Kirola

Koronabirusak hankaz gora jarri ditu kirol lehiaketak

Txapeldunen Liga, Europa liga, Italiako Giroa, Binakako Trinket Txapelketa eta beste makina bat kirol lehiaketa bertan behera utzi dituzte azken orduetan. 

2020ko martxoaren 13a
15:02
Entzun

Koronabirusak guztia astindu du. Baita kirola ere. Makina bat txapelketa, lehiaketa, torneo eta lasterketa bertan behera geratu dira. Futbolean, adibidez, Europako Futbol Federazioak (UEFA) bertan behera utzi ditu gaur Txapeldunen Liga eta Europa liga. UEFA datorren asteartean bilduko da, eta erabaki dezake Eurokopa ere ez jokatzea. Ekainaren 12tik uztailaren 12ra da jokatzekoa, hamahiru herrialdetan, tartean Euskal Herria, Bilbo. Futbolean, halaber, ez da gehiago jokatuko Ingalaterrako liga. Hasieran, normal jokatuko zen, baina, Mikel Arteta Arsenal taldeko entrenatzaile donostiarrak koronabirusean positibo eman ondoren, Premier Leagueko ordezkariek bertan behera utzi dute liga. Alemanian, berriz, ateak itxita ariko dira asteburu honetan, eta, gero, eten egingo dute lehiaketa.

Txirrindularitzan, berriz, RCS Sportek, Italiako Giroa antolatzen duen enpresak, jakinarazi du bertan behera utzi duela lasterketa. Maiatzaren 9an zen hastekoa, Budapesten. Hain zuzen, RCS Sportek erabakiaren berri eman aurretik, Hungariako Gobernuak esan zuen lehen hiru etapak ez zirela herrialde horretan jokatuko. Paris-Nizak, ordea, bere hartan dirau, eta gaur etapa jokatu dute. Hori bai, antolatzaileek jakinarazi dute igandean amaitu ordez larunbatean amaituko dela. Hori, hala ere, ikusteko dago, Bahrain taldeak jada esana baitu bihar ez dela lehiatuko. Giroa baino hilabete lehenago jokatuko da Euskal Herriko Itzulia, apirilaren 6tik 11ra, eta antolatzaileek jada adierazi dute oso zaila izango dela lasterketa jokatzea.

Azkenik, pilotan, Frantziako Esku Pilotako Federazioak bertan behera utzi du Binakako Trinket Txapelketa. Gaur zen hastekoa. Federazioak, halaber, bertan behera utzi ditu afizionatuen mailako txapelketa guztiak. EPELen eta Emakume Master Cupen binakakoak ere bertan behera geratu dira. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.