Noiz sortua: 2020-03-25 08:29:22

Zuzenekoa

EHUk uztailaren 6tik 8ra egingo du selektibitatea; NUPek, ekain amaieran

Marlaska Espainiako Barne ministroak espero du konfinamendua arintzea apirilaren 12tik aurrera

Ikasleak unibertsitatera sartzeko proba egiten, Iruñean.
Ikasleak unibertsitatera sartzeko proba egiten, Iruñean. Iñigo Uriz / Foku Tamaina handiagoan ikusi

Berria -

2020ko martxoak 25

* Dagoeneko 188 hildako eta 4.468 kasu Hego Euskal Herrian.

 

* Koronabirusaren azken datuak.

 

* 31 galdera, 31 eskutik izateko.

 

Zuzeneko kontakizuna

21:45

Espainiako Kongresuak osoko bilkuran hiru lege onartu ditu, enpresei, langileei eta familiei arintzeko koronabirusak eragindako galera. Alderdi gehienek adierazi dute ez dela nahikoa.

21:43

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea agerraldia egiten ari da Diputatuen Kongresuan. «Administrazioek une batez ere ez diote lan egiteari utzi. 200.000 milioi euro baino gehiago jarriko ditugu krisiak gogorren eragin dien familiei laguntzeko», esan du.

21:41

Emmanuel Macron Frantziako presidenteak «inbertsio plan handi bat» iragarri du ospitaletarako eta osasun langileentzat.

21:37

Nazio Batuen Erakundeko goi mandatari Michelle Bacheletek gobernuei eskatu die azter dezatela nola «aska» ditzaketen «arrisku gutxien» duten presoak. Talde horren barruan sartu ditu «arrazoi juridiko nahikoa izan gabe atxilotutakoak, besteak beste, preso politikoak eta ideia kritikoak adierazteagatik espetxeratutakoak».

21:29

AEBetako Senatuak gaur bertan emango dio babesa azken urte luzetak pizgarri fiskal sortarik handienari, koronabirusaren pandemiaren eraginei aurre egiteko. Demokratek eta errepublikanoek akordioa lortu duten arren, senatariak eztabaidan ari dira. 2.000 milioi dolarreko neurria litzateke.

20:15

Gipuzkoako zahar etxeetako egoiliarren artean beste hamabost koronabirus kasu positibo atzeman dituzte gaur. Denera, 65 pertsona daude kutsatuta. Kasu berri gehienak Tolosako Iurramendikoak dira (Gipuzkoa). Erietxean ari dira artatzen gaixorik dauden lau lagun.

Eider Mendoza Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak azaldu du Telezaintza zerbitzua jarri dutela martxan, «egoiliarren eta senideen bizitza errazteko». 900-43 43 43 telefono zenbakia jarri dute erabiltzaileen eskura.

Andoni Imaz

Andoni Imaz

19:26

Osakidetzako langile talde batek lankideen arteko sinadura bilketa bat abiatu du Interneten, Eusko Jaurlaritzari eskatzeko «herritarren erabateko konfinamendua» bermatzeko, eta, horretarako, funtsezkoak ez diren jarduera guztiak geratzeko

Andoni Imaz

Andoni Imaz

18:25

Italian, beste 683 hildako eragin ditu koronabirusak azken 24 orduetan, eta 7.503 dira guztira hildakoak. 3.491 kasu berri ere baieztatu dituzte erakundeek; pandemia hasi zenetik 74.386 kasu aurkitu dira.

Paulo Ostolaza

Paulo Ostolaza

18:06

Carmen Calvok positibo eman du

Koronabirusaren frogan positibo eman du Carmen Calvo Espainiako presidenteordeak. Calvok 62 urte ditu, eta joan den igandetik ospitaleratuta dago, arnasketa aparatuan arazoak zituela eta.

Paulo Ostolaza

Paulo Ostolaza

17:32

ITP Aero Castings-ek bere lantegiak ixtea eskatu dute langileek

Enpresa batzordearen arabera, ITP Aero Castingesko langile bat Basurtuko ospitalean dago, eta beste 28 dira sintomekin etxean berrogeialdia egiten ari diren beharginak, azken bi egunetan zerrenda horretara hamazpi langile gehitu ostean. "Zuzendaritzak, oraingoz, ez du Sestaoko eta Barakaldoko lantegien jarduera oso gelditzeko asmorik. Uste dugu akatsa dela, eta Covid-19aren hedapena erraztu besterik ez duela egiten", adierazi du enpresa komiteak LAB sindikatuak zabaldutako oharrean.

Irune Lasa

Irune Lasa

17:25

Berrogeialdia agindu dute Tokion

Atzo hartu zuten Japoniako Gobernuak eta Nazioarteko Olinpiar Batzordeak Olinpiar Jokoak atzeratzeko erabakia. Gaur, berriz, berrogeialdia agindu du Yuriko Koike Tokioko alkateak, azken astean baieztatutako kasuek gora egin dutela eta. 2.000 kutsatu inguru eta 43 hildako eragin ditu koronabirusak Japonian, baina hainbat adituren arabera, askoz gehiago dira eta orain arte ez dira nahikoa froga egin.

Paulo Ostolaza

Paulo Ostolaza

17:07

Laudioko San Roque zahar etxean (Araba) bizi zen 84 urteko pertsona bat hil da koronabirusaren eraginez. Arabako Foru Aldundiak adierazi du hildakoa gaixo zegoela lehendik, eta ez du beste daturik eman. Zazpi pertsona erietxean daude eta denera hamahiru daude kutsatuta aldundiaren ardurapeko zahar etxe guztietako egoiliarren artean.

17:01

Gasteiz, baieztatutako kasu gehien dituen hiria

Duela egun batzuk hasi zen Eusko Jaurlaritza Araba, Bizkai eta Gipuzkoako pertsona kutsatuen kopuruak udalerrika ematen. Hona errepasoa: baieztatutako kasu gehien ditun hiria Gasteiz da (977). Jarraian datoz Bizkaikoak: Bilbo (426), Basauri (142), Getxo (118) eta Barakaldo (99). Gipuzkoan, Donostian baieztatu dituzte kasu gehien (111). 40 kasu baino gehiago dituzten beste udalerri batzuk dira Leioa, Santurtzi, Erandio (Bizkaia), Irun eta Tolosa (Gipuzkoa).

Paulo Ostolaza

Paulo Ostolaza

16:17

Eduardo Santos, positibo

Eduardo Santos Nafarroako Gobernuko Migrazio Politiken eta Juztizia kontseilariak Twitterren iragarri du kasu positiboa baieztatu diotela. "Ondo nago. Covid-19 eta nire artean orain zerbait pertsonada da. Jarraituko dut lanean hala ere. Asko dago egiteko. Guztien artean llortuko dugu zalantzarik gabe", txiokatu du, elebitan.

Joxerra Senar

Joxerra Senar

16:04

Nafarroan zerga neurriak (III). Atzerapen berezi hori autonomoei eta urtean sei milioi eurotik behera fakturatzen duten enpresei ezarriko zaie zazpi hilabetez, interesik gabe. Gobernuak egoera ekonomiko onean diren enpresei arduraz eta elkartasunez jokatu eta zerga betebeharrak betetzeko eskatu die ogasunak nahikoa diru sarrera izan ditzan neurri bereziak finantzatzeko.

Joxerra Senar

Joxerra Senar

16:03

Aldi baterako lan erregulazioek 80.979 langileri eragin diete jada Araba, Bizkai eta Gipuzkoan

EAEn aldi baterako 10.635 lan erregulazio aurkeztu dtuzte enpresek; 80.979 langileri eragiten diete guztira, eta horietako 17.738k azken 24 orduetan jaso dute berria. Lurraldeka, Bizkaian 36.706 langileri eragiten dieten 5.581 erregulazio aurkeztu dira; Gipuzkoan 25.561 langileri eragiten diten 3.462; eta, Araban, 18.712 behargini eragiten dieten 1.592 lan erregulazio.

Paulo Ostolaza

Paulo Ostolaza

15:56

Zerga neurriak Nafarroan (II). Bigarrenik, autonomoen errenta zergan, lehen eta bigarren hiruhilekoen zatikako ordainketak etengo dira. Neurriak 25.000 autonomori eragingo dio eta guztira 27 milioi euro utziko du euren eskuetan. Hirugarrenik, apirilaren 14ra arte Ogasunarekin kitatu gabeko zorraren kasuan, ordainketa hilaren amaierara atzeratuko da eta martxoaren 14tik aurrera jakinarazi diren kastan, ekainaren 1era atzeratuko da. Indarrean diren zorren ordainketa hilabete batez atzeratuko da. Laugarrenik, zerga arloko prozedurak ere atzeratu egingo dira. Bosgarrenik, autonomo eta enpresa txikiei zor ororen ordainketei atzerapen berezia ezarriko zaie.

Joxerra Senar

Joxerra Senar

15:49

Munduan, 438.749 kutsatu eta 19.675 hildako

Johns Hopkins Unibertsitateak 15:00etan argitaratutako azken eguneraketaren arabera, koronabirusak 438.749 pertsona kutsatu ditu munduan, eta 19.675 hildako eragin. Aste honetan bertan 500.000 kutsatu baino gehiago izango direla aurreikusi dute. Sendatutako pertsonak, berriz, 111.895 dira.

Paulo Ostolaza

Paulo Ostolaza

15:47

Zerga neurriak Nafarroan

Beste foru dekretu baten bidez, enpresen likidezia hobetzeko zerga neurriak hartu ditu Nafarroako Gobernuak, batez ere "autonomo eta enpresa txiki-ertainena". Batetik, BEZ, errenta eta sozietate zergetan lehen hiruhilekoko autolikidazioak borondatez aurkezteko eta ordaintzeko epea ekainaren 1era atzeratuko da (egungo epemuga apirilaren 20a zen). Gauza bera: otsaileko autolikidazioen kasuan, apirilaren 30era atzeratuko da.

Joxerra Senar

Joxerra Senar

15:28

NBEk 1.900 milioi euro eskatu ditu «zaurgarrienei laguntzeko»

51 herrialderi zuzendutako plan bat aurkeztu du gaur Antonio Guterres NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak. Horretarako, elkartasuna eskatu du beharrezkoak diren 1.900 milioi euroak biltzeko: «Herrialdeen banakako erantzunak ez dira nahikoa izango». Nagusiki, prebentziorako eta gaixotasuna diagnostikatzeko materiala erostera bideratuko litzateke diru hori.

Paulo Ostolaza

Paulo Ostolaza

15:14

EHUk uztailaren 6tik 8ra egingo du selektibitatea

Unibertsitatera sartzeko probak uztailaren 6tik 8ra bitartean egingo dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Espainiako Hezkuntza ministro Isabel Zelaa erkidegoetako ordezkariekin bildu da, eta epe bat ezarri die, ekainaren 22tik uztailaren 10era bitartekoa. Tarte horretan, Euskal Herriko Unibertsitateak uztailaren 6tik 8ra egingo du ohiko deialdia, eta uztailaren 20tik 22ra ezohikoa. Nafarroako Gobernuak arratsaldean emango ditu xehetasunak.

Jon O. Urain

Jon O. Urain

14:36

Espainiak 432 milioi euro ordainduko dizkio Txinari materialagatik

Salvador Illa Espainiako Osasun ministroak gaur iragarri duenez, Espainiak 432 milioi euro ordainduko dizkio Txinari osasun materialaren trukean. Datozen asteetan 550 milioi maskara, 5,5 milioi test azkar eta arnasketan laguntzeko 950 makina jasoko ditu Madrilek.

Paulo Ostolaza

Paulo Ostolaza

14:19

Selektibitatea ekainaren 22tik uztailaren 10era bitartean egingo da

Unibertsitatera sartzeko probak ekainaren 22tik uztailaren 10era bitartean egingo dira ohiko deialdian, eta irailaren 10a baino lehen ezohikoan. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan jada zehaztu dituzte datak: uztailaren 6an, 7an eta 8an egingo dute unibertsitatera sartzeko froga batxilergoko ikasleek eta bigarren deialdia uztailaren 20tik 22ra izango da. Nafarroan ez dute datarik zehaztu oraingoz.

Paulo Ostolaza

Paulo Ostolaza

14:05

Confebask: «Hau hasi besterik ez da egin»

Confebask patronalak EAEn dagoeneko erregistratu diren 9.000 aldi baterako kaleratzeei buruz hitz egin du: «Hau hasi besterik ez da egin. Laister jabetuko gara dugun arazo sozioekonomikoaz». Gaineratu dute «enpresak akordiorik gabe eta desordenatuta ixteak egoera okertu soilik» egingo lukeela.

Paulo Ostolaza

Paulo Ostolaza

14:00

ESK sindikatuak Tapiaren kontrako salaketa jarri du, "laguntza ukatzeagatik"

Arantxa Tapia Garapen eta Azpiegitura sailburuaren aurkako salaketa jarri du ESK sindikatuak, osasungintzari babes materialak ukatzeagatik. Tapiak iragarri du koronabirusaren kontrako babes materiala enpresen esku jarriko duela, lanean jarrai dezaten. Sindikatuaren arabera, erabaki horrekin Tapiak desobeditu egin du osasun material guztia osasun erakundeen esku jartzeko agindua. "Ez du zentzurik enpresa askotan ez egotea arazorik maskarak eta eskularruak lortzeko, erietxeetan horien faltan daudenean, eta langileen osasuna arriskuan jartzen denean".

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

13:34

Gaur Vilaweb-ek argitaratutako informazioaz galdetuta (Kataluniako Generalitaten arabera apirila amaiera aldera joko duela goia gaitzak), Aurelio Barrikarte Nafarroako Lan eta Osasun Publikoko Insitututuko gaixotasun kutsakorren ataleko buruak ez daki noiz joko duen goia Nafarroan: "Ezin daitezke aurreikuspenik egin ezagutzen ez dugunari buruz". Barrikartek irmo esan du konfinamendua ezarri zenean ez zekitela Nafarroan zenbateraino hedatua dagoen koronabirusa; ondorioz ezin daiteke aurreikusi noraino igo daitekeen eta noiz jaitsi."Datu adierazgarri bakarra ospitaleratze kopurua da, kasu larriak ospitaleetara doazelako ezinbestean eta kasuok denboran mantenduz gero, bai eman daiteke joera hori, baina ez dakit zer gertatuko den astebete edo bi aste barru. Matematika eredu guztiek zuk nahi duzun emaitza emango dute. Pertsonen kutsatze ratioa edo gaixotasunaren eraginaren aldagaia aldatuta, emaitza aldatzen da, baina oinarria ziurgabea da. Ez dakizu. Asmatu dezakete eta apiril amaieran goia jo edo bi aste barru. Ez dakit".

Joxerra Senar

Joxerra Senar

13:19

Refena erakustazokan, funtsezko jardueratan lan egin duten eta sintomak dituzten langileei azterketak egiten ari dira eta horien artean %30ek eman dute posiibo.
Prozedura aldaketa horretan, gainera, kategoria berri bat sortu dute: kasu posibleak (osasun etxera deituta sintoma arinak agertzen dituztenak). Guztiak positibo izango ez badira ere isolatze neurriak aplikatzen zaizkie, positibo emango balute bezala. Uneotan, 100.000 biztaleko 649 tasa ateratzen bada ere, apalagoa izango dela argi dute eta test azkarrekin doitu ahalko dela, zehatzago (100.000 biztanleko 216ko estimazioa egin du gobernuak).

Joxerra Senar

Joxerra Senar

13:09

Osakidetzak 161 mediku kontratatuko ditu

Zerbitzua indartu eta krisiari aurre egin ahal izateko, Osakidetzak 161 mediku berri izango ditu aurrerantzean. Osakidetzak azken BAME Barne Mediku Egoiliarren frogan gutxieneko nota gainditu zuten ikasleak kontratatuko ditu. Horietako hamabi lanean ari dira jada, eta besteak datozen egunetan hasiko dira.

Paulo Ostolaza

Paulo Ostolaza

13:09

Nafarroak testak egiteko prozedura aldatu egin zuen iragan astean. Orain nori egiten zaizkio koronabirusa atzemateko PCR azterketak? Arnas infekzio sakona duten eta ospitaleratuta diren edo irizpide hori betetzen duten gaixoei, edozein dela larritasuna bat-batean arnas infekzio sakona agertzen zaien funtsezkoa koletiboei (osasun arloko langileak, poliziak,suhiltzaileak, 112 larrialdi zerbitzuetako langileak eta funtsezko jardueretan lan egiten dutenak), baita gaitzaren aurrean hauskorrak izan daitezkeen kolektiboei.

Joxerra Senar

Joxerra Senar

13:00

Osasun arloko ekipamenduen gaiaz galdetuta, Indurainek azaldu du Espainiako Osasun Ministerioak aste honen erdian zein asteburuan materiala bidaliko diela ziurtatu diela. Gainera, Nafarroako Gobernuak erosketak ere planifikatuta zituen aldez aurretik. Test azkarren kasuan, lurralde arteko bideokonferentzia batean parte hartuo du Santos Indurain Osasun kontseilariak: "Ministerioa koordinatzen ari da hori, eta parekotasun zein kohesio irizpideen arabera egingo du banaketa, eta hori nola antolatu. Iristen direnean bere erabilera lehenetsiko dugu". Gaur espero du jakiteko noizko izango dituen test azkar horiek.

12:52

1.197 kasu baieztatu Nafarroan

Nafarroan, azken 24 ordutan %18 handitu da Covid-19 gaitza baieztatutakoen kopurua, 1.197ra arte. Bi hildako gehiago daude, eta ondorioz, 33 lagunek galdu dute bizitza SARS-CoV-2 koronabirusaren ondorioz: pertsonok 63 urtetik 91 urtera arteko tartea zuten, eta batez beste 83 urte.Santos Indurain Osasun kontseilariaen arabera, "gaitz garrantzitsuak" zituzten. Kasu positiboen artean, 506 daude ospitaleratuta eta horietatik 51 larrialdi unitatean. Gainera, kasu positiboetaik 242 osasun arloan lan egiten profesionalak dira (15.000 dira guztira).

Joxerra Senar

Joxerra Senar

12:52

Azken datuak: 188 hildako eta 4.468 kasu Hego Euskal Herrian

Espainiako Osasun Ministerioak emaniko azken datuen arabera, 4.468 kasu atzeman dituzte Hego Euskal Herrian. Horietako 170 zaintza berezietako unitateetan daude. Dagoeneko 188 pertsona hil dira. 489 sendatu dira.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

12:37

Jaurlaritzako Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio zuzendaria agerraldia egiten ari da. "Egoerak larria izaten jarraitzen du, baina hau da gaixotasunaren hedapena eragozteko bidea". Bakartzea "beharrezkotzat" jo du.3.271 gaixo daude Euskal Autonomia Erkidegoan, eta beste 22 lagun hil dira. 407ri sendagiria eman diete.

Jon O. Urain

Jon O. Urain

12:08

Bilboko Udalaren "koronabirusaren kudeaketa kaotikoa" salatu du ELAk

Bilboko Udalean gertatzen ari den koronabirusaren "etengabeko hedapenari" aurre egiteko neurriak "berehala" hartzeko eskatu dio ELAk alkateari. "Udalak egin duen koronabirusaren kudeaketa kaotikoa krisi betean dago", adierazi du ELAk. Dagoeneko 11 kasu baieztatu dira udaleko langileen artean, eta beste 22 proben emaitzaren zain daude. Sindikatuak salatu duenez, "langile askok sintomekin jarraitzen dute, baina ez dute baieztatu ez zaielako testa egin". Alkateari eskatu diote "hitzetatik ekintzetara pasatzea eta teknikariek proposatutako neurriak" kontuan hartzeko.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

11:51

Atzeraldia "ziurra" dela esan du Arantza Tapiak

Hil honetan "eta datozen hiru hilabeteetan" Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomia atzeraldian satuko dela "ziurra" dela esan du Arantxa Tapia Jaurlaritzako Garapen Ekomikorako sailburuak, ETB1eko Egun On Euskadi saioan. Begiak urte amaieran jarri ditu, ikusteko nola ateratzen den atzeraldi horretatik "ahalik eta kalterik txikienarekin".

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

11:12

Sindikatuek mobilizaziora deitu dute ostiralerako

ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta HIRU sindiatuek mobilizazioak antolatu dituzte ostiralerako, langileen osasunaren eta lanpostuen defentsan. Ezinbestekoak ez diren lan guztiak bertan behera uzteko eskatuko dute. "Langileok haserre gaude gure osasuna arriskuan jartzen ari direlako", adierazi dute sindikatuok ohar baten bidez.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

11:04

Autotik jaitsi gabeko probak egiten hasi da Osakidetza

Osasungitzako langileei koronabirus probak egiteko prozesua arintze aldera, autotik jaitsi gabeko azteketak egiten hasi da Osakidetza. Edonola ere, ez dira test azkarrak, baizik eta orain arte erabilitakoak. Araban hasi dira proba molde horiekin, eta Bizkaiko Gurutzetako erietxera eta Donostiako ospitalera zabaldu dituzte. Gaur bertan hasiko dira Basurton eta Galdakaon (Bizkaia).

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

10:52

Gasteizek ez die ura moztuko ordaintzen ez dutenei

Gasteizko Udeko ur konpainiak iragarri du martxoaren 9tik ez zaiela ur hornidura mozten ari fakturak ordaintzerik izan ez dutenei. Horrez gain, zerbitzurik gabe utzitako pertsonei ura berriz emateko lanean ari direla esan dute, larrialdi egoera gainditu eta zorrak kitatzen dituzten arte.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

10:42

Norvegiako agintariek irabaziak banatzea galarazi nahi diete bankuei

Norvegian diru merkatuak zaintzen dituen erakundeak eskaera bat egin dio hango Ekonomia Ministerioari: aurten galarazi diezaiela bankuei eta aseguru konpainiei euren akziodunei irabaziak banatzea, koronabirusak eragindako krisiarengatik. Edonola ere, ez dute eskatu irabazi horiek bahitzea, baizik eta banaketa atzeratzea.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

10:03

Barakaldoko erietxe batetik ihes egin duen gaixoa berriz eraman dute ospilera

COVID-19 gaitza diagnostikatuta Barakaldoko (Bizkaia) San Eloy erietxean zegoen gaixo batek ihes egin zuen atzo arratsaldean. Ospitaleko aradunek Ertzantzari eman zioten gertaeraren berri, eta hau iheslariaren bila hasi zen. Gaixoa bere etxean aurkitu dute, eta berriz eraman dute erietxera, Segurtasun Sailak zabaldu duenez.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

09:26

EFE albiste agentziak aurreratu duenez, Espainiak Gobernua alokairuaren inguruan prestatzen ari den legean aldaketak egon litezke. Hasiera batean, zaurgarritasun egoeran daudenak ez lukete bi hilabeteko alokairua ordaindu behar eta estatuak hartu beharko luke bere gain. Unidas Podemos bultzatzen ari den aldaketa horren arabera, neurri hori alokairua ordaindu ezin duten guztiei zabalduko litzaieke. Autonomo eta enpresa txiki eta ertainen kasuan enpresaren lokalaren alokairua ordaindu gabe utz ahal izango lukete enpresaren diru sarrerak nabarmen jaitsi badira.

Jon Ordoñez Garmendia

Jon Ordoñez Garmendia

08:43

Gakoak

BERRIAk ere gaur hainbat galdera eratzun ditu. Astebete pasa darama indarrean Euskal Herrian konfinatzeko aginduak. Gauzak aldatuz joan dira, ordea, eta ezezaguna zaigun egoera baten aurrean galderak aldatu eta erantzun berriak daude. Horra itxialdiari buruz jakin beharreko gakoak: 31 galdera, 31 eskutik izateko.

Jon Ordoñez Garmendia

Jon Ordoñez Garmendia

08:39

Euskadi Irratiak baieztatu ahal izan duenez, ez dago agindurik lanera bizikletaz joatea debekatzen duenik. Sare sozialetean atzo zabaldu zen bideo batean, Ertzaintzak kargu hartu zion Barakaldotik Etxebarrira zihoan herritar bat bizikleta erabiltzagatik eta berriro eginez gero, isuna jarriko ziotela mehatxatu zuten. Baimenduta dago, ordea; hori bai, gomendatu dute agiri bat eramatea komeni dela.

Jon Ordoñez Garmendia

Jon Ordoñez Garmendia

08:20

'Go!azen etxean'

ETB1eko Go!azen telesailak otsailaren 21ean amaitu zuen denboraldia, baina gaur eta datorren asteko asteazkenean aktoreen solasaldiekin eta bideoekin osatutako programa berezi bat emango du euskarazko kateak: Go!azen etxean. 22:30ean izango da ikusgai, baina ondotik eta datozen egunetan EITBren webgunean ere ikusi ahalko da. Igandeetan ere emango dute, 21:00etan.

Urtzi Urkizu

Urtzi Urkizu

08:19

Indian konfinamendu agindua eman dute bart. 1.300 milioi pertsonei eragingo dit, eta ondo bete ezean, herrialdeak 21 urte egingo duela atzera iragarri du Gobernuak.

Jon Ordoñez Garmendia

Jon Ordoñez Garmendia

08:12

Eroskik bikoiztu egin ditu Internet bidez egiten dituen salmentak. Martxoaren 12an hasi ziren gorakada nabaritzen, Euskal Herri osoan itxiko zirela erabaki zenean. Mercadonak, berriz, bertan behera utzi du zerbitzua Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan; egindako eskaerak beteko ditu, baina ez du gehiago onartuko, horretarako gaitasunik ez duelako.

Jon Ordoñez Garmendia

Jon Ordoñez Garmendia

08:06

Txaloak izan ziren atzo Nafarroako Ospitalean koronabirusa izan eta Zainketa Berezien Unitatetik atera zen lehen gaixoarentzat. Nafarroako Gobernuak bere egin ditu txalo horiek, eta birusaren aurka ospitaean lanean ari diren horiei ere eskaini dizkie.

Jon Ordoñez Garmendia

Jon Ordoñez Garmendia


Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Apirilaren 4an eguneratua, 14:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 11.184 gaixok eman dute positibo koronabirusaren proba eginda. 650 hil dira. COVID-19 gaitza izandako 3.409 pertsonari eman diete alta. Grafikoak, albiste barruan.

Osasungintzako langileak txaloka, Nafarroako Ospitalean, Iruñean. / ©Idoia Zabaleta, Foku

Datozen orduetan iritsiko dira Nafarroara Turkian atxiki zituzten arnasgailuak

Berria

10:00etan hasi dute Maria Txibite Nafarroako lehendakariak eta Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzakoak azken igandeetan, Espainiako beste autonomia erkidegoetako presidenteekin batera, Pedro Sanchezekin egin ohi duten bilera.

 ©IÑIGO URIZ / FOKU

Etxea ikasgela

Garikoitz Goikoetxea

Itxialdiak hankaz gora jarri du irakaskuntza: etxean ari dira ikasleak, irakasleak eta gurasoak. Pantaila edo telefono bidezkoa da irakasle-ikasleen arteko erlazio bakarra. Hezkuntzaren erronkak ageri-agerian geratu dira egunotan: adibidez, desberdintasun sozialak orekatu beharra. Etxealdian arriskuan egongo da hori.

 ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna