Noiz sortua: 2020-03-27 07:45:51

Zuzenekoa

Konfinamendua apirilaren 15era arte luzatu dute Ipar Euskal Herrian

Martxoaren 17an hasi zen itxialdia. Frantzian 1.696 hildako eragin ditu koronabirusak.

Edouard Philppe Frantziako lehen ministroa, gaurko agerraldian, Parisen.
Edouard Philppe Frantziako lehen ministroa, gaurko agerraldian, Parisen. Bertrand Guay / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Berria -

2020ko martxoak 27

* Madrilek zaildu egin du alarma egoeran langileak kaleratzea.

* Txibite: «Esfortzu ekonomiko guztiak larrialdi egoeraren zerbitzura daude».

* Hego Euskal Herrian 265 hildako eta 6.242 kasu baieztatu dituzte.

* Mugimendu feministak sortutako mahaian parte hartzeko eskatu diete Urkulluri eta Txibiteri.

* Mitxel Lakuntza: «Delitua da langileen osasuna arriskuan jartzea».

Zuzeneko kontakizuna

23:28

Alavesek eta Baskoniak, enplegu erregulazioa

Aldi baterako enplegu erregulazioa ezarriko dute Alaves-Baskonia taldean. Guztira 766 jokalari eta teknikari ditu taldeak, eta lanetik aparte egongo dira koronabirusaren krisia igaro arte. Agintariek kirol jarduerak berriro baimentzean itzuliko dira atzera lanera, taldeak berak adierazi duenez.

Mikel P. Ansa

Mikel P. Ansa

23:25

AEBeen eusteko planerako, 1.800 milioi euro

Amerikako Estatu Batuetako ekonomiak koronabirusaren ondorioz izan dezakeen atzeraldiari aurre egiteko, 1.800 milioi euro inguruko plan bat izenpetu du Donald Trump presidenteak. Herrialdearen barne produktu gordinaren %10 adina da hori. Errepublikanoen eta demokraten babes zabala izan du, aurreneko aldiz, plana aurrera ateratzeko. Urtean 75.000 dolar baino gutxiagoko sarrerak dituzten familia unitateei 1.075 euroko laguntzak emateko aukera jasotzen du planak, besteak beste; 17 urtez azpiko bakoitzagatik 450 euro gehiago ordainduko ditu gobernuak. Enpresa txiki eta ertainei ere emango dizkiete laguntzak, eta osasun sistema indartzeko neurriak ere ezarriko ditu. Bestalde, gobernuak adierazi du prest dagoela, beharrean izango balira, zenbait enpresa behartzeko, arnasa hartzeko gailuak eta beharrezkoak liratekeen bestelako tresnak fabrikatu ditzaten.

Mikel P. Ansa

Mikel P. Ansa

23:17

Espainiako Gobernuak 575.000 maskara bidali ditu Hegoaldera

Martxoaren 10az geroztik 7,5 milioi maskara banatu dizkie Espainiako Gobernuak autonomia erkidegoei. Horietatik ia 600.000 iritsi dira Hego Euskal Herrira. Eusko Jaurlaritzari eman dizkio 406.155, eta Nafarroako Gobernuari,169.208. Txinan beste 100 milioi maskara kirurgiko erosi berri ditu, eta ffp2 eta ffp3 erako beste hiru milioi ere bai. Eskularruak eta gel hidroalkoholikoak ere erosi ditu azken erosketa horretan.

Mikel P. Ansa

Mikel P. Ansa

22:50

509.000 gaixo munduan, eta 23.000 hildako

OME Osasunaren Mundu Erakudeak bere eskuetan dauden azkeneko datuak eman ditu: mundu osoan 509.164 gaixori antzeman diete koronabirusa, eta horietatik 23.335 hil dira (%4,5 inguru). Bezperan baino 46.480 gaixo gehiago eta 2.501 hildako gehiago dira. Munduko 200 herrialdetara zabaldu da gaitza; hogei estatu baizik ez dira kasurik jakinarazi ez dutenak.

Azkeneko orduetan AEB Amerikako Estatu Batuetan izan du gaitzak zabalpen handiena: 96.000 kasu daude han, Txinan baino 15.000 gehiago. Alemanian 49.000 dira dagoeneko, eta Espainian, 41.000 inguru. Frantzian eta Iranen 32.000 gaixo dituzte herrialde bakoitzean, Erresuma Batuan 14.000, eta Suitzan 12.000. Kutsatu diren horietatik, orain arte 100.000 inguru osatu direla ere jakinarazi dute.

Mikel P. Ansa

Mikel P. Ansa

22:41

Kongon ebolak jotako eskualdeetara iritsi da COVID-19a

Kongoko Errepublika Demokratikora ere heldu da koronabirusa, non ebola izurri bat izan baitute azkeneko urte eta erdian. Apiril erdirako espero zuten esan ahal izatea ebola izurria kontrolatu zutela, eta tarte horretan heldu da koronabirusa, lehendik gaitz horrek jotako eskualdeetara. Ituri probintzian atzeman diote gaitza meatzari bati. Gobernuak joan den asteartean ezarri zuen salbuespen egoera, eta mugak itxi zituen. Orain arte 54 kutsatu atzeman dituzte, eta bost pertsona hil direla baieztatu dute.

Mikel P. Ansa

Mikel P. Ansa

21:30

AEBetako saskibaloi liga profesionalak igarri du soldata %20 jaitsiko diela gehien irabazten duten bere 100 exekutiboei. Koronabirusaren krisiarengatik bertan behera utzi dute liga.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

19:29

Frantziako Tourrak iragarri du oraingoz aurreikusitako datak mantenduko dituela.

Paulo Ostolaza

Paulo Ostolaza

19:10

AEBetan bi bilioi dolarreko diru laguntzak onartu dituzte

Ameriketako Estatu Batuetako Ordezkarien Ganberak herrialdean inoiz onartu den diru laguntzarik handiena onartu du, bi bilioi dolarrekoa —900.000 milioi euro—. Helburua koronabirusaren krisiari aurre egin eta herrialdeko ekonomiari eustea da. Donald Trump presidenteak sinatzea falta da, baina hala egingo duela dirudi. COVID-19ak 1.300 hildako eragin ditu AEBetan, baina joera goranzkoa da han.

Paulo Ostolaza

Paulo Ostolaza

19:06

Plan berezia aktibatu du Baionako ospitaleak

Asteburu honetan Frantzia ekialdeko sei paziente jasoko ditu Baionako ospitaleak, suspertze zerbitzuan. Frantziako Estatuko zona horretan dago kutxatu gehien. Hala, Baionako ospitalean larrialdi egoerei aurre egiteko plana abiatu dute gaur: langile guztiak edozein momentutan mobilizatzeko gaitasuna izango dute. Bestalde, antolaketa egokitu beharko dute zerbitzuetan.

Oihana Teyseyre Koskarat

Oihana Teyseyre Koskarat

18:49

Gaur goizean sindikatuek deitutako protestak izan dira Euskal Herriko hainbat lantokitan, eta Basauriko Sidenorren jazotakoa salatu du ELAk. Sindikatuaren arabera, «Eusko Jaurlaritzari bost axola zaio langileen osasuna»; gaur goizean protesta ekiditera Ertzaintza bidali izana, berriz,, «patronalaren interesak defendatzea» dela deritzo ELAk.

Paulo Ostolaza

Paulo Ostolaza

18:13

Beste bi hildako Arabako adinekoen egoitzetan

Dagoeneko Arabako zahar etxeetako 29 erabiltzaile hi ditu koronabirusak, beste bi azken orduetan. Hildakoetako 26 egoitza pribatuetan bizi ziren, eta hiru publikoetan. Dagoeneko 136 egoiliarri diagnostikatu diete gaitza.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

18:11

Hego Euskal Herrian 20.458 lan erregulazio espediente aurkeztu dituzte

Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren azken eguneraketen arabera, 114.000 langile ingururi eragiten dieten 20.458 lan erregulazio espediente aurkeztu dituzte enpresek. Gehienak, aldi baterakoak dira.

Paulo Ostolaza

Paulo Ostolaza

18:03

Italian ia mila hildako azken egunean

Italian, inoiz baino hildako gehiago eragin ditu koronabirusak azken 24 orduetan: 969. Guztira, koronabirusaren eraginez hildako 9.134 kasu baieztatu ditu gobernuak. 5.959 kasu berri ere atzeman dituzte, 85.498 guztira.

Paulo Ostolaza

Paulo Ostolaza

17:55

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailak jakinarazi duenez, Ertzaintzak eta Udaltzaingoek 430 salaketa jarri zituzten atzo konfinamendua ez errespetatzeagatik, eta bederatzi pertsona atxilotu zituzten.

Paulo Ostolaza

Paulo Ostolaza

17:53

Dagoeneko milioi erdi kasu diagnostikatu dituzte munduan

Osasunaren Mundu Erakundeak oraintxe emaniko datuen arabera, dagoeneko milioi erdi pertsonari diagnostikatu diete COVID-19 gaitza munduan. Tedros Adhanom Ghebreyesus OMEko buruak azaldu duenez, 20.000 pertsona baino gehiago hil dira dagoneko. Haatik, 100.000 gaixo pasatxo sendatu dira, hau da, diagnostikaturiko bostetik bat.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

17:16

Ipar Euskal Herrian apirilaren 15era arte luzatu dute konfinamendua

Frantziako Gobernuak agerraldia egin du, eta iragarri du, gutxienez, apirilaren 15era arte luzatuko duela konfinamendua. Martxoaren 17an agindu zuen itxialdia gobernuak. Pandemiak 1.696 hildako eragin ditu Frantzian.

Paulo Ostolaza

Paulo Ostolaza

16:59

NDF: «Krisi hau 2008koa bezainbestekoa edo okerragoa izango da»

NDF Nazioarteko Diru Funtseko zuzendariak, Kristalina Georgieva, esan du «argi» dagoela mundua atzeraldi batean sartu dela, «2008koa bezainbestekoa edo okerragoa». Ekonomialariaren arabera, 2021era arte gutxienez itxaron beharko da errekuperazioa hasteko.

Paulo Ostolaza

Paulo Ostolaza

16:37

Munduan, 25.000 hildako

Johns Hopkins Unibertsitatearen azken eguneraketaren arabera, 176 herrialdetara iritsi da koronabirusa, eta 553.244 kasu baieztatu dira jada, horietatik 312.000 lau herrialde kaltetuenetan: AEBak, Txina, Italia eta Espainia. Pandemiak hildakoak 25.035 dira, eta sendatu direnak 127.567.

Paulo Ostolaza

Paulo Ostolaza

16:27

Gaur, 18:30etan, etxetik etxera bertso saioa egingo dute Julio Soto, Aitor Sarriegi, Aitor Mendiluze, Jone Uria, Nerea Ibarzabal eta Andoni Egaña bertsolariek. Unai Elizasu izango da gai jartzailea, eta labur.eus/etxetiketxera helbidean jarraitu ahalko da.

Paulo Ostolaza

Paulo Ostolaza

15:47

Langileen kaleratzea debekatuta

Espainiako Gobernuak debekatu du langileak kaleratzea alarma egoerak iraun bitartean. Hala jakinarazi du Yolanda Diaz Lan ministroak, Ministroen Kontseiluaren ondorengo agerraldian —orain ari dira egiten—.

Jokin Sagarzazu

Jokin Sagarzazu

15:39

Mugimendu feministaren eskaria Urkulluri eta Txibiteri

Euskal Herriko Mugimendu Feminista hainbat sindikaturekin eta alderdirekin bildu da, «zainketen kolapsoa ekiditeko» martxan jarritako mahaiaren lehen jardunaldian. Eskaera argia egin die Iñigo Urkullu Eusko Legebiltzarreko lehendakariari eta Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariari: parte hartu behar dute sortu duten mahai tekniko, politiko eta feministan.

Paulo Ostolaza

Paulo Ostolaza

15:29

PuntuEUS Fundazioak laguntza eskaini die negozio txikiei

Ate fisikoak itxi behar izan dituzten enpresa eta egitasmo txikiei, Interneterako beste ate bat zabaltzen lagunduko die .eus domeinua kudeatzen duen fundazioak. Webgunerik ez duten merkatari, artista edo bestelako profesionalei, .eus gune bat izeko aukera emango diete doan lehenengo urterako. Webgune bat pausoz pauso nola sortu azaltzeko bideo sorta bat du PuntuEUS fundazioak.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

15:13

Hiriburuak kontutan hartu gabe, Basauri (Bizkaia) da koronabirusak gogorren jo duen herria Euskal Herrian. Horregatik, Udala gaur hasi da telefonoz 80 urtetik gorako herritar guztiekin harremantean jartzen, haien egoera ezagutzeko eta, beharrezkoa bada, laguntza eskaintzeko; 2.500 inguru dira. Basaurin, lau pertsonatik batek 65 urte baino gehiago ditu.

Paulo Ostolaza

Paulo Ostolaza

14:57

21 kasu Baionako ospitalean

Euskal Irratien arabera 21 dira Baionako ospitalean koronabirusa duten eriak. Horietarik 7 suspertze zerbitzuan daude, egoera larriagoan.

Oihana Teyseyre Koskarat

Oihana Teyseyre Koskarat

14:51

Salbuespen egoera gogortzeko asmoa du Madrilek, SER-en arabera

SER irrati kateak zabaldu duen txosten baten arabera, Espainiako Gobernua koronabirusaren aurkako neurri gogorragoak hartzekotan da. Neurri garrantzitsuena ezinbestekoak ez diren hainbat lan jarduera debekatzea izango litzateke. Txostenaren arabera, janaria, osasuna babesteko materiala edo botikak ekoizten dituzten sektoreak soilik mantenduko dira zabalik.

Paulo Ostolaza

Paulo Ostolaza

14:43

Ehundaka langilek babestu dute sindikatuen deialdia

ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta HIRU sindikatuek protestara deituak zituzten langileak gaurko, osasuna eta lanaren defentsan, eta beharrezkoa ez den jarduera oro gera dadin eskatzeko. Hainbat modutan izan dira protestak: geldialdiak, zaratak edo kontzentrazioak. Basauriko Sidenor enpresako langileek irakurritakoa zabaldu du ELAk.

Paulo Ostolaza

Paulo Ostolaza

14:33

Eusko Jaurlaritzak osasun zentro pribatuei luzatu die gaur ezinbestekoa ez den edozein kontsulta edo tratamendu egiteko debekua. Neurria lehendik zegoen indarrean Osakidetzan. Helburua «baliabide guztiak koronabirusaren aurkako borrokan» erabiltzea da.

Paulo Ostolaza

Paulo Ostolaza

14:10

Zahar etxeetan, gero eta kasu gehiago

Nafarroako Gobernuak 84 koronabirus kasu baieztatu ditu herrialdeko zahar etxeetan, eta hildakoak zazpi dira jada. 83tik 23 zentrori soilik eragin die pandemiak momentuz. Bizkaian, berriz, 78 kasu baieztatu dituzte, eta beste 87 bakartuta daude baiezko emaitzaren zain. 155 egoitzatik 24tan atzeman dituzte kasuok. Gipuzkoan, 76 adineko daude koronabirusak jota zahar etxeetan —zortzi gehiago diagnostikatu dituzte gaur—; atzo erregistratu zuten zahar etxe batean hildako lehen pertsona herrialde horretan.

Paulo Ostolaza

Paulo Ostolaza

13:23

Gasteizko Lakua hotela, gaixoak jasotzeko prest

Mikel Sanchez Eusko Jaurlaritzako Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendariak gaur baieztatu duenez, Gasteizko Lakua hotela prest dago jada gaixoak jasotzeko. Gaur goizean izan dira han Osakidetzako ordezkariak, gaixoak iristean nola jokatu zehazteko.

Paulo Ostolaza

Paulo Ostolaza

13:00

AEBak, baieztatutako kasu gehien dituzten herrialdea

AEBak bilakatu dira koronabirusaren pandemiaren epizentro nagusia, baieztatutako kasu kopuruan Txina gaindituta. Gaur 18.100 kutsatu berri atzeman dituzte, eta goranzkoa da joera. Hemen, koronabirusaren azken datuak.

Paulo Ostolaza

Paulo Ostolaza

12:48

Positibo eman du Boris Johnsonek

Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak koronabirusa baieztatu berri du Twitterren: «Azken 24 orduetan sintomak izan ditut, sukarra eta eztula etengabe, eta positibo eman dut koronabirusaren proban». Johnsonek jarrera eszeptikoa erakutsi zuen duela gutxira arte koronabirusaren krisiarekiko, eta astelehenean ezarri zuen konfinamendua Erresuma Batuan.

Paulo Ostolaza

Paulo Ostolaza

12:09

6.242 kutsatu Hego Euskal Herrian

Espainiako Osasun Ministerioaren arabera, atzo 885 kasu gehiago baieztatu zituzten Hego Euskal Herrian, eta 36 lagun gehiago hil ziren. Denera, beraz, 6.242 kutsatu daude Hego Euskal Herrian, eta 265 lagun hil dira. 884 lagun sendatu dira.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

11:55

Lekukoa.com laborariak eta herritarrak harremanean jartzeko

Lekukoa.com webgunea sortu dute Idoki etxe ekoizleen elkarteak, BLE Biharko Lurraren Elkarteak, EHLG Euskal Herriko Laborantza Ganbarak eta ELB sindikatuak. Heldu den astetik aitzina, asteroko banaketa sistema bat abiatuko dute, Ipar Euskal Herriko ehun bat etxaldetako ekoizpenekin. Hogei bat herritan eginen dituzte banaketak, herrietako zerbitzu teknikoen laguntzarekin.

Ekhi Erremundegi Beloki

Ekhi Erremundegi Beloki

11:34

Baionako zahar etxeko pazientearen testa, negatibo

Iragan asteartean ospitaleratu zuten Baionako Haranbillet zahar etxeko paziente bat, koronabirusa zuelakoan. Testa egin zioten eta negatibo agertu da. Zahar etxe horretan bi adinekok daukate koronabirusa, eta ospitalean daude oraindik. Bertako bi langilek ere positibo eman zuten iragan astean.

Oihana Teyseyre Koskarat

Oihana Teyseyre Koskarat

11:21

Azora inbertsio funtsaren jabegoko etxebizitzetan bizi diren herritarrek, Kaleratzerik Ez plataformak, Groseko bizilagun elkarteak eta Amarabaik adierazi dute ez dela nahikoa funts horrek koronabirusaren krisiaren aurrean eginiko proposamena: alokairuen ordainketa «atzeratzea, eta kuotak ez barkatzea, urtebetean hainbanatuz». Kaleratzerik ez plataformaren esanetan, Azorak gutun bana bidali die errentariei, eta azaldu aukera hori emango dietela «enplegua galtzen dutenei eta autonomiei, salmenten %40 galtzen badute».

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

10:54

Garbiketa enpresek norbera babesteko ekipamenduak eskatu dizkiote Eusko Jaurlaritzari, desinfekzio eta garbiketa lanetan «araudia betetzeko». Enpresek adierazi dute «zailtasunak» dituztela langileentzako «baldintza seguruetan» lan egiteko ekipamendu eta garbiketa materialak lortzeko.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

10:42

Ene Kantak-ek hiru erronka bota ditu etxean egiteko. Koreogragia bat sortzea (Egun on, Animalien ibilkera, Alemana, 3Ene kantak, Perez sagutxoa abestiarekin, edota Ipurdi-ipurdirekin), musika tresnekin eta jostailuekin jotako abesti bat egitea, edo, librean, «etxeko artistaren emanalditxoa» grabatzea. Eurei 679806622 telefonora (formatu etzanean) bidalitako bideoak 3Enekantak saioan jarriko dituzte.

10:23

Alemanian 5.700 kasu berri atzeman dituzte azken 24 orduetan, eta 55 hildako gehiago. Denera, 42.000 kutsatu baino gehiago daude, eta 253 lagun hil dira. Errusian ere 1.000 kasutik gora baieztatu dituzte denera, eta hiru hildako daude.

Afrikako 46 herrialdetara ere iritsi da COVID-19 eritasuna. Afrikako Batasunaren esanetan, 3.200 kasu baieztatu dituzte, eta 83 lagun hil dira. Horietatik 1.000 inguru Hegoafrikan atzeman dituzte, eta hiru hildako daude han.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

10:11

1.881 salaketa Nafarroan

Alarma egoera ezarri zenetik, 1.881 salaketa jarri dituzte poliziek Nafarroan, eta 22 lagun atxilotu, 463/2020 lege dekretuan oinarrituta. Salaketen erdia inguru Guardia Zibilak (496) eta Espainiako Poliziak (405) egin dituzte; beste erdia, foruzainek eta udaltzainek.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

10:04

Nafarroan, 1715 positibo

Gaur Nafarroako Parlamentuan osoko bilkura berezia egiten ari dira, martxoaren 18an zein hilaren 25ean onartutako bi dekretuen inguruan. Bertan, Maria Txibite Nafarroako lehendakariak datuak eguneratu ditu. Batetik goizeko 8:00etako datuen arabera 1.715 kasu positibo daude -adierazi du gaur Espainiko Osasun Ministerioak emango dituen datuekin alderatuta desberdina izango dela, ministeriok emango dituenak atzoko 20:00etakoak direlako). Gainera, adierazi du uneotan 3.624 lan erregulazioko dosier aurkeztu direla -horietatik %30 inguruk 10.628 langileri eragiten die-.

Joxerra Senar

Joxerra Senar

10:03

Lege iruzurra egin eta alarma egoerak iraun bitartean enplegua mantentzeko betebeharra hausten duten enpresak salatuko ditu ELA sindikatuak. Adierazi dute azken egunetan «ahalik eta behin-behineko kontratu gehien desegiten» ari direla hainbat enpresa: «Behin-behineko kontratuak dituzten pertsonak behin-behineko lan erregulazioko espedienteetatik kanpo utzi nahi dituzte, eta alarma egoeraren osteko sei hilabeteetan enplegua mantentzeko betebehar legala ekidin».

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

09:45

18.100 kutsatu berri AEBetan, egun bakarrean

Munduan 533.416 kasu atzeman dituzte, Johns Hopkins unibertsitatearen datuen arabera, eta 24.082 lagun hil dira. Sendatzea lortu dutenak, aldiz, 122.710 dira, gehienak, 74.180, Txinan. AEBek marka berri bat ezarri zuten atzo, egun bakar batean 18.100 kasu berri baieztatuta, eta jada Txinak baino kutsatu gehiago ditu. Zortzi egun daramatza Washingtonek eguneko gutxienez 5.000 kasu atzematen. Txinan, egun batean atzemandako positibo kopuru handiena 15.000 izan zen.

AEBetan 85.991 kasu baieztatu dira, 1.296 lagun hil, eta 753 sendatu, baina kopuruak gorako bidean doaz. Txina da bigarren herrialde kutsatuena, 81.782 positibo, 3.291 hildako eta 74.000 lagun baino gehiago sendatuta. Han, egoera normaltasunera itzultzen ari da, eta apenas zenbatu dute positiborik azken egunetan. Hirugarren herrialde kutsatuena Italia da. 80.589 lagun kutsatu dira, eta 8.215 hil.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

09:14

Etxerat elkarteak eta Sarek 'Etxetik... etxera' saioa gauzatuko dute gaur, hilabeteko azken ostirala, Sareren facebook orrialdean eta Hamaika telebistan, 19:00etan. Alarma egoeraren ondorioz ezarritako konfinamendua dela-eta, euskal presoak bisitatzera joan ezin direnei «elkartasuna» adieraztea du helburu, eta «salbuespen legediarekin amaitzeko aldarria» egitea. Saioaz gain, argazki eta marrazki «aldarrikatzaileak» sare sozialetan zabaltzeko deia egin dute.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

08:58

Laneko osasuna bermatzeko, Aernnovako batzordeak greba mugagabera deitu du. Enpresa batzordeak uste du kudeatzaile politikoena dela arduragabekeria, herritarren osasuna lehenetsi beharrean negozioei eustea sustatzen ari direlako, interes orokorraren aurka izan arren.

Jon Ordoñez Garmendia

Jon Ordoñez Garmendia

08:47

Erabateko konfinamendua, erdizkakoaren aurrean. Ana Galarragak atzo Zientziaren Talaiatik zutabean idatzi zuenez, ondorio zientifiko bat da: "Mugikortasuna mugatzen duten neurriak hartu ezean, izurriak apirilaren lehen hamabostaldian joko du gaina Espainian, eta hil honen amaierarako gainezka egingo dute Zaintza Intentsiboko Unitateek".

Jon Ordoñez Garmendia

Jon Ordoñez Garmendia

08:16

50 egun pasa dira Zaldibarko luizia izan zenetik, eta konfinamendu aginduagatik etxean bada ere, atzo protestak egin ziren balkoietan Zaldibarren bertan.

Jon Ordoñez Garmendia

Jon Ordoñez Garmendia

08:03

Atzo egunetik egunera erregistratu den hazkunderik handiena izan zen Hego Euskal Herrian, asteazkenetik ostegunera. Guztira, 5.357 kasu atzeman dituzte Hego Euskal Herrian, azken zenbaketan baino 889 gehiago. 41 pertsona hil ziren, gainera. Datu guztiak, eguneratuta, hemen.

Jon Ordoñez Garmendia

Jon Ordoñez Garmendia

07:50

Osakidetzako langileek ere konfinamendu osora deitu dute aste honetan eta sinadura bilketa bat hasi dute ezinbestekoa ez den lan jarduera oro eteteko eskatuz.

Jon Ordoñez Garmendia

Jon Ordoñez Garmendia

07:44

«Langileen osasuna, enplegua eta lan baldintzak gero eta okerragoak direla ikusita», lantokietan protestak antolatu dituzte ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru sindikatuek gaurko. Sindikatuen arabera, funtsezko zerbitzuetan lanean ari diren pertsonak «behartuta daude lanera joatera, beharrezkoak diren prebentzio neurriak bermatuak izan gabe», eta, horregatik, «etengabeko arriskuan» daude.

Jon Ordoñez Garmendia

Jon Ordoñez Garmendia


Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Maiatzaren 26an eguneratua, 20:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Azkeneko 24 orduetan zazpi pertsona hil dira COVID-19 gaitzaren eraginez, 11 positibo atzeman dituzte PCR probekin, eta lau gaixo ospitaleratu dituzte. Euskal Herrian 28.634 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.027 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Berra adinekoen egoitza. ©JON URBE / FOKU

Ekainaren 8tik egin ahalko dira bisitak Gipuzkoako zahar etxeetan

Berria

Egoiliar bakoitzeko senide bakarra joan ahal izango da bisitan, eta segurtasun neurriak zorroztuko dituzte. Gipuzkoako zahar etxeetan 167 pertsona hil dira izurria hasi zenetik; gaur egun 22 eri daude, bi egoitzatan.

Maiatzaren 11an igaro zen lehen fasera Hegoaldea ©Marisol Ramirez, Foku

Hegoaldea lehen fasera igaro izanaren arrazoiak eman ditu Espainiako Gobernuak

Ainhoa Larretxea Agirre

Espainiako Osasun Ministerioak zehaztu du egoera epidemiologiko «ona» izan dela Nafarroa pasatzeko arrazoia; Osakidetzak pazienteak artatzeko duen «gaitasun handia», berriz, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa igarotzekoa. Maiatzaren 11n aldatu zen lehen fasera Hegoaldea.

Txagorritxu ospitaleko laborategiko irudi bat. ©Gorka Rubio / Foku

Datuen peskizan (eguneko laburpena)

Pello Urzelai

Beste zazpi pertsona gehitu behar dira koronabirusarekin hildakoen zerrendara. Bost EAEn, bi Nafarroan. PCR bidezko 11 positibo berri agertu dira.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna