Albistea entzun

Podcastak

Euskal musikari buruzko podcast bat BERRIAn eta 'Badok'-en

Dunbala podcastaren lehen atala entzungai dago jada. Estilo desberdinetako kanten inguruan mintzatuko dira, bi astean behin.

Jagoba Salvador eta Eneritz Dueso dira 'Dunbala' podcastaren esatariak.
Jagoba Salvador eta Eneritz Dueso dira 'Dunbala' podcastaren esatariak. Jon Urbe / Foku Tamaina handiagoan ikusi

Urtzi Urkizu -

2020ko martxoak 13 13:51

Euskal musikak askorako ematen du; dozenaka talde daude lan berriak sortzen, eta haien inguruko podcast bat sortzea erabaki dute Eneritz Dueso eta Jagoba Salvador musikariek: Dunbala. Aurreneko atala entzungai dago BERRIAren webgunean eta Badok atarianBadok-en ekoizpentzat jo daiteke podcasta—.

Salvadorrena izan zen hasierako ideia, baina, Jon Eskisabel Badok-eko koordinatzaileak proposamena jaso zuenean, bazebilen dagoeneko antzeko zerbait egiteko asmoz. Duesori —haren izen artistikoa Eneritz Furyak da— hots egin zioten gero, eta «pozik» eman zuen baiezkoa. «Iruditzen zait Badok egun erreferente bat dela euskal musikaren erakusleiho gisa. Non duzu aukera euskarazko musika gehiena topatzeko, azken albisteen berri izateko, zure kantu kutunekin, eta oraindik ezagutzen dituzun horiekin zerrendak egiteko?». Podcastak gero eta zabalduago daude, eta «ekarpen polita» egin dezaketela uste du musikariak. «Euskal musikari buruzko irratsaioak badira, baina gehienak estilo jakin bati buruzkoak dira. Gurea irekia izatea nahiko genuke; berdin kabituko lirateke euskaraz egindako trapa, txistua, popa, rocka edo reggaetona».

Atal bakoitzak 40-50 minutu inguru iraungo du. Bertan, disko eta kantu berriak aipatuko dituzte, doinu zaharrak gogora ekarriko dituzte, eta, gai orokorretatik abiatuz, askotariko proiektuak eramango dituzte saiora. «Ez da erraza izango, eta beti ezin izango dugu lortu, baina euskal musikaren aniztasuna islatu nahiko genuke minutu horietan. Lekua eman nahi diegu horren komertzialak ez diren proiektuei, eta bozgorailua jendearengana heltzeko oztopo gehiagorekin topo egiten duten musikei», iragarri du Duesok. «Baina horrek ez du esan nahi boladan dauden musikak edo irrati formuletako zerrendetako hit-ak ekarriko ez ditugunik».

Esatariek nabarmendu dute musika izango dela Dunbala-ren protagonista nagusia. «Kasu batzuetan, aitzakia izango da talde edo bakarlari baten kontzertu bat ikusi dugula. Edo disko berri bat atera delako, entzungo dugu lan horren kantu bat. Izan daiteke ere gai orokorrago edo ez hain musikal bat hartu, eta hartatik tiraka gaiari lotutako musika entzutea. Gure aletxoa jartzen saiatuko gara, baina astunak izan gabe». Duesok eta Salvadorrek gidari lana egingo dute, eta entzuleei aitzakia bat emango diete musika bat ala beste bat entzuteko.

Gaur egungo musika

Duesok azaldu duenez, Euskal Herriko gaur egungo musikak izango du lehentasuna podcastean, nahiz eta zenbait kasutan ez diren izango azkeneko nobedadeak. «Hala ere, tartea emango diogu iraganeko musikari ere. Historiak beti lagun dezake egungoa hobeto ulertzen. Eta iraganeko kontu asko lehen aldiz entzuten duen jendea egongo dela hartuko dugu kontuan».

Bi esatariak musikariak izateak eragina izango du Dunbala-ren estiloan. «Biok maite dugu musika, eta niretzat naturala da musikaz hitz egitea. Baina podcast formatuak aukera ematen digu euskal musikari ekarpen bat egiteko, musika hutsa ez den ekarpen bat», azaldu du Duesok. «Euskal musika asko dago, baina ez dago hainbeste aukera hura ezagutzeko ahalegina egiteko. Horrenbestez, nahiko genuke podcastak zubi gisa jokatzea musikaren eta entzuleen artean. Zin dagit musika zoragarri asko daukagula Euskal Herrian, eta horri buruz hitz egiteak eta horri ekarpena egiteak asko motibatzen nau».

Dunbala-ren lehen atalean, Gernika-Lumon (Bizkaia) ehun emakume musikarik baino gehiagok egindako Elkarrekin egon ginen topaketa izan dute abiapuntua. Beste alde batetik, Arima taldearen zuzenekoaz, Keu Agirretxearen Lagunak, ura eta bakea proiektuaz, eta Testura, Verde Prato eta Liher taldeen disko berriez hitz egin dute. Bi aste barru, gehiago.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©BERRIA / HISTOLABET

Gizakiak, txerri organoak amets

Jakes Goikoetxea

David Bennettek astebete baino gehiago darama bizirik txerri baten bihotzarekin. Transplante hori mugarria izan da, baina ikerketa asko falta da prozedura orokortzeko.

 ©ARITZ LOIOLA / FOKU

«Consonni kreatura mutante bat da»

Amaia Igartua Aristondo

Consonnik 25 urte bete berri ditu. 2012tik argitaletxea ere bada, eta Murrek dio horrek «autonomia» eman diela. Andrazko idazle euskaldunak eta zientzia fikzio feminista itzuli dituzte, besteak beste.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.