Frantziak ere konfinamendua agindu du

Herritarrei etxean geratzeko eskatu die Frantziako presidenteak. Espainiak muga itxi du gauerdian. Lanera doazenak eta salgaiak soilik utziko dituzte pasatzen Hegoaldearen eta Iparraldearen artean. Europako Batasunak kanpo mugak itxi nahi ditu bihar. Industriara ere iritsi da koronobirusaren eragina, eta Mercedesek, CAFek, Volkswagenek, Michelinek eta Irizarrek lantegiak itxiko dituzte egun batzuetarako. Eta bertan behera gelditu dira Eusko Legebiltzarrerako apirilaren 5eko bozak eta Ipar Euskal Herriko herriko bozen bigarren itzulia. Abalos Espainiako Mugikortasun ministroak esan du hamabost egun baino gehiago iraungo duela alarma egoerak.

Irun eta Hendaia arteko muga, pasa den udan, G7aren bileran. /
Irun eta Hendaia arteko muga, pasa den udan, G7aren bileran. / Jagoba Manterola/Foku Tamaina handiagoan ikusi

Berria -

2020ko martxoak 16

* Alarma egoera ezarrita, Espainiako Gobernuak herritarren mugimendu askatasuna mugatu du.

* Herriko bozen bigarren itzulia bertan behera utzi du Macronek.

* 1.007 kasu atzeman dituzte Euskal Herrian, eta hildakoak 38 dira denera.

* Arabak Europako intzidentzia tasarik handienetakoa du.

* Noiz atera ahal izango da etxetik? Garraio publikoetan zer neurri hartuko dira? Hemen erantzunak.

* Prebentzio neurri batzuk eta higieneari lotutako aholkuak bildu ditu BERRIAk.

* Koronabirusari buruzko erreportaje, kronika eta elkarrizketa hautatuak.

 

Zuzeneko kontakizuna

20:43

Mugak ixten

Kanadak, Errusiak, Costa Ricak ere mugak ixtea erabaki dute. Europako Batasunak bihar erabaki dezake bere kanpoko mugak ixtea.

Aurrez, Alemaniak eta Portugalek ere erabaki zuten mugak ixtea, eta Austriak Italiarekin duen muga ere itxi zuen.

20:27

Bizkaibuseko erabiltzaileen kopurua %60 jaitsi da astelehen honetan. AP-8an %20 murriztu da zirkulazioa, eta Supersurrean, %40.

Mikel P. Ansa

Mikel P. Ansa

19:48

Hiru isun, Donostian

Donostiako Udaltzaingoak salaketa jarri die gaur etxean geratzeko agindua bete ez duten hiru herritarri eta ateak itxi ez dituen kafetegi bati. Errotaburuko kafetegi batek uko egin dio ixteari, udaltzainek ohartarazi arren, eta baliteke 600 euroko isuna jasotzea. Hiritar bati isuna jarri diote korrika egitegatik, beste bati Zurriolako hondartzara jaisteagatik, eta, azkenari, han bainatzeagatik.

19:11

Sendatuta ere, bi astez kutsagarri

COVID-19aren sintomak atzean utzi dituztenek ere gaitza kutsatzen jarrai dezakete beste bi astez, Osasunaren Mundu Erakundeak ohartarazi duenez. Nazioarteko erakundeko zuzendari nagusi Tedros Adhanom Ghebreyesusek sendaturikoei eskatu die jarraitzeko bakarturik beste 14 egunez.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

18:47

Koronabirusak 2.158 pertona hil ditu dagoeneko Italian

Azken orduetan beste 349 pertsona hil ditu COVID-19 gaitzak Italian. Dagoeneko 2.158 dira hildakoak. Txinaren ondoren, Munduko kasu kopururik handiena du Italiak: 23.073, igandean baino 2.470 gehiago. Denera, 27.980 pertsona kutsatu dira. Horietako 2.749 sendatu egin dira dagoeneko.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

18:19

Lan erregulazio espedienteak errazteko neurriak eskatu ditu Confebaskek

Aldi Baterako Lan Eregulazio Espedienteak azkarrago eta errazago egin ahal izateko neurriak eskatu ditu Araba, Bizkaiko eta Gipuzkoako Konfebask patronalak. Horrez gain, lanera joaterik ez duten gurasoentzat ordain bat proposatu dute, Gizarte Segurantzak ematekoa, kotizazioak atzeratzea edo kentzea eta zerga batzuk ordaintzeko epea sei hilabetez atzeratzea.

17:57

New Yorken dagoeneko 950 kasu atzeman dituzte, eta zazpi pertsona hil dira. AEBetako kasu kopururik handiena du New Yorkek.

17:52

DIA kateak Bizkaian dituen hamabi supermerkatuak ixteko eskatu diote ELAk eta LABek Lan Ikuskaritzari. Kateak saltoki gehienetan langileak koronabirusaren aurkako inongo babesik gabe dituela salatu dute sindikatuek.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

17:11

Espainiak mugak itxiko ditu gauerdian

Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroak esan du lurreko mugetan kontrolak ezarriko dituztela, gauerdian hasi eta alerta egoera bukatu arte. Espainiako Estatuaren menpeko lurretara igarotzeko mugak pasatu ahalko dituzte soilik Espainiako herritartasuna dutenek, Espainiak Estatuaren menpeko lurretan bizi direnek, lanerako muga igaro behar dutenek eta ezinbesteko arrazoiak aurkezten dituztenek.

Andoni Imaz

Andoni Imaz

16:42

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria prentsaurreko bat ematen ari da, alderdiekin Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak atzeratzea erabaki ondoren: «Biziki eskertzen dut euskal alderdiek erakutsitako jarrera. Konpromisoaren eta sendotasunaren seinale».

16:32

Nafarroako Parlamentuak eraikina itxiko du 17:30ean, eta zerbitzu guztiak etengo ditu hilaren 29ra arte, itxialdia apirilaren 13ra luzatzeko aukerarekin. Jarduera guztiak bertan behera utzi dituzte, eta langileek telelana egingo dute.

16:20

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak eten egin ditu administrazio prozedurak: 2020ko enplegu publikorako eskaintzak eskatzeko epeak, ikuskaritzako bigarren azterketa, hautagaien zerrendaren birbaremazioa, lekualdatze lehiaketa, plan berezien lehiaketak eta hezkuntza itunen eskaera.

Gainontzean, adierazi dute hezitzaileek etxetik egingo dutela lan —zentroaren baimena baldin badute—, lantokiko praktikak eten egingo dituztela —orduen kopurua berreskuratuko dute—, eta unibertsitateaz kanpoko etapetako irakasleei zuzendutako Amarauna plataforma semantiko berria aurkeztu dute.

Andoni Imaz

Andoni Imaz

16:04

Garraio publiko guztia martxan

Bilboko metroak, Euskotrenen linea nagusiak, Gasteizko tranbiak eta Bilboko, Donostiako eta Gasteizko autobus publikoek %100eko zerbitzua izango dute lanegunetan. Eusko Jaurlaritzako Garraio Agintaritzak eman du horren berri, gaur, puntako orduetan, ezin izan dituztelako Segurtasun Sailak jarritako neurriak bete, zerbitzuak %40 eta %60 artean murriztu dituztelako.

Andoni Imaz

Andoni Imaz

15:57

Italiako Gobernuak 25.000 milioi euroko laguntza emango die enpresa eta familiei

Koronabirusaren izurriaren kalteak arintzeko, 25.000 milioi euroko lehen dirutza ematea onartu du Italiako Gobernuak. Denera, 350.000 milioi mugituko dituela agindu du Erromak. Laguntzak "kalteturiko enpresei zein familiei" emango dizkietela esan du Giuseppe Conte Lehen ministroak. 3.500 milioi osasun publikora eta babes zibilera joango dira, eta beste 10.000 langabe eta autonomoentzat aurreikusi dituzte.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

15:47

Galizian ere atzeratu egin dituzte apirilaren 5ean egitekoak ziren hauteskundeak; hala erabaki dute Galiziako Gobernuak eta alderdiek. Egun horretan egiteak «ez luke zentzurik», gobernuko iturriek diotenez.

Andoni Imaz

Andoni Imaz

15:36

Osakidetzak eskatu du Arabatik ez deitzeko koronabirusari buruzko informazoa jaso eta emateko jarri zuen telefono zenbakira. Horren ordez, nork bere osasun zentrora deitu beharko du. Bizkaian eta Gipuzkoan telefono hori erabiltzera dei egin dute: 900-20 30 50. Nafarroan: 948-29 02 90. Eta Ipar Euskal Herrian: 15.

15:24

ELA-k "funtsezkoak ez diren jarduera guztiak geldiaraztea" eta "kaltetuentzat prestazioak" eskatu ditu

Enpresek eta administrazioek "lan egitera behartuta dauden pertsonen osasuna bermatu" behar dutela adierazi du ELA sindikatuak, ohar baten bidez. Horretarako kontratazio gehiago, prebentzio-planak eta zaintza zerbizuak eskatu ditu. Madrilen larrialdi dekretuaren "izaera zentralizatzailea" salatu du, eta "funtsezkoak ez diren jarduera guztiak" gelditzeko eskatu du. "Inkoherentzia handia baita etxeetan konfinamendua dekretatzea, baina lanpostuetara ateratzeko betebeharrari eustea kutsatzeko arriskua oso handia dela jakinda ere".

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

15:17

Gasteizek ez bezala, Donostiak mantendu egingo du autoentzako TAO zerbitzua, «ibilgailu pribatuak gehiago mugitzea eragozko» koronabirusaren pandemiak iraun artean.

15:09

"Erabaki zorrotzagoak" eskatu dizkio Arnaldo Otegik Jaurlaritzari, Twitterren zabalduriko mezu batean.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

14:49

Entrenamendu saioak bertan behera utzi dituzte Athleticek eta Bilbo Basketek

Athleticek bertan behera utzi ditu bere bi lehen taldeen entrenamenduak, hau da, emakumezkoenak zein eta gizonezkoenak. "Aldi baterako" hartu dute neurria. Bilbo Athleticen saioak ere eten dituzte. Gauza bera egin du Bilbo Basket taldeak.

14:48

Torrak, positibo

Quim Torra Kataluniako Gobernuko presidenteak positibo eman du koronabirusean. Pere Aragones presidenteordeak ere atzo esan zuen kutsatuta dagoela.

Andoni Imaz

Andoni Imaz

14:37

Katalunia erabat konfinatzeko erabakia hartu du Generalitateak

Kataluniako Generalitateak herrialdeko herritarrak "erabat konfinatzeko" erabakia hartu du. Madrili eskatu diote neurria onartzeko, larrialdi egoeran harena baita eskumena.
"Ez da unea aldarrikapen abertzaleak egiteko, benetako neurri eraginkorrak hartzeko ordua da, Kataluniako Gobernuak egin duen bezala" esan du Miquel Buch Barne sailburuak.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

14:22

Jaurlaritza, Legebiltzarra eta Arabako Aldundia, itxita

Eusko Jaurlaitzak egin duen bezala, Arabako Foru Aldundiak herritarrak artatzeko lekuak itxi ditu gaur. Aurrez aurreko izapideak bakarrik hitzorduarekin onartuko dituzte, eta gauza larrietarako. Eusko Legebiltzarra martxoaren 29ra arte itxi dute, luzatzeko aukerarekin. Bakarrik Diputazio Iraunkorreko kideak sartu ahalko dira. Arabako Batzar Nagusiek bilkurak eten dituzte, larrialdi egoera altxatu arte.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

14:13

Adinekoak etxean zaintzeko zerbitzuak indartuko dituzte Gasteizen

Gasteizko Udalak eta Arabako Diputazioak iragarri dute indartu egingo dituztela adinekoak euren etxeetan aintzeko zerbitzuak. Menpekotasunak dituztenei laguntzen aritzen ziren zerbitzu horiek, haiek garbitzen eta etxeko lanak egiten, esaterako. Aldundiak adostu duenez, orain lagundu egingo diete behar dutenei etxetik ateratzen botikak edo bestelakoak erostera.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

13:10

38 hildako Euskal Herrian

Nafarroako Gobernuak baieztatu du beste pertsona bat hil dela gaitzarekin. Denera, bi lagun hil dira lurraldean, eta 38 Euskal Herrian.

Andoni Imaz

Andoni Imaz

12:57

Birusarekin kutsatutakoen datu berriak jakinarazi ditu Eusko Jaurlaritzak: Araban 444 pertsona daude kutsatuta, atzo baino 35 gehiago; Bizkaian 194, 36 gehiago; eta Gipuzkoan 89, 26 gehiago. Euskal Herrian, mila pertsonak baino gehiagok eman dute positibo.

Andoni Imaz

Andoni Imaz

12:48

Bederatzi hildako atzotik

Koronabirusarekin hildakoen kopuruak gorakada handia izan du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: hamalau pertsona gehiago hil dia; bederatzi, Gasteizen. Denera, 37 lagun hil dira gaitzarekin Euskal Herrian.

Andoni Imaz

Andoni Imaz

12:43

Osakidetzaren kontsultak, bertan behera

«Osasunerako arriskua» eragiten ez den guztietan, aurrez aurreko kontsulta guztiak bertan behera utzi ditu Osakidetzak. Haurdunaldian dauden emakumeen kontsultak eta onkologiakoak mantenduko dituzte. Miguel Sanchez Fernandez Plangintza zuzendaria azalpenak ematen ari da Lehendakaritzan.

Jon O. Urain

Jon O. Urain

12:38

Apirilaren 5ean egitekoak ziren Eusko Legebiltzarrerako bozak atzeratzea erabaki dute Urkullu lehendakariak eta bozetara aurkeztutako hautagaitza nagusien ordezkariek.

Enekoitz Esnaola

Enekoitz Esnaola

12:00

Emmanuel Macronek agerraldi bat egingo du 20:00etan. Europako hainbat bururekin bildu da eta «erabakiak» behar direla esan du.

Jon OrdoƱez Garmendia

Jon OrdoƱez Garmendia

11:14

Gasteizko Udalak bertan behera utzi du TAO ibilgailuen aparkalekua arautzeko sistema. Ez dute zehaztu noiz arte.

10:22

Mercedeseko langile batzordeak eten egin du ekoizpen katea. Hamargarren lerroa itxi dute protesta egiteko; hortik irteten dira furgonetak. Enpresak gaur erabakiko du Gasteizko lantegia —Euskal Herriko handiena— itxiko duen ala ez, baina langile batzordeak Ertzaintzari deitu dio, erakusteko ez dituztela segurtasun neurriak betetzen.

Andoni Imaz

Andoni Imaz

10:01

Hamabost egun baino gehiago

Jose Luis Abalos Espainiako Garraio eta Mugikortasun ministroak segurutzat jo du haren gobernuak dekretatu duen alarma egoerak hamabost egun baino gehiago iraungo duela. RNE irrati katean egindako elkarrizketa batean esan du «agerikoa» dela herrialdeak ez duela «bataila irabazteko ahalmenik» denbora tarte horretan.

Andoni Imaz

Andoni Imaz

09:20

CAF ere itxita

CAFeko LABek jakinarazi duenez, gaur, bihar eta etzi itxi egingo dute enpresa, eta langileek hiru egun horiek errekuperatu egin beharko dituzte. Bertan behera geratu dira telelanez egin ezin diren lan guztiak. Hiru egun horietako orduak errekuperatu egin beharko dituzte langileek. Enpresak jakinarazi die sindikatuei datorren astean egoera mantenduz gero, aldi baterako lan erregulazio espediente bat zabalduko duela, langile batzordearekin baldintzak adostuta.

Jon OrdoƱez Garmendia

Jon OrdoƱez Garmendia

08:49

Euskal Herriko Itzulia, bertan behera

UCIk erabaki du arrisku tokietan probarik ez jokatzea eta ondorioz bertan behera geratuko dira Euskal Herriko Itzulia eta Miguel Indurain Sari Nagusia. Atzo eman zuen horren berri. Itzuliaren jakinarazpen ofiziala falta da oraindik.

Jon OrdoƱez Garmendia

Jon OrdoƱez Garmendia

08:23

Gaurtik aurrera Araban norberak bere osasun zentrora deitu beharko du koronabirus sintomak izanez gero. Gipuzkoan kontsula ia guztiak bertan behera geratu dira, eta jendeari eskatu diote etxean geratzeko.

Jon OrdoƱez Garmendia

Jon OrdoƱez Garmendia

08:21

Ormaiztegiko Irizar enpresak ohar batean zehaztu duenez, hiru eguneko geldialdi tekniko bat egingo du «kooperatibako langileen osasunarentzako arriskua gutxituz lan erritmoa mantendu ahal izateko estrategiak kudeatzeko». Hiru egun horietako ordainsaria ezohiko paga batetik kenduko zaie langileei.

Jon OrdoƱez Garmendia

Jon OrdoƱez Garmendia

07:54

Espainiako Gobernuak atzo gauean iragarri zuenez, osasungintza pribatuaren instalakuntzak autonomia erkidegoen aginduetara utziko dituen hiru agindu argitaratuko dituzte, "euren irizpideen arabera erabil ditzaten".

Jon OrdoƱez Garmendia

Jon OrdoƱez Garmendia

07:48

Gaur goizeko 10:00etan Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria alderdietako ordezkariekin bilduko da apirilaren 5eko hauteskundeen atzerapena aztertzeko. Herriko bozetan atzo hiri handietan, Baionan eta Angelun, abstentzioa %60tik gorakoa izan zen.

Jon OrdoƱez Garmendia

Jon OrdoƱez Garmendia

07:34

Bi aste izango dira, hasteko. Izan ere, zihurgabetasuna da nagusi datozen egunetan gertatuko denaren aurrean. Koronabirusaren sintomak kutsatu eta bi aste agertzen dira. Epe hori pasatzen denean ikusiko da benetan zer tamaina duen arazoak eta hortik aurrera ikusiko da orain hartzen ari diren neurriek zenbat eragiten duten.

Jon OrdoƱez Garmendia

Jon OrdoƱez Garmendia

07:16

Gaur Euskal Herri osoko ikastetxean egongo dira itxita. Herrialdez herrialde, bat bestearen atzetik itxi dituzte. Ostegunean Araban, ostiralean Bizkaian eta Gipuzkoan, eta gaur Nafarroa Garaia eta Beherean, Lapurdin eta Zuberoan.

Jon OrdoƱez Garmendia

Jon OrdoƱez Garmendia

07:11

Ezohiko astea hasi da Euskal Herrian. Asteburua, eta batik bat atzo, etxean egoteko agindua jaso ondoren, milaka dira gaur lanera joan behar dutenak. Jende asko etxetik lanean hasi da. Michelin, Volkswagen eta Irizar, berriz, itxi egin dituzte.

Jon OrdoƱez Garmendia

Jon OrdoƱez Garmendia


Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

<b>Konfinamendua.</b> Baionako karrikak hutsik, eta dendak itxita konfinamendu garaian. ©BOB EDME

Larunbatetik aitzina dendak irekiko dituzte Iparraldean

Maria Ortega Zubiate - Oihana Teyseyre Koskarat - Paulo Ostolaza

Jatetxeak ez dituzte urtarrilaren 20a aitzin zabalduko, baina ostatuentzako eperik ez dute eman. Madrilek aurreratu du etxeratzeko orduei eutsi nahi diela Eguberrietan
Osasun krisiak nabarmen okertu du elbarritasunen bat duten pertsonen bizi kalitatea. ©LUIS JAUREGIALTZO/ FOKU

Malkartsuago egin zaie bidea

Edurne Begiristain

Izurriaren bigarren olatuak areagotu egin ditu urritasunen bat duten pertsonen arazoak, oztopoak eta premiak. Koronabirusak Ā«mendekotasunĀ» handiagoa sortu die, eta bizi kalitatea Ā«okertuĀ». Egoitzetan dauden mendeko pertsonak Ā«salbuespen egoeranĀ» bizi direla ohartarazi dute.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna