, antolatzaileen hitzetan.

Haibat bisitari Bilboko Guggenheim museoak William Kentridge artistaren lanei eskainitako erakusketan. ARITZ LOIOLA/FOKU
Inigo Astiz
2020ko martxoaren 12a
16:37
Entzun

Berez geldi dauden irudiak mugimenduan jartzea. Diziplinaren oinarrizko definiziotik beretik dago zinemagintza magiatik eta alkimiatik gertu, eta, hain zuzen ere, kutsu magiko eta alkimiko hori dute oinarri Bilboko Guggenheim museoan ikusgai jarri dituzten William Kentridge artista hegoafrikarrak (Johannesburgo, 1955) sortutako hiru bideo lanek. Zuri-beltzekoak dira guztiak, eta denak dira 2003an sortukoak, baina sortzaileak lortzen du guztiei zinemagintzaren hasiera garaiko aire aldi berean baldar eta ameskoi hori ematea, Manuel Cirauqui izan da erakusketako komisarioa, eta, azaldu duenez, sortzailearen lau hamarkadako lanean «mugarri» dira Bilbora ekarri dituzten piezak. «Dena airean desegin dela dirudien sasoiotan, Kentridgek gogorarazten digu eskuek eta gorputzek sortzen dituztela irudiak, eta bere lanak zuzenean konektatzen dira irudien eskulangintzaren sustratuarekin». Berez, ekainaren 14ra arte da zabalik egotekoa instalazioa Film & Video aretoko hormetan, baina, koronabirusaren hedapenaren ondorioz, paradoxikoki, musoeoaren itxieraren mamua airean dabilela egin behar izan dute irekierako aurkezpena prentsarentzat. Berriz ere magia eta alkimiatik gertu, beraz, bai bailiteke inor gutxik ikusiko dituen irudiak izatea ikusgai jarri dituztenak.

Georges Melies zinemagileari egindako omenaldi moduko bat ere badira Kentridgeren lanak. Hura izan zen zinema dokumentalaren teknikak fikziozko kontakizunak sortzeko baliatu zituzten lehen sortzaileetako bat, eta haren aipamen esplizitua dakarte horregatik Bilbora ekarri dituzten Kentridgeren hiru bideolanetako bik. Esate baterako, Zazpi atal Georges Meliesentzat deitzen da zazpi pantaila bereizitan proiektatzen den ikus-entzunezko zazpi pieza laburreko lana, eta Ilargiarako bidaia du izena beste obretako batek. Meliesen titulu bereko film ezagunari egiten dio keinu azken horrek, eta lan horretan ikusten da argien artistak zinemaren aitzindari hura omentzeko izan duen asmoa, besteak beste, ilargira heltzen den kafe makina batekin erreplikatzen baitu Meliesen pelikulan ilargiaren begian iltzatzen den espaziontziaren eszena ikonikoa. Phillip Miller konpositoreak pieza horrentzat propio sortutako musika darama lanak, eta Meliesen unibertsoaren oihartzuna zabaltzen du areto osoan haren pianoaren doinuak ere.

[youtube]https://youtu.be/ZNAHcMMOHE8[/youtube]

Hain zuzen ere, zinema primitiboa, hastapenetako argazkigintza eta sasoi hartako prozesu «ia alkimikoak» aipatu ditu komisarioak Kentridgeren erreferentzien artean. Eta horregatik Meliesen aipamen zuzena ere haren lanetan. Gainera, hark baliatutako teknika berak darabiltza artista hegoafrikarrak ere bere bideoetan. Adibidez, atzekoz aurrera ikus daitezke liburura hegan itzultzen lurrera eroritako orriak. Eta etengabea da magia kutsu hori gainerako lanetan ere. Beste bideo batean, esaterako, artistak paper gainean arkatzez marrazten du bere erretratua, eta lana bukatu ostean, planotik alde egiten duen unean, marrazkia zena hezur-haragizko bilakatzen da, eta paperetik oinez aldentzen da hura ere.

Estudioan egunerokoan erabilgarri zaizkion materialak baliatzen ditu horretarako sortzaileak beti. Kafea. Kikarak. Trapuak. Eta joera horren muturreko adibidea da erakusketako hirugarren bideoa: Eguna gauaren ordez izenekoa.

Inurriak marrazkilari

Egun batez, estudioa inurriz betetzen ari zitzaiola ohartu zen artista, baina haien aurka egin beharrean, animaliak ere bere filmen parte bilakatzea erabaki zuen, eta, kasu honetan, Kentridgek orri gainean utzitako azukre lorratzei segika dabiltzan intsektuek osatzen dituzte bideoko marrazki bizidunak. Zuri-beltzean filmatuta dago lan hori ere, baina Meliesek filmen negatiboetan beltza zuri bilakatzeko esperimentua darabil artistak. Horregatik, zuri ikusten dira hondo beltzaren gainean pantailan batetik bestera dabiltzan inurriak.

Bideoak ez dira birtuosismo ariketa hutsa, ordea. Cirauquik dioenez, sakon errotuta dago Kentridgeren lana Hegoafrikako historia garaikidean. Izan ere, apartheidaren aurka aritutako abokatuak zituen gurasoak, eta artista ere mugimendu horren parte izan zen gaztetan. Komisarioaren hitzetan, Bilbon ikus daitezkeen lanetan ere igar daitezke bidegabekeria horiei buruzko aipamenak. Hori da, adibidez, Ilargirako bidaia bideoan artistak irudikatzen dituen giza figuren kasua, artistaren sorterriak bizi zuen arrazakeria sistemikoari egiten baitiote erreferentzia, Cirauquiren hitzetan.
 

Itxieraren mamua

Koronabirusaren eragina nabarmena izan da azken egunetan Bilboko Guggenheim museoan. Juan Ignacio Bidarte museoko zuzendariak onartu duenez, aurreko hilabeteetan ere bertan behera gelditu dira Koreatik, Japoniatik eta beste hainbat herrialdetatik etortzekoak ziren hainbat talderen bisitak, baina azken astean igarri dute beherakada nagusia. Asteartetik aurrera argi, eta azken egunetan nabarmen. Kentridgeri eskainitako erakusketaren aurkezpenean, esaterako, museoko langileak besterik ez ziren ikusten elkarrekin hizketan, museoaren erdialdeko erraldoi hutsean, eta antzekoa izan da egoera gainerako aretoetan ere. Bizpahiru pertsona baino ez sarreren gunean ticketak erosten, eta bisitari bakar bat ere ez irteerako dendan.

Eusko Jaurlaritzak zer erabakiko zain daudela esan du Bidartek, baina hainbat ekitaldi jadanik bertan behera utzi dituzte. Hori da, adibidez, ostiralero egiten duten Art After Dark kontzertu zikloko biharko emanaldiaren kasua. Eta ziurrenera programatuta zeuzkaten ekitaldi gehiago ere utzi beharko dituzte bertan behera hurrengo egunetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.