Arabako enpresak hasi dira kalteak zenbatzen, eta hamalau dira guztira Euskal Herrian

SEA patronalaren arabera, fakturazioaren %25 galdu du lautik batek. Ostalari guztiek izan dituzte galerak.

Kaleak hutsik Gasteizen, gaur goizean. JON RODRIGUEZ BILBAO / EFE
Iker Aranburu.
2020ko martxoaren 13a
13:25
Entzun

SEAk azterketa bat egin du Arabako 250 enpresaren artean koronabirusari aurre egiteko neurriak zer-nolako ondorio ekonomikoak izaten ari diren jakiteko. Emaitzak, noski, txarrak izan dira. Hamarretik zortzik aitortu dute eragin diela, eta %23k diote kalte «garrantzitsuak» izan dituztela.

Ostalaritzak izan du orain arte kalterik handiena. Jatetxe, taberna eta hotel guztiek aitortu dute bezeroak galdu dituztela. Bostetik batek diru sarreren %75 baino gehiago galdu ditu.

Janari dendei dagokienez, hamarretik bati %25 baino gehiago gutxitu zaizkio salmentak. Bezeroen artean turista asko dituztenen artean gertatuko dira kalterik handienak.

Industriari dagokionez, %83ri eragin die koronabirusak, eta haietatik %13k ziurtatu dute fakturazioaren laurden bat edo gehiago galdu dutela. Portzentajeak handiagoak dira burdindegietan, altzarietan eta industria hornikuntzan.

SEAk eskatu die administrazio publikoei eta bankuei larrialdiko finantzaketa eskaintzea enpresei eta autonomoei, galeren salmentari aurre egiteko eta kaleratzeak ez egiteko.

Gainera, Arabako patronalak nahi du Gizarte Segurantzaren kotizazioak, zerga ordainketak eta maileguak atzeratu ahal izatea, eta administrazioek berehala ordaintzea enpresei zor dizkieten fakturak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.