Noiz sortua: 2020-03-22 07:40:39

Jaurlaritzak 841 milioi euro bideratuko ditu krisiari aurre egiteko

Osasun sistema indartu eta arlo ekonomikoari laguntzea da diru sail horren helburua. Aldi baterako lan erregulazioak kaltetutako langileak geroz eta gehiago dira, azkenak Gasteizko Mercedesen. Gora egiten ari da koronabirusak Euskal Herrian eragindako hildako kopurua ere, 165 jada. Munduan, suspertze sintomak agertzen ari dira: Txinan, adibidez. Dena den, Olinpiar Jokoak urtebetez atzeratuko dituzte.

Berria -

2020ko martxoak 24

* Jaurlaritzak 841 milioiko diru sail bat prestatu du.

* Euskal Herrian 165 pertsona hil dira koronabirusaren ondorioz.

* Gasteizko Mercedesek konpentsaziorik gabeko erregulazioa aurkeztu du.

* Wuhanen apirilaren 8an amaituko dute konfinamendua.

* Olinpiar Jokoak urtebetez atzeratzea erabaki dute.

* Aterpegabeentzako bi etxe irekiko dituzte Baionan eta Miarritzen.

* Koronabirusaren azken datuak.

 

Zuzeneko kontakizuna

22:39

NATOri laguntza eskatu dio Espainiak

Espainiako Gobernuak materiala eskatu dio NATOren hondamendiei erantzuteko batzordeari. COVID-19 gaitzaren proba azkarrak egiteko 500.000 test eskatu dizkio. Horrez gain, zerrenda luzea egin du eskarietan: botatzeko moduko 150.000 mantal; ffp3 motako 150.000 maskara; ffp2 motako 3.000 maskara; eta beste 1,5 milioi maskara kirurgiko; infragorriekin funtzionatzen duten miila termometro; begiak babesteko 10.000 betaurreko; 120.000 eskularru; eta 500 haizagailu mekaniko.

21:18

Donostiako udaletxea kolore urdinez argiztatuko dute gauero, osasun eta gizarte langileei babesa adierazteko. Ez da bakarra izan, beste udal batzuek ere hartu dute erabaki bera, adibidez Errenteriako Udalak (Gipuzkoa).

20:56

Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza sailetako ordezkariek Espainiako Hezkuntza Ministeriokoekin bilera bat egingo dute bihar. Madrilek adierazi du ikasleak alerta egoera bertan behera utzi eta «egun gutxira» itzuliko direla eskoletara, eta ez dela ikasturtea irailera arte luzatu beharrik izango «oraingoz». Biharko bileran, ministerioak proposatuko du unibertsitatera sartzeko hautaproba ekainaren amaieran edo uztailaren hasieran egitea.

Andoni Imaz

Andoni Imaz

19:54

Frantziako zientzia batzordeak Emmanuel Macron presidenteari aholkatu dio bakarraldia «gutxienez sei astera» luzatzeko, eta haren gobernuari eskatu dio konfinamendua «sendoagotzeko». Macronek ez du hitz egin horri buruz, baina, oraingoz, bete izan du batzordeak esan izan diona. Ipar Euskal Herrian, martxoaren 17an sartu zen indarrean konfinamendua.

Andoni Imaz

Andoni Imaz

19:41

Gaur, hamabost egoiliarrek eman dute positibo Gipuzkoako Foru Aldundiaren ardurapeko zahar etxeetan. Guztira 50 daude kutsatuta.

Andoni Imaz

Andoni Imaz

19:25

Munduan 400.000 pertsona baino gehiago kutsatu ditu COVID-19 gaitzak, Johns Hopkins unibertsitatearen arabera. 18.200 lagun hil egin dira, eta 104.000, osatu.

19:09

Ertzaintzak koronabirusean positibo eman eta erietxetik ihes egin duen gizon bat atxilotu du Barakaldon (Bizkaian). Etxean atxilotu dute, 17:30 aldera.

Andoni Imaz

Andoni Imaz

18:40

Italian eten egin da beheranzko joera: 743 pertsona hil dira COVID-19 gaitzaren eraginez azken 24 orduetan. 6.820 lagun hil dira denera. Kasu positiboek, ordea, behera egin dute hirugarren egunez jarraian. 54.030 dira orain, atzo baino 3.612 gehiago. 8.326 pertsona osatu egin dira.

Andoni Imaz

Andoni Imaz

18:01

Chronoplus garraio zerbitzuko gidari bat ospitaleratu dute

Francebleu irratiak jakitera eman duenez, BAM eremuko Chronoplus garraio zerbitzuko gidari bati atzeman diote koronabirusa. 39 urteko gizona da, eta Baionako ospitalera eraman zuten asteburuan, egoera nahiko larrian zegoelako.

Enpresa kudeatzen duen Pierre-Marie Dittek irratiari adierazi dionez, beste hiru langilek ere sintomak dituzte -horietarik bat gidaria da, beste biak ez-. Segurtatu du arriskudun langileak ez direla lanean ari. Bestalde, esan du behar bezalako neurriak hartuak dituztela hasieratik, eta autobusen garbiketa egiten dutela erregularki.

Oihana Teyseyre Koskarat

Oihana Teyseyre Koskarat

17:55

India itxiko dute 21 egunez

Indian «erabateko konfinamendua» ezarriko dute gauerdian. Herrialdeko hiri nagusiak itxi egingo dituzte, eta oinarrizko negozioak soilik egongo dira irekita. Narendra Modi lehen ministroak herritarrei eskatu die zorrotz betetzeko konfinamenduko arauak: «Ez baldin bagara gai pandemiari honi aurre egiteko datozen 21 egunetan, herrialde honek eta zure familiak 21 urte egingo dituzte atzera», esan du. Munduko itxialdirik handiena izango da, ia 1.300 milioi pertsonari eragingo baitio.

Andoni Imaz

Andoni Imaz

17:10

Yemen, kasurik ez duen herrialde handiena

Myanmarrek atzo baieztatu zuen bi herritarrek positibo eman dutela koronabirusarekin. Herrialde horretako lehen biak lirateke. Orain arte, Myanmar zen munduan biztanle gehien duten herrialdeen artean kasurik ez zuen handiena —55 milioi iztanle inguru—. Orain, kutsaturik gabeko herrialdeen artean Yemen da handiena —30 milioi biztanle inguru ditu—. NRC Errefuxiatuentzako Norvegiako Kontseiluak eta Oxfamek su-eten bat ezartzeko eskatu diete Yemenen gerran ari diren aldeei, koronabirusak "ondorio suntsigarriak" eragin ditzakeelako herrialdean.

Mikel Rodriguez

Mikel Rodriguez

16:46

Donostiak ez die errenta eskatuko alarma egoerak gehien kolpatutakoei

Donostiako Udalaren babes ofizialeko etxeetako maizterrek ez dituzte ordaindu beharko apirileko eta maiatzeko errentak koronabirusaren krisiarengatik lanik gabe geratu badra, edo, autonomoak izanda, diru sarreren %40 edo gehiago galdu badituzte.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

16:36

Denis Itxaso Espainiak Gobernuaren EAEko ordezkariak gutun bat bidali die Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalei, esanez Espainiako armada haien «zerbitzura» dagoela herriko guneren bat desinfektatu behar izanez gero.

Andoni Imaz

Andoni Imaz

16:27

Donostiak ez die errenta eskatuko alarma egoerak gehien kolpatutakoei

Donostiako Udalaren babes ofizialeko etxeetako maizterrek ez dituzte ordaindu beharko apirileko eta maiatzeko errentak koronabirusaren krisiarengatik lanik gabe geratu badira, edo, autonomoak izanda, diru sarreren %40 edo gehiago galdu badituzte.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

15:31

Nafarroako zahar etxeetan 51 kasu diagnostikatu dituzte

Nafarroan denera 6.611 pertsona bizi dira adinekoen egoitzetan, eta horien artean 51 kasu atzeman dituzte dagoeneko. Horrez gain, egoitzetako 86 langileri diagnostikatu diete gaitza.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

14:36

Mercedes-Benzek Gasteizen duen lantegiko zuzendaritzak lana erregulatzeko dosier bat aurkeztu du, «ezinbesteko arrazoiak» argudiatuta. COVID-19a dela eta, ekoizpena gelditu du lantegiak, eta horrek ia langile guztiei eragin die: 5.000 ingururi. Erregulazioak ez du inolako konpentsaziorik aurreikusten beharginentzat.

Jokin Sagarzazu

Jokin Sagarzazu

13:25

San Prudentzioko eta Estibalizko Andre Mariaren jaiak bertan behera utzi dituzte

Arabako Diputatu Nagusi Ramiro Gonzalezek iragarri du sanprudentziotan ekitaldi ofizialik ez dela egingo. Apirilaren 28an ospatzen da eguna, Armentian (Gasteiz), erromeria jendetsu batekin. Era berean, bertan behera utzi dituzte maiatzaren 1eko Estibalizko Andre Maria Eguneko ekitaldiak. "Arabar bakoitzak ospa dezala ahal duen bezala", esan du Gonzalezek.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

13:04

530 adineko, Iruñeko Erruki Etxean bakartuta

Iruñeko Erruki Etxeko zuzendaritzak erabaki du zahar etxean bizi diren adineko guztiak bakartzea, erabiltzaileetako bati koronabirusa diagnostikatu ostean. Positibo horrez gain, beste 71 erabiltzailek ere sintomak dituztela argitu du zuzendaritzak, baina, oraingoz, ez diete proba egin. Hori dela eta, erabiltzaile guztiak (530) beren geletan bakartu dituztela jakinarazi dute. Logeletan itxita egon beharko dute uneoro, "erabiltzaileen eta langileen segurtasuna bermatzeko". Zahar etxeen egoeraz kezka adierazi dute hainbat eragilek.

Ion Orzaiz

Ion Orzaiz

13:01

Urkullu: "Uztartu beharko genituzke pertsonen osasun segurtasuna eta ekimen ekonomikoa".

Jon O. Urain

Jon O. Urain

13:00

Urkulluk argudiatu du ezinbestekoa ez den jarduera ekonomiko oro eteteko erabakia "estatu mailan" hartu beharko litzatekeela, eta jarduera ekonomiko horrek sostengatzen dituela oinarrizko zerbitzu publikoak: "Muturreko neurri bat izango litzateke".

Jon O. Urain

Jon O. Urain

12:57

Funtserako dirua nondik aterako den galdetuta, Urkulluk azaldu du iazko etekinak baliatuko dituztela eta Jaurlaritzak zorpetzeko gaitasuna duela. 2020ko aurrekontuak ere egokitu daitezkeela esan du. Espainiako Gobernuak hartutako neurri ekonomikoekiko "osagarria" da Jaurlaritzarena: "Epe laburrean ezarri beharreko talka plan bati buruz ari gara".

Jon O. Urain

Jon O. Urain

12:54

Murgak nabarmendu du Osakidetza ez dagoela egoera larrienean, baina, garatu duten kontingentzia planaren arabera, Zaintza Intentsiboetako Unitateetarako (ZIU) ohe kopurua bikoizteko modua izango dutela.

Jon O. Urain

Jon O. Urain

12:48

Nekane Murga Osasun sailburua, datuak ematen: 307 kasu berri antzeman dituzte. Guztira, 2.728 kutsatu daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta horietatik 1.129, erietxeetan. Beste hamahiru pertsona hil dira, eta denera 133 dira Euskal Autonomia Erkidegoan.

Jon O. Urain

Jon O. Urain

12:44

Langileen osasunarekin "bateragarriak" diren jarduera ekonomikoekin jarraitu beharra dagoela esan du Urkulluk, "koma ekonomikoan" ez sartzeko: izan ere, uste du "oso nekeza" dela lantegiak "hutsetik" zabaltzea.

Jon O. Urain

Jon O. Urain

12:42

Eusko Jaurlaritzako gobernu kontseiluaren osteko agerraldian dira Iñigo Urkullu eta Nekane Murga. Urkulluk jakinarazi du 841 milioiko diru sail bat bideratuko dutela neurri batzuk hartzera: esaterako, babes ofizialeko etxeetan alokairuan daudenek eta langabezian geratu direnek ez dute apirileko eta maiatzeko alokairua eta komunitate gastua ordaindu beharko. Horrez gain, 200 milioi osasun sistema indartzera bideratuko dute (materiala erostera, telefono bidezko arreta indartzera eta kutsatuak artatzeko gune berriak zabaltzera, adibidez).

Jon O. Urain

Jon O. Urain

12:41

Japoniak jokoak urtebetez atzeratzeko eskatuko du

Japoniako lehen ministro Shinzo Abek Olinpiar Jokoak urtebetez atzeratzeko eskatuko dio Nazioarteko Olinpiar Batzordeari, herrialdeko NHK kate publikoak esan berri duenez. Jokoak uztailaren 24an ziren hastekoak.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

12:34

Donostiako Udaleko bi zinegotziri eta sei langileri COVID-19 diagnostikatu diete

Kutsaturiko zinegotziak PSEkoak dira: Miguel Angel Diez eta Cristina Lage. Lehena erietxean dago, eta bigarrena etxean. Gainera, udaleko beste hiru langilek eman dute positibo, eta beste batzuk "emaitzen zain daude", Eneko Goia alkateak esan duenez.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

12:21

Hego Euskal Herria: 164 hildako, 3.742 kasu

Espainiako Osasun Mnisterioak emandako azken datuen arabera, Hego Euskal Herrian 164 pertsoa hil ditu koronabirusak (bederatzi gehiago azken 24 orduotan), 3.742 kasu diagnostikatu dituzte (42 gehiago). Zainketa berezietako geletan 151 gaixo daude. 355 sendatu dira (65 gehiago).

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

11:31

Egoitza pribatuen kudeaketa bere gain hartzeko eskatu dio EH Bilduk Arabako Foru Aldundiari

Zahar etxe pribatuen kudeaketa zuzena hartzeko, eta langileei babes material egokia emateko esan dio EH BIlduk Arabako Foru Aldudiari. Kike Fernandez de Pinedo koalizioak Arabako Batzar Nagusietan duen eledunaren arabera, koronabirusaren krisiak agerian utzi ditu egoitza horien eta etxeko laguntzaren kudeaketan dauden "hutsune handiak", eta langileen lan baldintza "penagariak".

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

11:20

Madrilek erosketak zentralizatu izanak atzeratu egin du materiala erietxetara heltzea, EAJk esan duenez

Madrilgo Gobernuak erietxetarako materialaren, koronabirus proben eta segurtasun jantzien erosketa zentralizatu izanak horiei "ospitaletara heltzea behar baino gehiago kostatzea" eragin duela esan du EAJko presidente Andoni Ortuzarrek irrati batean. Erosteko lanak erkide autonomoen esku egonez gero, "banaketa eraginkorragoa izango zen", gaineratu du.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

11:07

Ficobak erregulazio dosierra eskatu du

Irungo (Gipuzkoa) Ficoba erakustazokak aldi baterako lan erregulazio dosierra egin ahal izatea eskatu du, ferien antolakuntza lanak "erabat" gelditu direlako.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

10:45

Baserritarren azokak baimentzeko eskatu dute ekologistek

Naturkon Gipuzkoako talde ekologisten koordinadorak erakundeei eskatu die herritarrei aukera emateko azoka tradizionaletan baserritarrei zuzenean erosteko. Joan zen ostiralean, Tolosan azokabat egitea galarazi zuen Espainiako Osasun Ministerioak, larrialdi egoeran "kalean saltzea" debekaturik dagoela argudiatua.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

09:39

EAJren EBBko presidente Andoni Ortuzarren esanetan, «hutsuneak» eta osasun materiala berandu iristea eragin ditu Espainiako Gobernuak alarma egoeran martxan jarritako «zentralizazioak». Ortuzarrek uste du materialen banaketa «eraginkorragoa» izango litzatekeela ardura autonomia erkidego bakoitzak hartu balu.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

09:04

Kaleak hutsik. Itxura hau du Gasteizek egunotan.

08:41

Pertsona zaurgarrienak urez hornitu ezean, ezingo da koronabirusaren pandemia gelditu. Ondorio hori atera du NBEren aditu talde batek: «Koronabirusaren aurkako borrokan, eskuak ur garbiarekin eta xaboiarekin garbitzea ezinbestekoa denez, mundu osoko gobernuek uneoro nahikoa urez hornitu behar dituzte egoera zaurgarrienetan dauden herritarrak». Adierazi dute munduan 2.200 milioi lagunek ez dutela edateko ura lortzeko modurik.

Bide beretik, Unicefek salatu du Siriako Alluk instalazioaren ur hornidura eteteak 460.000 lagun «arrisku onartezin baten» aurrean jartzen dituela, koronabirusak eragindako krisiaren erdian. Siriak atzo baieztatu zuen lehen kasua.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

08:30

Txinako Osasun Ministerioak lau kasu baieztatu ditu, sei egun positibo berririk gabe igaro ostean. Horietako bat Wuhan hirian izan da, pandemiaren epizentro izandakoan. Horiez gain, atzerritik iritsitako 74 kasu berri atzeman dituzte, eta denera 427 dira Txinara horrela iritsi direnak. Zazpi hildako ere baieztatu ditu gobernuak, denak Hubei probintzian.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

08:25

Wuhan berrogeialditik irtengo da apirilaren 8an

Wuhanek (Txina), koronabirusaren epidemiaren epizentro izandakoak, apirilaren 8an indargabetuko du berrogeialdia, urtarrilaren 23an ezarri zutena. Wuhan Hubei probintziako hiriburua da, eta han bi aste gehiago egingo dituzten arren, probintziako gainontzeko hirietan bihar hasiko dira konfinamenduak bertan behera uzten.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi


Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Apirilaren 7an eguneratua, 14:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 12.401 gaixok eman dute positibo koronabirusaren proba eginda. 790 hil dira. COVID-19 gaitza izandako 4.149 pertsonari eman diete alta. Grafikoak, albiste barruan.

Saltoki txikiak itxita Iruñean. ©Iñigo Uriz / Foku

Kontrolak indartuko dituzte Aste Santuan

Berria

Martxoaren 21az geroztik SARS-CoV-2 birusaren kasu berri gutxien atzeman duten eguna izan da atzokoa Euskal Herrian. Testa egin gabe ari dira sendagiria ematen gaitzak jotako osasun langileei.

Urkullu lehendakaria eta Artolazabal sailburua ©Irekia
Etxeko Leihotik: Formol

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna