Noiz sortua: 2020-04-01 08:24:48

Zuzenekoa

Izurriak 823.626 pertsona kutsatu eta 40.598 hil ditu munduan

Dagoeneko 501 pertsona hil ditu gaitzak. Hego Euskal Herrian 9.335 kasu diagnostikatu dituzte. Sindikatuek gutun bat bidali diote Denis Itxaso Madrilek EAEn duen ordezkariari, besteak beste zentralizazioa bertan behera uzteko eskatzeko, eta Maddalen Iriartek mahai bat eratu nahi du erabakiak hartzeko

Etxeetara elikagaiak eramateko taldeak antolatu dituzte Milanen.
Etxeetara elikagaiak eramateko taldeak antolatu dituzte Milanen. Matteo Corner / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Berria -

2020ko apirilak 1

* Konfinamendu osoa ezartzeko eskatu diote Lakuntzak (ELA) eta Aranburuk (LAB) Denis Itxasori.

* Munduan heriotza gehien duten herrialdeetan 12.a da Euskal Herria.

* Lau hormaren artean «oreka» nola lortu.

Zuzeneko kontakizuna

23:09

COP26 atzeratu dute: 2021ean egingo dute

Glasgown egitekoa zen COP26 klimaren gailurra, 2020ko azaroan, baina atzeratu egin dute koronabirusagatik, eta 2021ean egingo dute. Nazio Batuen Ekundeko eta Erresuma Batuko zein Italiako gobernuetako ordezkariek erabaki dute hala. Gailurra egiteko asmoa zuten lekua, SEC Arena pabiloia, ospitale bilakatzeko asmoa du, bestalde, Eskoziako Gobernuak, gaitzak jotakoak hartzeko.

21:26

Washingtonek «zifrak faltsutzeaz» akusatu du Pekin

AEBetan 100.000 eta 240.000 artean kokatzen dute herrialdean koronabirusak utziko duen hildako kopurua. «Hil edo biziko kontua da», adierazi du Donald Trump presidenteak, «bi aste oso zail igaroko ditugu». Washingtonetik izan dute Txina kritikatzeko tartea ere. AEBetako inteligentzia zerbitzuek «zifrak faltsutzeaz» akusatu dute Pekin, adierazita «nahita osatugabe» eman dituztela. Txinan, 82.000 inguru dira baieztatutako kasuak, eta 3.316 lagun hil dira. OME Osasunaren Mundu Erakundeak, ordea, Pekin babestu du, eta azaldu, bai Txinan, bai beste herrialde batzuetan egon daitezkeen kontaketa arazoak «osasun sistemen kolapsoaren» ondorio direla. «Kontuz aritu behar da herrialdeei gardentasun faltagatik edo ez laguntzeagatik akusatzean. Batzuetan gardentasun faltari egozten dizkiogu muga naturalak direnak», adierazi du OMEko zuzendari exekutibo Mike Ryanek.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

21:12

Italian 2.937 positibo berri atzeman dituzte azken 24 orduetan, eta 727 lagun hil dira ─azken egunetako kopuru txikiena─. Koronabirusa herrialdera iritsi zenetik, 110.574 kasu baieztatu dituzte, eta 13.155 pertsona hil dira.

19:47

Beste hiru pertsona hil dira Gipuzkoako zahar etxeetan; Tolosan, Zumaian eta Eibarren. Guztira, hamalau dira koronabirusagatik hildakoak Gipuzkoako zahar etxeetan.

Jon O. Urain

Jon O. Urain

18:47

Neurri sozial gehiago Nafarroan. Horrez gain, gizarte politiketarako 14,2 milioietatik bost milioi euro errenta bermatua sendotzeko baliatuko dira, egoeraren ondorioz lana galdu duten sendiei laguntzeko. Gainera, diru sail bereziak sortu dira behar handia duten familiei alokairu edo elikagai gastuekin laguntzeko (500.000), kit bereziak osatu dira behar handiko produktuak banatzeko eta milioi bat euro banatuko dituzte udalen zerbitzu sozialak indartzeko,

18:41

Neurri sozialetarako, zortzi milioi gehiago

Nafarroako Goberuak aurretik iragarritako gizarte neurriak finantzatzeko 7,8 milioi euro gehigo jarriko ditu; 14,2 milioi guztira. Gaur onartu du hasierako diru kopurua handitzea gobernu kontseiluak. Diru sail handiena (7,2 milioi) Nafarroo Menpekotasunaren Agentziak hartuko du, egoera hauskorrenean diren adinekoak, ezgaitasuna duten pertsona eta adin txikikoak laguntzeko. Neurrien artean, Iruñea erdiguneko gazte egoitza ba egokitu da positibo eman duten etxerik gabekoak hartzeko asmoz. Felix Garrido zahar-etxea ere egokitu da ospitaleratzerik behar ez duten kasu positiboak hartzeko. Erriberan gauza bera egin nahi da Fiteroko bainuetxearekin. Gainera zahar etxeetan positibo eman duten langileak ordezkatzeko finantzaketa indartu behar izan dute. .

Joxerra Senar

Joxerra Senar

18:35

Osakidetzak ukatu egin du Galdakaoko erietxean boto kutxak erabiltzen ari direnik gaixoen buruak bakartzeko

Goizean zabaldu da Galdakaoko udalak (Bizkaia) utzitako metakrilatozko boto kutxak erabiltzen ari zela bertako erietxean hodien bidez arnasten duten gaixoen buruak bakartzeko. Osakidetzak, ordea, gezurtatu egin du informazio hori eta adierazi du ez dituztela boto kutxak erabili materiala "ezegokia" delako. Erietxeak udalak egindako dohaitza eskertu du, baina, adierazi du materiala ez dela egokia eta beraz ez dutela erabiliko.

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

18:28

Zahar etxeak Nafarroan. Iruñeko Misericordia zahar etxean hainbat kasu positibo direnez, Maeztuk aipatu du proba kopuruak indartu dituztela (70 egin dira), eta positibo eman dutenetako batzuk Felix Garrido zahar etxera eramango dituzte —horretarako egokitu dute egunotan—. Gainera, Burlatako AH San Fermin hotelera eraman nahi dituzte MIsericoria zahar etxean sintomarik ez duten eta autonomoak diren pertsonak. Maeztuk aipatu du talde berezi bat osatu dutela lurraldeko zahar etxe zein ezgaitasuna duten pertsonen zentro bereziak zaintzeko eta gainbegiratzeko. Kasu positibo gehien duten zahar etxeak ere indartu egin dituzte, 11 erizain eta bost laguntzaile jarrita. Halaber, sei mila maskarilla banatu dira.

Joxerra Senar

Joxerra Senar

18:19

Nafarroako zahar etxeetan, 92 kasu

Carmen Maeztu Nafarroako Gobernuko Gizarte Eskubideen kontseilariak gaur arratsaldean azaldu duenez, Nafarroako zahar-etxeetan 92 kasu positibo atzeman dira. Guztira, 5.835 lagun bizi dira zahar etxeetan eta horrek esan nahi du %1,6 kutsatu dela. Horien artean, 22 ospitaleratuta daude eta gainerakoak zahar-etxean bertan daude, isolatuta. Zahar etxe horietan lan egiten duten profesionalen artean, 266 kutsatu dira (guztira, 4.000 lagunek egiten dute lan sektorean, Maezturen arabera.

Joxerra Senar

Joxerra Senar

17:43

Izurriak 40.598 pertsona hil ditu munduan

Osasunaren Mundu Erakundeak emaniko datuen arabera, planeta osoan diagnostikaturiko kasuak 823.626 dira dagoeneko. Azken 24 orduek marka hautsi dute: 68.678 infekzio gehiago atzeman dituzte. Inoiz baino pertsona gehiago hil dira epe berean: 4.027. Izurria ia planetako lurralde guztietara zabaldu da. AEBetan ari da azkarren zabaltzen: 189.000 kasu diagnostikatu dituzte dagoeneko, Italiakoak halako bi ia (105.000). Hirugarren estaturik kolpatuena Espainia da, eta Txina laugarrena.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

17:35

Konfinamendua apirilak 19ra arte luzatu dute Alemanian

Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak apirilak 19ra arte luzatu du etxeko konfinamendua. Azken 24 orduetan 5.500 kutsatu berri izan dira Alemanian eta 150 pertsona zendu dira koronabirusaren ondorioz. Denera koronabirusaren krisia hasi denetik 783 dira hildakoak Alemanian.

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

17:30

Lana aldi baterako erregulatzeko txostenak aurkezteko erraztasunak eman zituen Espainiako Gobernuak, eta azken asteetan aurkeztutakoen arabera, 166.000 behargin geratu dira lanik gabe Hego Euskal Herrian.

Jon O. Urain

Jon O. Urain

17:26

Europako langabezia sariak proposatuko dituzte bihar

Koronabirusaren izurriak gogorrenen kolpaturiko herrialdetako enpleguari eusteko, Europako Batasuneko herrialde guztiek sostengaturiko langabezia sari publikoak ematea proposatuko du bihar Europako Batzordeak. Sure izena jarri diote egitasmoari, baina oraindik ez dute zehaztu zenbatekoak izango diren laguntzak, nork eskatu ahalko dituen, eta nola jarriko duten dirua.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

17:20

Europako Batzordeak 100.000 milioi euroko aseguru bat sortu nahi du, aldi baterako lan erregulazioak eta gisakoak finantzatzeko. Estatu kideei «elkartasuna» eskatu die.

Jokin Sagarzazu

Jokin Sagarzazu

17:16

Beste bost hildako Arabako zaharren egoitzetan

Dagoeneko 45 adineko hil dira herrialde egoitzetan izurria zabaltzen hasi zenetik. Gehienak -31- ospitaletan hil dira, baina horietako 14 egoitzetan zendu dira. Egoitza bakar batean 18 adineko hil dira. Gaur, 228 kasu daude diagnostikatuta egoiliarren artean.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

15:55

Hego Euskal Herriko ehorztetxeek martxoaren 14an zituzten prezioak mantendu beharko dituzte alerta egoerak iraun artean. Espainiako Kontsumo Ministerioak 2.000 eurora arteko «bereizi gabeko igoerak» hauteman ditu enpresa batzuetan, eta prezioak leheneratzeko agindu die. Neurriak atzeraeraginezko izaera du: 14az geroztik ordaindutako gainprezioa itzuliko diete bezeroei. Bestelako produktuekin gerta litezkeen «prozesu espekulatiboak» ere jarraitzen ari dira, Alberto Garzon ministroaren esanetan; maskarekin eta gel hidroalkoholikoekin, esaterako. Lehiaren Euskal Agintaritza ere prezioetan gehiegikeriak egiten ari ote diren ikertzen ari da.

Andoni Imaz

Andoni Imaz

15:41

Langileei soldataren %100 bermatzeko eskatu die LABek jantokietako enpresei

Jantokietarako jana prestatzen duten enpresekin bilerak egin dituela adierazi du LABek, baina, orain arte, enpresok uko egin diote aldi baterako lan erregulazioan dauden langileei soldata osoa bermatzeari. Eurest, Gasca, Tamar, Auzo lagun, CC. Goñi, CC. Magui eta Baska enpresak aipatu ditu LABek. Sindikatuak, gainera, eskatu du langile guztiei baldintza berdinak bermatzeko, "bezeroa erakunde publiko edo kontzertatua" den begiratu gabe.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

15:39

Koronabirusaren aurkako kudeaketa arrakala batzuk eragiten ari da EAJren eta PSE-EEren artean. Idoia Mendia sozialisten idazkari nagusiak EAJri esan dio "zuhurrago" jokatu dezala, jeltzaleek Pedro Sanchezen gobernua kritikatu eta gero. Confebaskeko buru Eduardo Zubiaurrek esandakoez, berriz, esan du Zubiaurrek "bere burua deskalifikatzen" duela "mintzaide instituzional, sozial eta ekonomiko gisa".

Jon O. Urain

Jon O. Urain

15:05

Milioika maskara ekoitziko ditu Mondragon Taldeko kooperatiba batek

Hilean 10 milioi maskara ekoizteko asmoa du Bexen Medical kooperatibak. Horrez gain, Mondragon Taldeko beste enpresa batek -Mondragon Assemblyk- maskarak egiteko makinak ekoitziko ditu.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

14:29

Bilboko kaiak "zerbitzu guztiak lanean" ditu, nahiz eta onartu lana asko jaitsi dela, "enpresa asko gelditu egin direlako", Portuko Agintaritzak esan duenez.


Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

14:00

Lehiaren Euskal Agintaritza prezioetan gehiegikeriak egiten ari ote diren ikertzen ari da

Esaterako, gel desinfektatzaileetan edo hiletan zerbitzuetan prezioekin gehiegikeriak egiten ari ote diren ikertzen hasi da Lehiaren Euskal Agentzia. Azken asteotan salaketa asko jaso dituztela esan du erakundeak.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

13:45

Nafarroan zaintza berezietako gelak gainezka ez daudela esan du Indurain kontseilariak

Santos Indurain Nafarroako Osasun Sailaren buruak esan duenez, herrialdeko sisteman 85 pertsona daude zaintza berezietako unitateetan, eta horietan 120 gaixoentzako lekua dago. Edonola ere, ahalmena %30 handitzeko aukera dagoela gaineratu du.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

13:34

Cerdan, kutsatuta

Santos Cerdan PSNko diputatu eta PSOEko Lurralde Koordinaziorako idazariak positibo eman du koronabirusagatik. Zortzi egun eman ditu erietxean, pneumoniak jota, eta orain etxean dago. Sare sozialetan, eskerrak eman dizkie osasun arloko langileei: "Babes dezagun elkar, eta irabaziko dugu".

Jon O. Urain

Jon O. Urain

13:32

Lan jarduera gelditzeko dekretua “hustea” egotzi dio EAJri Equo Berdeak alderdiak

Taldeak salatu duenez, "EAJ oinarrizkotzat hartzen ari da funtsezko zerbitzuekin zerikusirik ez dituzten jarduerak, nahiz eta horrek arriskuan jarri langileak eta haien senideak". Alderdiaren arabera, larrialdiaz baliatu dira EAJ eta Jaurlaritza Legebiltzarraren kontrola saihesteko, "enpresaburuen presio talde batzuen mesedetan".

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

13:03

Galdakaoko erietxean boto kutxak erabiltzen ari dira gaixoen buruak bakartzeko

Galdakaoko udalak (Bizkaia) utzitako metakrilatozko boto kutxak hartu dituzte Galdakaoko erietxean, hodien bidez arnasten duten gaixoen buruak bakartzeko erabiltzen ari dira. Besoak sartzeko zuloak egin dizkiete, besoak sartu eta hodiak mugitzeko aukera emateko. Erietxeko langileei bururatu zitzaien ideia, eta kutxak eskatu zizkioten udalari.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

13:00

Ospitaleetako larrialdiak inoiz ez direla «kolapsatuta» egon ziurtatu du Sanchezek. Hala ere, azken egunetan «presioa jaisten» ari dela nabarmendu du.

Irati Urdalleta Lete

Irati Urdalleta Lete

12:53

Lurraldez lurralddeko datuak ere eman ditu. Hain zuzen, 3.382 gaixo daude Bizkaian, horietako 1.179 ospitalean. Araban berriz, 2.250 persona daude birusarekin, horietako 369 ospitalean. Azkenik, Gipuzkoan 1.206 pertsonari erasan die koronabirusak, eta horietako 360 daude ospitalean.

Irati Urdalleta Lete

Irati Urdalleta Lete

12:48

518 kasu berri ere atzeman dituzte. Horrenbestez, 6.338 kutsatu daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, horitako 1.908 ospitalean. Proba gehiago egin izanari egotzi dio igoera, Sanchezen hitzetan, probak bikoiztu egin baitira. Guztira, 17.990 proba egin dituztela nabarmendu du. Hala ere, «joera aldaketa bat» dagoela ziurtatu du.

Irati Urdalleta Lete

Irati Urdalleta Lete

12:44

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan beste 44 pertsona hil dira koronabirusarekin. Miguel Sanchez Eusko Jaurlaritzako Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendariak eman ditu datuak. Orain arteko igoerarik handiena dela esan du, eta aurreko asteetan okertutako sintomen ondorioa dela.

Irati Urdalleta Lete

Irati Urdalleta Lete

12:16

500 hildakoen langara heldu da izurria Euskal Herrian

Espainiako Osasun Minsterioak eman berri dituen datuen arabera, dagoeneko 9.335 kasu diagnostikatu dituzte Hego Eskal Herrian. 499 pertsona hil ditu birusak hegoaldean, eta beste bi iparraldean. 428 pertsona zaintza berezietako guneetan daude. 2.401 pertsonari senda agiria eman diete.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

12:00

Jaurlaritzak gutxieneko jarduera bat bermatu nahi du industria osoarentzat

Espainiako Gobernuaren dekretuaren laugarren artikuluak horretarako ahala ematen duela uste du Ekonomiaren Garapenerako Sailak. Artikulu horitik abiatuta, eraikuntzak berriro lanean hasteko modua ez duela onartu du Jaurlaritzak, betiere ez bada premiazko lan bat egin behar dutela. Industrian, berriz, enpresa batek bere egoera aztertu behar duela, «gutxieneko jarduera bat» finkatu dezakeela eta horri egokitako lan talde batekin jarduerari berriro ekin diezaiokeela uste du Gasteizko gobernuak. ELAk eta LABek, ordea, erabateko konfinamendua eskatu dute.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

11:02

ELAk eta LABek eskaerak egin dizkiote Denis Itxasori

Mitxel Lakuntzak (ELA) eta Garbiñe Aranburuk (LAB) gutun bat idatzi diote Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkariari, Denis Itxasori, "langileen eta herritarren osasuna zaintzeko neurriak" eskatzeko. Hainbat eskaera egin dizkiote:

1. Oinarrizko zerbitzuetan lanean ari diren langileei babes neurri guztiak bermatzeko.

2. Oinarrizkoa ez den jarduera ekonomiko oro eteteko.

3. Lantegi handiak ixteko.

4. Zentralizazioa bertan behera uzteko.

5. Euskal Herrian erabaki ahal izatea izurriari aurre egiteko neurriak.

6. Sindikatuek parte hartu ahal izatea langileengan eragina duten erabakiak hartzeko prozesuan.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

10:41

“Europako osasun agentzia bakarra” eskatu du EAJk

Izaskun Bilbao EAJko eurodiputatuak esan du "Europako osasun agentzia bakarra" behar dela. Agentzia horrek aurrekontua eta neurriak hartzeko ahala eduki behar ditu, COVID-19 izurriaren aurrean. Bilbaoren arabera, "ez du zentzurik" Europako herrialdeek "erabaki ezberdinak eta une ezberdinetan" hartu izanak, eta erabaki "bateratuak" eskatu ditu. Bilbaok gaitzetsi du Espainiako Gobernuak ezinbestekoak ez diren lan jarduerak eteteko plazaraturiko dekretua. Halere, hark "jarrera zuhurrago batera" atzera egin duela nabarmendu du.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

09:55

Errusiak giza laguntza bidali du AEBetara

Errusiako Defentsa Ministerioak adierazi duenez, hegazkin militar bat atera da Errusiatik AEBetara koronabirusaren izurriari aurre egiteko maskarak eta medikuntzarako bestelako materialarekin. Astelehenean adostu zuten laguntza Vladimir Putinek eta Donald Trumpek telefonoz eginiko elkarrizketa batean. Atzo, AEBek Txina gainditu zuten koronabirusak eragindako biktima kopuruan, eta munduan diagnostikaturiko kasu gehien dituen herrialdea da dagoeneko: 188.000.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

09:30

Osakidetza "ahulduta" harrapatu du koronabirusaren krisiak, EH Bilduko Iriartek salatu duenez. "Etorriko da kritika egiteko unea, orain indarrak batzeko garaia da", gaineratu du, edonola ere. Ertzaintzaren jarreraren inguruan jasotako salaketei buruz zera adierazi du: "Azterketa orokorra egin behar da polizia ereduaren inguruan. Argi dago halako eredurik ez dugula behar".

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

09:25

“Konfebaskek Jaurlaritza bahituta ote duen” galdetu dio bere buruari Maddalen Iriartek

"Nork erabakitzen du herri honetan zer neurri hartu behar diren?", esan du Euskadi Irratian Maddalen Iriarte EH Bilduko eledunak Eusko Legebiltzarrean. Enpresaburuek herrialdearen osasun lehentasunak zeintzuk diren ebazten ari direla salatu du legebiltzarkideak. Lehentasunak gizarteko eragile guztien artean erabaki behar direla adierazi du. Horretarako mahai bat sortzea proposatu du; "denok partekatu behar dugu erantzukizuna".

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

08:24

Euskal Herrian haurren egoera desberdna da Iparraldean eta Hegoaldean. Konfinamendua hasi zenetik haurrak etxetik ez ateratzeko agindua dago Hegoaldean. Iparraldean, berriz, egunean ordubetez atera daiteke paseatzera, etxe inguruan beti ere eta heldu batek lagunduta.

Jon Ordoñez Garmendia

Jon Ordoñez Garmendia

08:21

Kutsatu kopuruak sabaia jo duela esan dute agintariek Italian, eta haurrak kalera atera ahal izango dira. Hainbat baldintzapean egin ahal izango dute, ordea. Heldu batek lagunduta atera beharko dute, eta soilik etxe inguruan, "jarduera motorrak egiteko" eta "kirol jarduerak ekidinda".

Jon Ordoñez Garmendia

Jon Ordoñez Garmendia


Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Ekainaren 2an eguneratua, 19:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Azkeneko 24 orduetan hamar lagun hil dira COVID-19 gaitzaren eraginez. Zortzi positibo atzeman dituzte PCR probekin, eta bost gaixo ospitaleratu dituzte. Euskal Herrian 29.491 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.078 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Aritxulegiko gaina, Nafarroa eta Gipuzkoa artean. ©

Nafarroako Gobernuak «jarrera zuhurra» du lurraldeen arteko joan-etorriekin

Berria

«Autonomia erkidego guztiek dute lurralde mugakideen artean mugitzeko helburu bera, baina litekeena da erritmoa berbera ez izatea», esan du Javier Remirez gobernuko bozeramaileak. Salvador Illa Espainiako Osasun ministroak atzo esan zuen hirugarren fasea bukatu arte ezingo dela autonomia erkidego batetik bestera bidaiatu. 

Heriotza kopurua asteka, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. ©INE

Nabarmen goratu da izurriak eragindako heriotzen kurba

Edu Lartzanguren

Espainiako Estatistika Institutuak grafiko bat argitaratu du, erakusteko izurriak nola eragin duen heriotza tasan.

Pedro Sanchez Espainiako presidentea, gaurko lehen agerraldian, Kongresuan. ©J. J. Guillen / EFE

Espainiako Kongresuak larrialdi egoeraren seigarren luzapena onartuko du gaur

Paulo Ostolaza

Ekainaren 21 arte luzatuko dute; printzipioz, azken aldiz. Sanchezek iragarri duenez, «hirugarren fasean sartzen diren autonomia erkidegoetan hango presidenteak erabakiko du nolakoa izango den fase hori».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna