Kontu publikoak

Hegoaldeko administrazioek mila milioi euro txikitu zuten zorra 2019an

Jaurlaritzak 665 milioiren zorra kitatu du, Nafarroako Gobernuak 148 milioirena, eta hiru aldundiek, berriz, 213 milioirena.

Jaurlaritzako eta aldundietako ordezkariak, martxoko bilera batean. IREKIA
Iker Aranburu.
2020ko martxoaren 31
11:37
Entzun

Kontu publikoak pixka bat saneatuagoak dituztela egingo diote aurre Hego Euskal Herriko administrazioek koronabirusaren krisiari. Espainiako Gobernuak gasturako jarritako mugen ondorioz, eta zerga bilketa on bati esker, administrazioek superabita izan dute, eta horren zati bat bideratu dute zorra pagatzera.

Espainiako Bankuak emandako datuen arabera, bi gobernuek, haren menpeko enpresa publikoek eta hiru diputazioek 15.664 milioi euro zor zituzten 2019. urtearen amaieran, urtebete lehenago baino 1.039 milioi euro gutxiago. Hau da, urtebetean %6,1 txikitu dute zorra.

Ahaleginik handiena Eusko Jaurlaritzak egin du, 661 milioi euro arindu baitu bere zama, 9.425 milioi euroraino. Barne produktu gordinean neurtuta, zorra %14 zen lehen, eta %12,6 da orain. Kopururik txikiena da 2012az geroztik. Gasteizko gobernuak bankuekin du zorraren %56,8, eta gainontzekoa, zor bonuetan. Jaurlaritzaren menpeko enpresei 152 milioi euroren zorra apuntatu die Espainiako Bankuak, 2018an baino hamabost milioi gutxiago.

Nafarroako Gobernuak ere lortu du kontuak txukuntzea. Zehazki, 3.297 milioi euro zor zituen 2019 amaieran, 148 milioi euro gutxiago (-%4,3). BPGaren %15,7 da hori, eta, kasu horretan ere, 2011ra joan behar da halako kopuru bat ikusteko. Zorraren %40 bonuetan du, eta gainontzekoa, bankuekin. Bere enpresek zortzi milioi euro zor dituzte, bi milioi gutxiago.

Diputazioetan ere, behera

Azkenik, diputazioek 2.782 milioi euroren zorra dute, 213 milioi gutxiago (-%7,1). Badira urte batzuk defizita izateko baimenik ez dutela, eta horregatik haiek dira azken urteetan egoera gehien saneatu dutenak. 2017ko bigarren hiruhilekotik 2019ko azkenekora, esaterako, ia heren bat txikitu dute.

Espainiako Bankuak ez ditu, ordea, aldundien menpeko enpresen datuak ematen, ezta udaletakoak ere.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.