Osasun profesionalen "segurtasuna eta osasuna" bermatzeko eskatu dute sindikatuek

Hildako erizainaren ingurukoei babesa azaldu, eta neurriak eskatu dizkiete Osakidetzari eta Eusko Jaurlaritzari.

ainara arratibel gascon
2020ko martxoaren 19a
18:54
Entzun

Koronabirusarekin hildako Bizkaiko erietxe bateko erizainaren heriotza dela eta, Satse, ELA, LAB SME, CCOO, UGT, ESK SAE eta UTESE sindikatuek osasuna profesionalen «segurtasuna eta osasuna» babesteko eskatu diote Osakidetzari. «Lan osasunak bateragarria izan behar du jardun profesionalarekin», gogorazi dute ohar bateratu batean.
Sindikatuek doluminak agertu dizkiete erizainaren senide, lagun eta lankideei. Nabarmendu dute koronabirusaren krisia hasi zenetik, behin eta berriz ohartarazi dutela Osakidetza dela profesionalen «osasuna eta lan jarduna» bateragarri egin behar dituenak. «Horretarako langileei beharrezkoak dituzten prestakuntza, informazioa eta tresnak eman behar dizkiete». Arreta EPI trajeetan jarri dute.

Hori kontuan hartuta, Eusko Jaurlaritzari eta Osakidetzari eskatu diete, plan artikulatu bat egiteko. «Ezin zaizkigu baliabidek, materialak, faltatu, horiek funtsezkoak baitira profesionalen osasuna eta segurtasuna bermatzeko, eta egoera honetan horren beharrezkoa den osasun arreta eskaintzeko». Hildako erizainaren ingurukoei elkartasuna adierazteko, eta Osakidetzari berehalako neurriak har ditzala eskatzeko, datozen bi egunetan xingola beltz bat eramateko eta leihoetatik trapu beltzak zintzilikatzeko eskatu diete langileei. Halaber, dei egin diete langileei, gaur, 12;00etan, jarduera eten, eta bost minutuko isilunea egin dezaten hildako lankidearengatik.

Bizkaiko eta Gipuzkoako erizainen kolegioek ere ohar bana kaleratu dute, eta sindikatuen bidetik, hildako erizainaren senideei babesa azaltzearekin batera,  Eusko Jaurlaritzari eta Osakidetzari galdegin dieten jartzeko beharrezkoak diren euskarriak osasun profesionalen esku; bai lan egiteko, baita haien osasuna babesteko ere. «Arrisku biologikoak saihestu behar dira. Krisi hau gainditzeko funtsezko neurrietako bat, osasun profesionalak batira egoerari aurre egiteko lehen horma edo zutarria», adierazi  zuen Bizkaikoak. Horrekin batera, egoera larri honen aurrean osasun langileak erakusten ari diren «konpromisoa eta ausardia» txalotu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.