Noiz sortua: 2020-03-26 08:07:54

EBko kideak ez datoz bat krisiari aurre egiteko hartu beharreko neurrietan

Ez dago adostasunik: Italiak uste du Eurotaldeak proposatutako neurriak «epelegiak» direla.

Emmanue Macron Frantziako presidentea, EBko gainontzeko agintariekin egindako bideokoferentzia bidezko bileran.
Emmanue Macron Frantziako presidentea, EBko gainontzeko agintariekin egindako bideokoferentzia bidezko bileran. IAN LANGSDON / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Berria -

2020ko martxoak 26

* Indarkeria matxistako salaketak erdira jaitsi dira konfinamendua hasi zenetik.

 

* Euskal Herrian 230 hildako eta 5.373 kasu baieztatu dituzte.

 

* Epidemia Nafarroan, osasun eremuka.

 

* Munduko Merkataritza Erakundeak dio 2008ko krisia baino larriagoa datorrela.

 

* Presoen zigorrak egokitzeko aukerak onartu ditu Frantziako Gobernuak, baina euskal presoek ez dituzte baliatzen ahalko.

Zuzeneko kontakizuna

21:25

Europako Batasuna, blokeatuta

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak eta Giuseppe Conte Italiako lehen ministroak planto egin dute Europako estatuburu eta gobernuburuen bileran, koronabirusari aurre egiteko anbizio handiagoko estrategia ekonomiko bat blokeatu dutela salatuz.

Europa Press agentziari kontatu diote Espainiak eta Italiak, «beste herrialde batzuen artean», nahi dutela Europako Finantza ministroek pandemiari erantzun «solidarioago» bat ematea. Krisiak denei eragiten die, baina nork bere posizioa defendatu du; Espainiak, Frantziak eta Italiak koronabonoak eskatzen dituzte; Alemaniari, Herbehereei eta Austriari ez zaizkie «moralak» iruditzen, eta nahiago dute maileguetan eta erreskateetan pentsatu, iturri horien arabera.

Blokeoaren erdian, Madrilek eta Erromak txosten berri bat eskatu diete Europako Batasuneko bost presidenteei (Europako Batzordekoa, Europako Parlamentukoa, Europar Kontseilukoa, Europako Banku Zentralekoa eta Eurotaldekoa), ekonomiaren suspertzea gidatzeko.

Andoni Imaz

Andoni Imaz

20:34

Bigarrenez bildu dira gaur arratsaldean Eusko Jaurlaritza, aldundiak, sindikatuak eta patronala, bideokonferentzia bidez, koronabirusari aurre egiteko neurriek eragindako egoera aztertzeko. Aurretik bezala, bi bloke azaldu dira: Jaurlaritzak eta Confebaskek ahalik eta jarduera ekonomiko gehienari eustea defendatu zuten, eta sindikatuek, berriz, langileen osasunari lehentasuna ematea eskatu zuten.

Iker Aranburu

Iker Aranburu

19:17

Txinak herrialdean sartzea eragotziko die atzerritarrei

Txinako Atzerri ministerioak gaur esan duenez, behin behinean herrialdean sartzea eragotziko diete atzerritar guztie, nahiz eta bisa edo egoiliar baimenak izan. Txinan ia kontrolatuta dute pandemia, eta kasu berri gehienak atzerritik joandako pertsonetan aurkitzen ari dira. Horregatik, neurri hori gaur gauerdian sartuko da indarrean.

Paulo Ostolaza

Paulo Ostolaza

19:05

Ondarroako Udalak maskarak egiteko beharrezko materiala emango die etxean josteko makina bat duten herritar guztiei. Hala, maskarak egin ahalko dituzte etxean. Udalak adierazi duenez, «oso zaila da maskarak lortzea», eta beharrezkoak dituzte herrian adinekoei laguntzen ari diren pertsonentzat.

Paulo Ostolaza

Paulo Ostolaza

18:55

Italian, 8.000 hildakotik gora

Italian 8.000 pertsona baino gehiago hil dira koronabirusaren eraginez, eta denera 80.000 baino gehiago kutsatu ditu COVID-19 gaitzak. Azken egunetako beheranzko joera hautsi da, eta 4.492 positibo gehiago atzeman dituzte. Dena dela, 662 lagun hil dira azken 24 orduetan, asteartetik asteazkenera baino 21 gutxiago. Gaitza izandako beste mila lagun osatu egin dira, gainera; 10.361 sendatu dira denera.

Andoni Imaz

Andoni Imaz

18:43

Babes neurriak eskatu dituzte Frantziako Poliziek

Frantziako Polizien sindikatu guztiek abisu bat eman diote gaur gobernuari: babes neurririk ez badute, ez dute konfinamendua betetzen dela ziurtatzeko kontrolik egingo. Zituzten maskarak kendu dizkietela salatu dute, osasun sistemako langileei emateko.

Paulo Ostolaza

Paulo Ostolaza

18:27

Lehen hildakoa Gipuzkoako zahar etxeetan

Gipuzkoako Foru Aldundiak adierazi duenez, 91 urteko emakume bat hil da Zarauzko Santa Ana egoitzan, Gipuzkoako zahar etxe batean hildako lehenengoa. Astelehenean eman zuen positibo koronabirusaren proban.

Paulo Ostolaza

Paulo Ostolaza

18:14

Bizkaiko zahar etxe pribatuak kudeatzen dituen Gesca enpresak ohar bat argitaratu du, «ezarritako neurri eta protokolo guztiaz zehatz mehatz» betetzen ari direla esateko. Erabiltzaileak eta haien familiak lasaitzea da enpresaren asmoa. «Baliabide falta dugun arren, modu eraginkorrean kontrolatzen ari gara gaixotasuna».

Paulo Ostolaza

Paulo Ostolaza

17:57

Hego Euskal Herrian 17.200 lan erregulazio espediente aurkeztu dira

Geroz eta gehiago dira koronabirusaren krisiari aurre egiteko lan erregulazio espedienteak aurkezten ari diren enpresak, eta 109.577 behargini eragin diete jada Hego Euskal Herrian. 17.200 espediente aurkeztu dira: Bizkaian 7.108, Gipuzkoan 4.471, Nafarroan 3.624 eta Araban 1.997.

Paulo Ostolaza

Paulo Ostolaza

17:35

Pandemia hasi zenetik 23 hildako Arabako zahar etxeetan

Arabako Foru Aldundiak emandako azken datuen arabera, 23 lagun hil dira koronabirusaren ondorioz herrialdeko zahar etxeetan. Araban dauden 94 zahar etxeetatik 18tan baieztatu dute kasuren bat.

Paulo Ostolaza

Paulo Ostolaza

17:13

Perun harrapatuta zegoen euskaldun talde bat gaur goizean iritsi da Loiuko aireportura. Nazioarteko joan etorriei buruz idatzi du gaur, BERRIAn, Gotzon Hermosilla kazetariak.

Paulo Ostolaza

Paulo Ostolaza

17:06

TAO sistema bertan behera utzi dute Donostian eta Bilbon

Hainbat hirik indargabe utzi dute aparkatzeagatik kobratzeko TAO sistema konfinamendua hasi zenetik; tartean dira Gasteiz, Iruña, Irun eta Eibar, besteak beste. Donostian eta Bilbon, berriz, bihartik aurrera indargabetuko dute sistema udalek. Azken egunetan asko izan dira bi udalek sistema horrekiko izan duten jarrera kritikatuko duten alderdi eta eragileak.

Paulo Ostolaza

Paulo Ostolaza

16:23

Munduan, ia 500.000 kutsatu

Munduko zifren azken eguneraketa 15:30tan argitaratu du Johns Hopkins Unibertsitateak. Pandemiak 175 herrialderi eragin die jada, eta 491.623 kasu daude baieztatu. Hildakoak, berriz, 22.169 dira. Sendatutako pertsonak 118.245 dira, gehienak, Txinan (74.181).

Paulo Ostolaza

Paulo Ostolaza

16:19

AEBetan, 12.000 kasu azken 24 orduetan

Koronabirusa indartsu heldu da Ameriketako Estatu Batuetara, eta 12.000 kasu erregistratu dituzte azken 24 orduetan. Astebete daramate jada egunean 5.000 kasu baino gehiago atzematen. Guztira, 69.000 kasu baieztatu eta 1.000 hildako baino gehiago eragin ditu pandemiak han.

Paulo Ostolaza

Paulo Ostolaza

16:11

15 pertsona ospitaleraturik Ipar Euskal Herrian

Pirinio Atlantikoetako Eric Spitz prefetak eta Eskualdeko Osasun Agentziako Maritxu Blanzacok Francebleu irratian jakitera eman dute Ipar Euskal Herrian 15 pertsona daudela ospitaleratuak koronabirusarekin. Horietarik lau arta intentsiboko zerbitzuan daude, egoera larriagoan.

Oihana Teyseyre Koskarat

Oihana Teyseyre Koskarat

14:51

Idoia Mendia, ospitaleratuta

Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusi eta lehendakarigaia Basurtoko ospitalean sartu dute gaur, koronabirusaren proban baiezkoa eman duela eta. Egun batzuk zeramatzan sintomekin. Bilboko Udalean zinegotzi den Alfonso Gilek ere, Mendiaren senarrak, egun batzuk daramatza bakartuta birusaren ondorioz. Twitterren eman du albistea.

Paulo Ostolaza

Paulo Ostolaza

14:06

Madrilek lizentziarik gabeko enpresa bati erosi zizkion test azkarrak

Espainian, eguneko albistea gobernuak Txinako enpresa bati erositako test azkar batzuei buruzkoa da. Madrilek 340.000 test erosi zituela iragarri zuen, baina 9.000 soilik iritsi omen dira, eta itzuli egingo omen dituzte. Dirudienez, test horiek ez dira fidagarriak, eta Txinako Gobernuak esan du lizentziarik gabeko enpresa bat dela ekoizten dituena. Twitterren eman dute azalpena.

Paulo Ostolaza

Paulo Ostolaza

13:53

Sei udalerritan, 100 kasu baino gehiago

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, sei dira jada 100 kasu baieztatu baino gehiago dituzten udalerriak: Gasteiz (1.116), Bilbo (535), Basauri (166), Getxo (144), Donostia (143) eta Barakaldo (120).

Paulo Ostolaza

Paulo Ostolaza

13:42

Ertzaintzak sei pertsona atxilotu eta 458 salatu zituen atzo

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun saila egunero ari da ematen Ertzaintzak eta Udaltzainek jarritako salaketen inguruko datua. Atzo, sei pertsona atxilotu zituzten, eta 458 salatu konfinamendua ez betetzeagatik.

Paulo Ostolaza

Paulo Ostolaza

13:31

Nafarroan, 3.624 lan dosier

Nafarroan, atzora arte, 3.624 lan erregulazioko espediente aurkeztu dira, horietako gehienak aldi baterako doierrak dira. Javier Remirez gobernko lehen presidenteordeak adierazi duenez, espedienteen %30 erregistratu dute eta 10.648 langileri eragingo die. Bihar, 13:00etan, bigarren bilera bat izango dute gizarte eragileek gobernuarekin: CEN patronala eta ANEL lan sozietateen elkartea eta ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuak.

Joxerra Senar

Joxerra Senar

13:22

Greba mugagabea Arabako Aernnovan

LABek jakinarazi duenez, Arabako Aernnova Aerostructuraseko enpresa batzordeak greba mugagabera deitu du, «laneko osasuna bermatzeko». Datorren asteartean abiatuko lukete.

Aurreko asteko asteartean itxi zuten Berantevillan dagoen lantegian, langileen protestengatik —langile batzuk gaixo daude COVID-19agatik eta beste batzuk berrogeialdian daude, sindikatuaren arabera—. Baina asteazken honetan berriz zabaldu dute, «ezer gertatuko ez balitz bezala».

Jokin Sagarzazu

Jokin Sagarzazu

13:10

Azken egunetan hainbat osasun langile kexu agertu dira ez dutelako euren babeserako behar adina material. Horri erantzunez, Murgak esan du zuzentzen duen sailaren «erabateko lehentasuna» dela langileak babestuta egotea.

Paulo Ostolaza

Paulo Ostolaza

13:07

Atzo, 1.511 froga

Agerraldia egin du Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak. Besteak beste, esan du atzo 1.511 froga egin zituela Osakidetzak, duela hiru egun egin zituztenen bikoitza. Denera, 10.000 baino gehiago egin dituzte. Gainera, Murgak gehitu du atzo 223.640 maskara eta eskularru eman zizkietela udaletxe eta mankomunitateei, eta materiala «etengabe» bidaltzen ari direla zahar etxeetara.

Paulo Ostolaza

Paulo Ostolaza

12:27

229 hildako Hego Euskal Herrian

Espainiako Osasun ministerioaren azken datuen arabera, koronabirusak 229 hildako eragin ditu jada Hego Euskal Herrian, azken zenbaketan baino 41 gehiago. Kutsatutako pertsonen kopuruak ere nabarmen egin du gora azken 24 orduetan: 889 dira berriak, eta, guztira, 5.357 laguni baieztatu diete koronabirusa Hegoaldean. Zainketa intentsiboen unitatean 191 pertsona daude uneotan. Itxaropenerako datua: 656 sendatu dira, atzo baino 167 gehiago.

Paulo Ostolaza

Paulo Ostolaza

12:25

Hamasei hildako gehiago, Nafarroan

Gobernuak 12:30ean egingo duen irakurketaren zain, albiste txarrak Nafarroatik: 24 orduan, hamasei hildako gehiago daude (49 koronabirusa Euskal Herrira ailegatu zenetik). Era berean, Nafarroan uneotan %17,8 igo dira kasu positiboak (atzotik 214 gehiago alegia). Espainiako Osasun Minsterioaren arabera, larrialdi unitateetan atzo baino hiru gaixo gehiago daude (54, orotara). 35 lagun sendatu dira egunotan, atzo baino hamabi gehiago. Datu guztiok Ministerioak goizean ematen baditu ere, atzo arratsaldean gaurkoturiko datuak dira, baina aurreko 24 orduarekiko aldea egiteko balio dezake.

Joxerra Senar

Joxerra Senar

12:14

Militarrak Erriberrin eta Tafallan

Espainiako Armadako militarrak ikusi dira gaur goizean Erriberriko kaleetan (argazkia bertakoa da). Guardia Zibilaren patrolak ere ikusi dira Nafarroa erdialdeko herrian, militarrekin batera. Lekukoek baieztatu dutenez, Tafallan ere ibili dira.

Joxerra Senar

Joxerra Senar

12:00

ETB eskolako edukiak ematen hasiko da astelehenetik aurrera; hiru orduko saioak prestatu ditu 09:00etatik 12:00etara, eta ETB3n eta Eitb.eus atarian egongo dira ikusgai. Xehetasun gehiago, hemen.

Jon O. Urain

Jon O. Urain

10:40

Hego Euskal Herria apirilaren 12ra arte konfinatuta

Espainiako Gobernuan aurretik adierazia zuen alarma egoera apirilaren 12ra arte luzatuko dela, baina Kongresuaren baietza behar zuen erabakia berresteko. Atzo egin zuten bilkura, eta aldeko 321 boto lortu zituen Espainiako presidente Pedro Sanchezek. Ez zen aurkako botorik egon, baina bai abstentzioak (28). EH Bilduk, JxCk, ERCk eta CUPek alde ez bozkatzeko hautua egin zuten, beharrezkotzat jotzen dutela ezinbestekoak ez dire jarduera ekonomikoak geratzea. EAJko diputatu Mikel Legardaren ustez, ordea, ez da halako neurririk hartzeko unea.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

10:10

472.109 kasu baieztatuta munduan

Munduan 472.109 COVID-19 kasu atzeman dira, Johns Hopkins unibertsitatearen kalkuluen arabera. Denera 21.308 dira hildakoak. Sendatuak, berriz, 114.870. Txina, Italia eta AEBak dira kutsatu gehien atzeman dituzten herrialdeak. Azken hori pandemiaren epizentro berri izateko bidean doa, egun bakarrean 12.000 kasu baiztatu ostean.

Iazko abenduan lehen kasuak atzeman zituztenetik 67 egun pasa ziren 100.000 kasuetara iristeko. 11 egun geroago 200.000 ziren kutsatuak, eta beste lau egunen ostean, 300.000, BBCren datuen arabera. Asteartean baieztatu ziren 400.000 kasu, hiru egun pasa eta gero. Igoera erritmoa kontuan izanik, gaur baieztatuko litzateke 500.000. kasua.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

09:54

Baionako zahar etxean, kasu bat gehiago

Baionako Haranbillet zahar etxeko bi adineko ospitaleratu zituzten iragan asteburuan, koronabirusarekin kutxatuta. Geroztik, bi osasun langile ere positibo agertu ziren. Asteartean, hirugarren adineko bat ospitaleratu zuten sintomoak zituelako eta testaren emaitzak aste honetan emanen dituzte.

Oihana Teyseyre Koskarat

Oihana Teyseyre Koskarat

09:37

Washington, AEBetako hiriburua, berrogeialdian dago atzo gauetik, eta hala jarraituko du apirilaren 24ra arte. AEBetako presidente Donald Trump halako neurrien aurka agertu arren, Muriel Bowser alkate demokratak, besteak beste, hostalaritzaren, gimnasioen eta denden itxiera agindu du -eskolak martxoaren 16an itxi zituzten-. Irekita jarraituko dute supermerkatuek, osasun zentroek, haurtzaindegiek, bankuek eta bizikleta dendek, besteak beste.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

09:21

Txina, kasu berririk atzeman gabe

Txinako Gobernuak adierazi du atzo ez zutela kasu berririk atzeman. Atzerritik inportatutako kasuak, ordea, 67 izan ziren, eta denera 541 dira. Txinan zifra orokorrak honakoak dira: 81.285 kasu baieztatuta, 3.287 hildako -sei atzo, denak Hubeien-, eta 74.051 sendatu -401 atzo-. Une honetan, 3.947 lagun daude COVID-19agatik ospitaleratuta, 1.235 larri.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

08:06

Euskal Herrian 188 dira hilak

Euskal Herrian 4.479 gaixok eman dute positibo koronabirusaren proba eginda, administrazioen arabera. 188 hil dira. COVID-19 gaitza izandako 489 pertsonari eman diete alta. Ikusi azken datuak, eguneratuta.

Jon OrdoƱez Garmendia

Jon OrdoƱez Garmendia

08:04

Nafarroan, azken 24 orduetan %18 handitu da COVID-19 gaitza baieztatua dutenen kopurua, 1.197 arte. Bi hildako gehiago daude, eta, ondorioz, 33 lagun zendu dira SARS-CoV-2 koronabirusaren ondorioz: pertsonok 63 urtetik 91 urtera arteko tartea zuten, eta, batez beste, 83 urte.

Jon OrdoƱez Garmendia

Jon OrdoƱez Garmendia

08:04

Birusa, zabalduz

Espainiako Osasun Ministerioak emaniko azken datuen arabera, 4.468 kasu atzeman dituzte Hego Euskal Herrian, azken zenbaketan baino 715 gehiago. Horietako 170 zainketa intentsiboetako unitatean daude. Dagoeneko 188 pertsona hil dira, 23 gehiago azken 24 orduetan. Itxaropenerako datua: 489 sendatu dira, atzo baino 34 gehiago.

Jon OrdoƱez Garmendia

Jon OrdoƱez Garmendia


Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Apirilaren 4an eguneratua, 14:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 11.184 gaixok eman dute positibo koronabirusaren proba eginda. 650 hil dira. COVID-19 gaitza izandako 3.409 pertsonari eman diete alta. Grafikoak, albiste barruan.

Osasungintzako langileak txaloka, Nafarroako Ospitalean, IruƱean. / ©Idoia Zabaleta, Foku

Datozen orduetan iritsiko dira Nafarroara Turkian atxiki zituzten arnasgailuak

Berria

10:00etan hasi dute Maria Txibite Nafarroako lehendakariak eta Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzakoak azken igandeetan, Espainiako beste autonomia erkidegoetako presidenteekin batera, Pedro Sanchezekin egin ohi duten bilera.

 ©IĆÑIGO URIZ / FOKU

Etxea ikasgela

Garikoitz Goikoetxea

Itxialdiak hankaz gora jarri du irakaskuntza: etxean ari dira ikasleak, irakasleak eta gurasoak. Pantaila edo telefono bidezkoa da irakasle-ikasleen arteko erlazio bakarra. Hezkuntzaren erronkak ageri-agerian geratu dira egunotan: adibidez, desberdintasun sozialak orekatu beharra. Etxealdian arriskuan egongo da hori.

 ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna