Jaurlaritzak jakin nahi du zenbat test jasoko dituen, eta noiz

Urkulluk adierazi du orain arte «baliabide propioekin» aritu direla lanean. 

Urkullu, Sanchezen eta erkidegoetako presidenteen arteko bileran. IREKIA
2020ko martxoaren 22a
17:41
Entzun

Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk adierazi du «baliabide propioekin» aritu direla lanean, «orain arte». Halere, lehendakariak Espainiako Gobernuari galdetu dio ea noiz bidaliko dituzten koronabirusa atzemateko test azkarrak, eta zenbat izango diren: «Planifikatzeko garaian, beharrezkoa da jakitea zenbat test azkar jasoko ditugun autonomia erkidegoek». Izan ere, «osasun materialaren hornidura» eta osasungintzako profesionalen lantaldea «indartzea» jo ditu lehentasunezko eginbehartzat.

Espainiako presidente Pedro Sanchez autonomia erkidegoetako presidenteekin bildu da goizean, alarma egoeraren luzapenaren berri emateko. Urkulluk adierazi du Jaurlaritzak Espainiako Gobernuaren «lehentasun eta urgentzia» berberak dituela, eta elkarlanerako prestasuna adierazi dio. Azaldu duenez, Jaurlaritzak «ahal duen laguntza guztia eskaini eta beharrezko dena eskatuko du».

Hornidurarako ez ezik, testak egiteko eta sendatu diren pertsonen kontua eramateko irizpide bateratuen beharra azpimarratu du lehendakariak: «Beharrezkoa da gaia tratatzeko».

Urkulluk bost arlo nagusitan banatu ditu Eusko Jaurlaritzak orain arte hartu dituen neurriak: osasuna, gizarte arreta, segurtasuna, babes ekonomikoa eta hezkuntza. Osasun arloari dagokionez, azaldu du hobeto egin dituztela etxean artatzeko sistema eta telefono bidezko arreta, eta esan du berrantolatzen hasi direla osasun sistema indartzea. Arlo ekonomikoan, berriz, adierazi du «urgentziazkoa» dela Madrilekin eta Gizarte Segurantzarekin koordinatuta lan egitea, enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteek erasandako langileentzako laguntzak azkartzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.