Migratzaileak

Frontex misioa indartu du Europak Greziako mugan

Segurtasun indarretako ehun kide gehiago bidali dituzte Turkiarekiko mugara migratzaileen sarrera eragozteko. Horiekin 500 dira muga zaintzen ari diren nazioarteko indarrak.

Migratzaileak Edirnen, Greziara bidean. TOLG BOZOGLU, EFE
arantxa elizegi egilegor
2020ko martxoaren 13a
13:15
Entzun

Greziako Gobernuak eskatuta, eta Turkiak mugak zabaldu izanari erantzuteko, Europako Batasunaren mugak «zaintzea» helburu duen Frontex misioa indartu du Bruselak. Hala, beste ehun militar bidali dituzte Grezia eta Turkia arteko mugara, migratzaileen sarrera eragozteko. «Europako segurtasun, askatasun eta justizia eremua babestea denon betebeharra da, horregatik bidali dituzte beste ehun agente Greziako mugara», adierazi du Fabrice Leggeri misioko idazkari nagusiak.

Hilabete hasieran izan ziren Grezian Europako Batzordeko buru Ursula von der Leyen eta Europar Kontseiluko presidente Charles Michel. Biek salatu zuten Turkiako gobernuak mugak irekitzearekin sortutako «krisia» eta iragarri zuten 700 milioi euroko funtsa sortuko zutela mugen kontrola bermatzeko. Orain, misioa indartuta, EBko 500 agente arituko dira Greziako segurtasun indarrekin batera lanean.

Leggerik nabarmendu duenez, mugako segurtasuna indartzekoa «gakoa» da agente gehiago bidaltzeko erabakia, eta gogorarazi du helburua dela 2027rako 10.000 agente aritzea EBren mugak zaintzen. «Indar horiek mugako kontrolak egiteko, migratzaileak deportatzeko, eta, behar izanez gero, armak erabiltzeko eskumena izango dute, betiere, estatu kideen onespenarekin».

Alan Kurdi

Turkiako auzitegiek 125 urteko kartzela zigorra ezarri diete Alan Kurdi haurraren heriotzarekin lotuta atxilotutako hiru trafikatzaileri. Hiru urteko haurra eta haren familia Turkiako Greziako Kos uhartera heltzen ahalegindu ziren 2015ean, baina ontzia irauli egin zitzaien, eta bost lagun hil ziren, itota. Migratzaileek bizi izan zuten egoera gordinaren erakusgarri bilakatu zen itotako haur haren irudia.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.