Ipar Euskal Herrian baliteke «hamar eguneko epean» jotzea goia epidemiak

Baionako ospitaleko arduradunek adierazi dutenez, «koronabirusari aurre egiteko prest» daude. Sintomak dituzten zuberotarrak Paueko ospitalera (Okzitania) ari dira bidaltzen.

Baionako ospitalea, artxiboko irudi batean. BOB EDME
Oihana Teyseyre Koskarat - Joana Ibargarai
2020ko martxoaren 20a
13:19
Entzun

«Ez dakigu ziur, baina baliteke koronabirusaren epidemiak hamar eguneko epean jotzea goia». Hala adierazi dute gaur goizean Baionako ospitaleko arduradunek, Ipar Euskal Herriko egoera azaltzeko eta koronabirusari aurre egiteko neurriak iragartzeko egin duten prentsaurrekoan. Bost medikuk hartu dute hitza; Stephanie Bordes Couecouk, Heidi Willek, Tarak Moknik , Laurence Ritzek eta Jean Michel Campagnek. «Krisiari aurre egiteko prest gaude: tokiko erietxeen arteko koordinazioa eraginkorra da», erran du Michel Glanes ospitaleko zuzendariak.

Ez da erraza Ipar Euskal Herriko datu zehatzak ematea; Baxenabarreko eta Lapurdiko eriak Baionako ospitalera eramanak baitira baina Zuberokoak, berriz, Paueko ospitalera (Okzitania). Gaur gauean han hil da Atharratzeko 66 urteko gizon bat; Lapurditik kanpo Iparraldean erregistratu den lehen kasua izan da. Oraingoz, Baionan lehendik patologiak dituztenei edo sintoma nabarmenak dituztenei soilik ari zaizkie probak egiten. Medikuen ustez, «epidemiaren hedapena ikusita ez du zentzurik denei testak egiteak».

Ospitaleko langileak zerbitzu guztietan oheak gehitzeko lanean dabiltza: infekzio eritasunen zerbitzuan, 20tik 42ra, eta suspertze zerbitzuan, 15etik 26ra. Horiez gain, Lapurdi eta Baxenabarreko beste erietxeetan ere oheak libratuko dituzte. Hala, Ipar Euskal Herriko osasun zentro eta erietxeen arteko elkarlana azpimarratu dute medikuek. "Bakarrik, ezingo genuke birusari aurre egin, beraz sare bat sortu dugu, lurraldeka antolatua".

Krisi horri aurre egiteko behar diren neurriak errespetatuz, "prestatzen jarraitzen" dutela adierazi dute. Horretarako, Ipar Euskal Herri mailako osasun arloko beste zentro eta ospitaleekin ari dira elkarlanean; Donapaleuko ospitalea (Baxenabarre), Belharra klinikak, Agilerra eta Delay klinikak, Donibane Lohitzuneko poliklinika eta zahar etxeak, besteak beste. «Osoki mobilizaturik» direla gehitu dute, COVID-19a duten erien eta beste erien artatzeak bermatzeko xedez. 

Neurri bereziak hartuta, lurralde mailan

Goiz honetan eman dute hartu dituzten neurrien berri. Bisitei dagokienez, baldintzak zorroztu dituzte. Hainbat lekutan osoki debekatu dituzte; Saint Leon gunean, adibidez, baita zahar etxe eta polo psikiatrikoetan ere. Horrez gain, adingabeek ez dute gehiago bisitarik egiten ahalko. Ama etxean, han ere bisita oro debekatua da —bigarren gurasoarentzat salbu—, eta pediatrian, guraso bat bakarrik joaten ahalko da aldika.  Bestalde, presatuak ez diren ebakuntzak eta artak gibelatzea erabaki dute. 

 

Badituzte maskarak

Baionako ospitaleko arduradunek adierazi dutenez, oraingoz badute nahikoa maskara sintomadun pazienteak zaintzen dituzten ospitaleko langileek. Gainera, Frantziako Gobernuaren neurriak direla eta, gaur bertan jasoko dituzte maskara gehiago osasun langile guztiei banatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.