Zinema

Donostiako Zinemaldiak eta Zuricheko jaialdiak bat egin dute beren industriako jarduerak indartzeko

AEBetako bi zinema jaialditako (SXSW eta Tribeca) filmak emango dituzte, eta proiektu zinematografiko berriak aurkeztuko dituzte salmentarako.

Donostiako Zinemaldiaren iazko ekitaldiaren amaiera gala. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
Berria
2020ko martxoaren 31
18:13
Entzun

Zinema industria independenteari elkartasuna adierazteko eta haren eskariari erantzuteko asmoz, Jose Luis Rebordinos Donostiako Zinemaldiko zuzendariak eta Christian Jungen ZFF Zuricheko zinema jaialdiko zuzendari artistikoak gaur azaldu dute bi jaialdi horietan azoka zinematografikoak antolatzeko asmoa dutela. Austineko South by Southwest jaialdian (SXSW) eta Tribecako jaialdian emateko hautatu ziren filmez osatutako programazioa eskainiko diete mundu osoko erosleei, aurrenekoz, Donostiak eta Zurichek.

«Urrats hori komunitate zinematografikoak agertoki berrietan modu independentean finantzatutako proiektuen merkatu bat babesteko eta sortzeko egindako ahaleginaren emaitza da», azaldu du Donostiako Zinemaldiak ohar baten bidez.

Rebordinosek azaldu duenez, Donostiako Zinemaldiak lanean segitzen du aurtengo edizioa irailaren 18tik 26ra bitartean egin dadin: «Zinemaldia ohiko baldintzetan egin badaiteke, osasun agintarien baimenaz betiere, edizio honetan, aukera eman nahi diegu hasieran beste zinema jaialdietarako hautatuak izan ziren filmei, erosle eta banatzaileen aurrean aurkeztuak izateko». Horrekin batera, zinemaldiak nahiko luke profesional horiek, «munduko industriako konpainietako ordezkariek», Donostiako Zinemaldiaren dimentsioa, programazioa eta industriari zuzendutako ekimenak ezagutu ditzatela.

«Bizi dugun egoera latz honek zinema jaialdi tradizionalei eta zinema independentearen industriari ere eragiten die. Ekoizpen nabarmen askok ez dute lantaldeak eta aktore taldeak merezi duten estreinaldia izango; horregatik, pozik lagunduko diegu erosleentzako emanaldiak antolatzen, Donostiako lagunekin batera», adierazi du Christian Jungenek. «Garrantzitsua da zinema independentea indartzea eta filmei estreinaldian laguntzea, sari sasoirako. Zurich munduko finantza hiriburuetako bat da, zinema merkaturako leku bikaina, giro lasaian negozioak egiteko azpiegitura zabala baitauka».

Filmen emanaldiei buruzko xehetasunak aurrerago jakinaraziko dituzte.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.