Espainia

Felipe Borboikoak uko egin dio aitaren ondareari

Errege etxeak ere eten egin ditu Juan Carlos Borboikoari egiten zizkion ordainketak, urtean 194.232 eurokoak. Espainiako errege ohia ikertzen ari dira Suitzan, ustelkeria auzi bat dela medio.

Felipe Borboikoa, Montevideon. SEBASTIAO MOREIRA, EFE
arantxa elizegi egilegor
2020ko martxoaren 16a
11:57
Entzun

Espainiako errege etxearen irudia garbitzeko urratsa egin du Felipe Borboikoak, aitaren ondareari uko eginez eta Juan Carlos I.ak estatuko aurrekontuetatik jasotzen zituen ordainketak eteteko eskatuz. Suitzako epaitegiak egiten ari diren ikerketa batek zartarazi du egoera. Izan ere, hainbat komunikabidek zabaldu dutenez, Zagatka fundazioaren onuradunen artean hirugarrena zen egungo Espainiako erregearen aita, eta erakunde hark hainbat hegaldi pribatu ordaindu zizkion 11 urtez.

Alvaro Orleansekoaren esanetan, Europako errege etxeei «laguntzeko» sortu zuen funtsa, eta arrazoi beragatik jarri zuen Juan Carlos Borboikoa hirugarren onuradun gisa. Azken hori hilez gero, haren seme-alaben esku geratuko litzateke fundazioa. Zarzuelako jauregiak zabaldutako komunikatuak jasotzen duenez, ordea, egungo Espainiako erregeak ez du dokumentu horien berri izan orain arte, eta hortik letorke orain aitaren ondareari uko egiteko erabakia.

Horrez gain, eta The Telegraph egunkariaren arabera, 2008an Saudi Arabiako errege etxetik 100 milioi euro jaso zituen Panamako fundazio bateko bigarren onuraduna litzateke Felipe Borboikoa. Suitzako Fiskaltzak abiatutako ikerketa baten arabera, diru hori Mecarako abiadura handiko trena egiteko lanen eskuduntza lortzearen truke ordaindutako komisioen zati bat litzateke. 2012an, ordea, 100 milioi horietatik 62 Corinna Larsenek Bahametan zuen kontu batera mugitu zituzten. Espainiako errege emerituaren maitaletzat jotzen zutenak azaldu du haren «opari bat» izan zela ordainketa.

Yves Bertossa fiskalak egindako ikerketaren arabera, Juan Carlos Borboikoa bera litzateke Panamako Lucum fundazioaren lehen onuraduna, eta, aipatu bezala, haren semea bigarrena. Felipe Borboikoak, ordea, ukatu egin du kasu horretan ere diru mugimenduekin zerikusia izatea, eta nabarmendu du iaz izan zuela Panamako fundazioaren berri. Kasu horretan ere aitaren ondareari uko egin dio Espainiako erregeak.

Izen ona

Oinordetzari uko egiteaz gain, Juan Carlos Borboikoak errege etxearen aurrekontuetatik jasotzen zuen soldata ere eteteko agindu du haren semeak. Orotara, urtean 194.232 euroko soldata zuen. «Koroak bere izen onari eutsi behar dio, eta bere egitura garbi eta gardenari eutsi. Horregatik, erregeak jakinarazi nahi du Juan Carlos I.arekin harremanetan jarri dela esateko uko egiten diola legearekin bat ez datozen edozein aktibo, inbertsio edo fundaziori».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.