Hezkuntza

'Bitartean, etxetik ikasten' saioa hasi da gaur ETB3n

Bereziki etxean euskarri digitalik ez duten ikasleengana iristea du helburu. 09:00etatik 12:00etara emango dute.

Haurrak etxean ikasten, konfinamenduaren bigarren astean. IñIGO URIZ / FOKU
2020ko martxoaren 30a
08:30
Entzun

Gaur estreinatu dute Eusko Jaurlaritzak eta EITBk prestatu duten saio berria: Bitartean, etxetik ikasten. Saioa Lehen Hezkuntzako 1. mailatik 4. maila arteko ikasleentzat izango da batik bat, eta ETB3 eta Eitb.eus-en emango dute egunero, 09:00etatik 12:00etara.

Jaurlaritzak azaldu zuen programaren helburua «ikasleen hezkuntza prozesua erraztea» dela, batez ere etxean euskarri teknologikorik ez duten haurrena. Saioa euskaraz izango da, eta dagozkien curriculumei lotutako edukiak bilduko ditu.

Basurto ikastetxe publikoan grabatuko dituzte saioak, 30 minutuko ataletan, maila bakoitzari dagozkion edukiak lantzeko. Jaurlaritzaren eta hedabide publikoaren asmoa da saioa interaktiboa izatea. «Era horretan, ikasleek euren galderak, zalantzak edo iradokizunak egin ahal izango dituzte, eta haien erantzunak programan zehar edo hurrengo emankizunetan eman ahal izango dira».

Atalei dagokienez, sustatzaileen asmoa da askotariko gaiak jorratzea. Esaterako, Irakurketarekin goxatzen atalean, egunero, ordu laurden bat eskainiko diote irakurketaren ulermenari, testu ugari oinarri hartuta. Euskararen gaia Hitzak jolasean tartean landuko da. Ahozkotasunak izango du lehentasuna —hitz jolasak, aho korapiloak, ikerketa proposamenak, errezetak, komikiak eta ipuinak sortu, bitxikeriak...—, idatzizko adierazpena alde batera utzi gabe. Bestalde, Mugi-mugi atalak konfinamendu aldian gorputza lantzeko ariketak proposatuko ditu.

Hari-mataza tartean, matematika jorratuko dute: buruketak, mahai jolasak, jolas matematikoak, matematikaren eragina egunerokoan, buruzko kalkulurako estrategiak, abakoen erabilera, bitxikeria matematikoak, eragiketak egiteko estrategiak... Ingelesa ere landuko dute, errutina, hiztegia, esaldi laburrez, irakurketaz, olerkiez, ipuin animatuez, marrazki bizidunez, albiste laburrez eta abarrez lagunduta. Gizarte zientziak, teknologia, zientzia eta musika izango dira beste ikasgaietako batzuk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.