Koronabirusa zuten 402 pertsona hil dira Euskal Herrian; horietatik bi, Lapurdin

Lapurdiko aurreneko bi hildakoen berri eman du Vicent Bru diputatuak, prefetarekin elkartu ondoren. Azkeneko 24 orduetan 52 pertsona hil dira guztira, eta 452 pertsona gehiagori atzeman diete birusa.

Ospitale bateko larrialdietako sarrera. JON URBE / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2020ko martxoaren 30a
14:17
Entzun

Koronabirus kasuek goraka jarraitzen dute Euskal Herrian, aurreko egunetan baino mantsoago bada ere. Orotara, 452 kasu gehiago atzeman dituzte, larunbatetik igandera baino 334 kasu berri gutxiago. Eta 52 pertsona hil dira azkeneko orduetan, orain arte egun batean izan den hildako kopururik handiena. Hildako horien artean, Lapurdiko aurreneko bi heriotzak; prefetak eman du horien berri, Baionan hil direla adieraziz, baina xehetasun gehiago eman gabe.

Ipar Euskal Herriko datu xehatuak biltzea ezinezkoa bihurtu da. ARS Frantziako osasun agentziak Akitania Berriko datuak ematen ditu, eta, tarteka, Pirinio Atlantikoetakoak. Atzo zenbait hautetsirekin elkartu zen prefeta, eta datu batzuk jakinarazi zizkien. Oraintxe bertan hamabost pertsona da Baionako erietxean, zainketa berezietan. Adierazi du zahar etxeetan gertatutako heriotzak bihartik aurrera hasiko direla zenbatzen, baina prefetak uste du ez dela beti erraza izanen heriotzaren arrazoia zehaztea kasu horietan.

Datu berri horiekin, eta Euskal Herrian orain arte egun bakarrean izan den heriotza kopururik altuenarekin, guztira 402 pertsona dira koronabirusagatik hildakoak. Azken 24 orduetan hil dira horietatik %12 inguru. Baina ospitaleko sendagiri kopuruek erakusten dute eguneko zenbakirik positiboena. Hain zuzen, 1.807 pertsonak jaso dute; horrenbestez, atzo baino 279 pertsona gehiago daude ospitaletatik kanpo.

Zenbakiei lurraldez lurralde begiratuta, Bizkaian dago kasu gehien (2.937), eta ospitalean daude horietako 1.233. Kutsatu gehien duen hurrengo lurraldea Nafarroa da (2.146), eta horietatik 955 daude ospitalean. Araban, berriz, 2.049 pertsona daude birusak jota, eta 376 ospitaleratu behar izan dituzte. Gipuzkoan kopuruak txikiagoa dira: 1.071 gaixo daude, eta horietako 357 ospitalean. Ipar Euskal Herriko zenbaki zehatzak jakitea zaila da, Akitania Berriko datuak ematen dituztelako. Hala ere, 21 pertsona daude Baionako ospitalean eta zuberotar bat Paueko ospitalean (Akitania). Kasu berrien kopuruari erreparatuz, Bizkaian izan dira gehienak (+161), eta gutxiago egon dira Nafarroan (+135), Araban (+102) eta Gipuzkoan (+54).

Heriotza kopuru berriena da gaurko zenbakirik ezkorrena; izan ere, beste 50 pertsona hil dira, egun bakarrean inoiz erregistratutako daturik handiena. Orotara, koronabirusa zuten 400 pertsona hil dira Euskal Herrian. Lurraldeei erreparatuz, 133 pertsona hil dira Bizkaian, 123 Araban, 102 Nafarroan, 41 Gipuzkoan eta bat Zuberoan.

Zerbitzuen berrantolaketa

Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak goizean egindako prentsaurrekoan iragarri du aurrerantzean euren ohiko osasun etxera deitu beharko dutela koronabirusaren sintomak dituztenek. Beharrezkoa bada, handik bideratutako dituzte erreferentziazko zentroetara. Azaldu du berrantolatu egin dituztela lehen arreta ematen duten osasun etxeak, «koronabirusak eragindako egoerari hobeto erantzuteko». Hau da, gaixotasun horren sintomak dituztenak, beharrezkoa dela ikusiz gero, erreferentziazko osasun etxe jakin batzuetara bideratuko dituzte. «Berrantolaketa horrek dakarrena da kontsultategi periferiko gehienak aldi baterako itxi behar izatea». Horietan aritzen ziren profesionalak eremu bakoitzeko zentroetara joango dira laguntzera.

Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburua ere egon da agerraldian. Esan du Jaurlaritzak agiri bat egin duela funtsezkotzat jotako lanak egiteagatik mugikortasuna egiaztatu behar duten langileentzat. Azpimarratu du enpresek Jaurlaritzako atari ofizialean eskuratu dezaketela, eta Confebasken, merkataritza ganberen eta sindikatuen bidez ere zabalduko dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.