Noiz sortua: 2020-04-06 09:25:17

Zuzenekoa

Alokairu turistikoak, debekatuta Lapurdiko kostaldean

Munduan 70.000 lagun inguru hil dira COVID-19 eritasunaren eraginez, eta atzemandako kasuak ia 1,3 milioi dira; joan den ostegunean, milioi bat ziren. AEBak eta, bereziki, New York dira pandemiaren epizentro berria. AEBetan, 337.000 positibo baino gehiago baieztatu dira, eta 9.600 lagun hil..

Pertsona bat zebrabidea gurutzatzen, Iruñean.
Pertsona bat zebrabidea gurutzatzen, Iruñean. Iñigo Uriz / Foku Tamaina handiagoan ikusi

Berria -

2020ko apirilak 6

* Etxea ikasgela.

* Iñaki Eizmendi (gizarte hezitzailea): «Gurasoak ez dira irakasleak: neurri batean lagundu ahal izango diete».

* Funtsezkoak ez diren jarduerak apirilaren 9an lanean hasiko dira berriz.

* Turismoaren argazki negargarria.

Zuzeneko kontakizuna

21:34

Boris Johnson, ZIUn

Erresuma Batuko Lehen ministro Boris Johnson zainketa intentsiboko gelara eraman dute. Koronabirusak kutsatuta dago Johnson, eta haren sintomak okertu egin direla esan du Londresko gobernuak. 55 urte ditu politikariak, eta igandean eraman zuten erietxera.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

19:59

833 pertsona hil dira egun bakarrean Frantzian koronabirusak jota

Dagoeneko 8.911 pertsona hil dira Frantzian koronabirusaren ondorioz. Bertze 29.752 ospitalean daude, eta horietatik 7.702 ZIU unitatetan. Osasun ministroak adierazi du oraindik ere Frantzia ez dela heldu kutsatzeen gorenera.

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

19:28

5.000 hildakoen langa gainditu du Erresuma Batuak

Erresuma Batuan 5.373 pertsona hil dira koronabirusaren eraginez, igandeari dagozkion eta gaur zabaldu dituzten datu ofizialen arabera. Dagoeneko 51.608 positibo daude.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

19:24

Espainiako Armadaren operazioen inguruko galderak aurkeztu ditu ERCk Senatuan

Espainiako Defentsa Ministerioak erantzun beharko du zein irizpide erabili duten erabakitzeko non ibiliko diren militarrak, eta tankeak eta arma astunak eramango dituzten. Alderdiak galdetuko du militarrak bidaltzeko erabakia hartu ote duten ikusten dutelako poliziak ez direlako gai Madrilek ezarritako neurriak betetzeko, tokian tokiko gobernuekin eta poliziekin koordinatu ote diren, eta operazioa zenbat kostatuko den.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

18:53

Pepe Nuñez hil da, koronabirusaren eraginez. Iruñeko Udalean zinegotzia izan zen, PP ordezkatzen.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

18:41

Hamabi pertsona hil dira azken orduetan Gipuzkoako zahar etxeetan koronabirusagatik

Azken 12 hildakoen ondotik, denera 40 adineko hil dira Gipuzkoako zahar etxeetan koronabirusak jota. Azken orduetan 33 egoiliarrek eman dute positibo COVID-19aren probetan. Denera 199 adinekok eman dute positibo, eta horietatik 20 daude erietxean.

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

18:26

636 pertsona hil dira Italian azken orduetan koronabirusagatik

Koronabirusaren krisia hasi zenetik 16.523 pertsona hil dira Italian koronabirusak jota. Gaitzean positibo eman dutenak, berriz, 132.547 pertsona dira. Azken 24 orduetan 1.941 kasu berri detektatu dituzte, bezperan baino 1.000 kasu gutxiago. Hirugarren egunez jarraian gutxitu egin da ZIU unitatetan dauden pertsona kutsatuen kopurua.

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

18:00

Enplegua aldi baterako erregulatzeko 23.178 espediente aurkeztu dira Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian

Espediente horiek denera 157.945 langileri eragingo diete. Lurraldeka, Araban, 32.376 langileri eragingo dioten 3.314 espediente aurkeztu dira; Bizkaian 74.928 langileri eragingo dioten 11.975 espediente eta Gipuzkoan 50.641 langileri eragingo diote 7.889 espediente.

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

17:19

Lau adineko gehiago hil dira koronabirusagatik Arabako erresidentzietan

Azken lau hildakoen ondotik, denera 72 dira Arabako erresidentzietan koronabirusagatik zendutakoak. 340 adinekok positibo eman dute koronabirusean eta horietatik 27 daude erietxean ingresatuta.

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

17:02

EH Bilduk proposamen sorta aurkeztu du pandemiaren ondorio sozioekonomikoak arintzeko. Hiru ekimen bideratuko ditu Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorrera. Besteak beste, langabezian geratu edota enplegu erregulazioetan sartu diren langileen prestazioak osatzea proposatu du, eta baita enpresa txiki eta autonomoen gastuak ezabatu eta galerak konpentsatzea ere.

Jon O. Urain

Jon O. Urain

16:41

Azerbaijanek 65 urtetik gorako pesoak askatuko ditu, koronabirusaren izurriaren harira. Denera, 176 presori barkatuko diete zigorra.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

16:28

Eusko Jaurlaritzaren Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak baliogabetu egin du hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko aurtengo lehen deialdia, eta azterketak 2020ko udazkenean egingo dira.

Jon O. Urain

Jon O. Urain

16:19

UPN-ren kongresua atzeratu dute

UPNko presidente Javier Esparzak alderdiak apirilak 26an egitekoa zuen kongresua atzeratzea erabaki du. Esparzak sare sozialen bidez eman du mezua eta adierazi du alarma egoera bukatzean eta osasun neurriek uzten dutenean eginen dutela kongresua. Esparzak halaber herritarren jarrera txalotu du eta eskerrak eman dizkie osasun langileei.

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

16:14

Zentralizatzeko bada, itunik ez duela egingo ohartarazi du Generalitateak

Koronabirusaren krisiak kolpaturiko ekonomia berriz pizteko, 1970eko hamarkadaren amaierako Moncloako Itunen antzekoak nahi ditu Espainiako Gobernuak. Kataluniako Presidentetza kontseilari Meritxell Budok esan berri duenez, Generalitateak ez du parte hartuko halako itun batean "proposamenak helburua badu Estatua are gehiago zentralizatzea".

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

15:41

Nafarroako Gobernuak zehaztu du erkidego pilotua izateak ez dakarrela alarma egoera baino lehen irtetea

"Nafarroa konfinamendutik ateratzeko erkidego pilotua izateak ez du erran nahi alarma egoeratik lehenago ateratzea, hemengo prozesua monitorizatuko dela baizik". Hori argitu nahi izan du gaur goizean Santos Indurain Nafarroako osasun kontseilariak. Atzo proposatu zion Maria Txibite Nafarroako lehendakariak Pedro Sanchez Espainiako presidenteari Nafarroa "erkidego pilotua" izatea konfinamendutik ateratzeko prozesuan eta proposamenak zalantzak sortu ditu azken orduetan. Hori argitu nahi izan du kontseilariak eta adierazi du Nafarroako dagoeneko plan bat prestatzen ari dela konfinamendutik ateratzen denerako.

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

14:32

Larrialdi egoera ezarriko dute Tokion

Hiriburuan, Osakan eta beste bost eskualdetan larrialdi egoera ezarriko dutela esan du Shinzo Abe lehen ministroak. Litekeena da bihartik aurrera ezartzea neurria. Tokion 1.000 kasu diagnostikatu dituzte dagoeneko, joan zen asteko kopurua halako bi, eta 85 pertsona hil dira. Larrialdi egoerak hilabete bat iraungo luke. Gobernadoreek eskolak eta dendak itxi ahalko dituzte, baina ez dute eskumenik izango jendeari etxean geratzeko agintzeko.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

14:19

Enpresa txiki eta ertainei laguntzeko funtsa handitzea aztertzen ari da Jaurlaritza

Denera, 500 milioi eurokoa da Eusko Jaurlaritzak eraturiko funtsa, baina dagoeneko 7.000 eskaera jaso dituzte, 1.230 milioi eurokoak. Eskaera egin dezakete 250 langile baino gutxiagoko enpresak, urteko balantzean 43 milioi euroak gainditzen ez dituztenak.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

13:47

Test azkarrean negatibo ematen dutenei, PCRa

Jaurlaritzak jakinarazi du bilera eginen dutela gaur gainontzeko erkidegoekin test azkarrak erabiltzeko protokoloak zehazteko. Eusko Jaurlaritzak bihar zehaztuko du berea, horren arabera.

Sanchezek, dena den, nabarmendu du PCRak direla oraindik ere froga «ideala» Osakidetzarentzat. Izan ere, test azkarrak fidagarriak dira emaitza positiboa denean, baina negatiboa denean ez. Kasu positiboak atzemateko azkartasunean irabaziko dute test azkarrekin, azaldu duenez: «Test azkarrei esker arinago ibiliko gara jakiteko gaixoa positiboa den ala ez, baina sentsibiliatea txikiagoa da». Beraz, koronabirusaren antzeko sintomak dituzten eta test azkarrean negatibo ematen duten gaixoei PCRa eginen diete.

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Maddi Ane Txoperena Iribarren

13:24

Enrique Maia ingresatu dute, koronabirusagatik probak egiteko

Nafarroako ospitale gunean ingresatu dute Iruñeko alkatea. Pasa den astean iragarri zuen positibo eman zuela koronabirusean eta geroztik, etxean egon da berrogeialdian. Maria Caballero Iruñeko udaleko zinegotziaren arabera, alkatearen osasun egoera ez da larria eta proba batzuk egiten ari zaizkio ospitalean.

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

13:05

Osasun arlokoak ez diren kontsultak 012 zenbakian zentralizatu ditu Nafarroako Gobernuak

Nafarroako Gobernuak arreta zentralizatuko zerbitzua indartu du osasun arlokoak ez diren kontsultetarako. Larrialdi edo osasun-arlokoak ez diren kontsulta eta dei guztiak Herritarren Arretarako zerbitzuaren bidez egin behar dira: 012 telefonora deituta edota navarra@navarra.es helbidera mezu bat bidalita.

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

12:57

Jaurlaritzak jakinarazi duenez, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan 33 lagun hil dira azken orduotan, eta 182 lagun kutsatu dira (martxoaren 17tik izandako daturik apalena da).

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Maddi Ane Txoperena Iribarren

12:53

Aste Santuan osasun etxeak irekiak egonen direla nabarmendu du Mikel Sanchez Jaurlaritzako Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendariak. Langileei buruzko datuak ere eman ditu: koronabirusarekin lotuta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 4.498 langilek hartua dute baja, oro har. Osasun langileei dagokienez, test positiboen %14,5 dira haiei dagozkienak. Hauek berriro lanean hasteko protokoloak jarraitzen ari direla azaldu du.

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Maddi Ane Txoperena Iribarren

12:51

Alokatze turistikoak debekatu dituzte Lapurdi kostaldean

Lapurdi kostaldeko bederatzi herritan alokatze turistikoak debekatu ditu Eric Spitz Pirinio Atlantikoetako prefetak. Pazkoko bakantzen garaian "jarrera arduragabeak" sahiestu nahi ditu horrela Frantziar estatuko ordezkariak. Herri hauek dira debekua jaso dutenak: Baiona, Angelu, Miarritze, Bidarte, Getari, Donibane Lohitzune, Ziburu, Urruña eta Hendaia. Apirilaren 15a arte ezarri du debekua prefetak.

Ekhi Erremundegi Beloki

Ekhi Erremundegi Beloki

12:47

Aspiazuk uste du Europak gehiago egin dezakeela koronabirusaren krisiaren aitzinean

Pedro Aspiazu Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun kontseilariak Europak krisi honen aitzinera "gehiago" egin dezakela nabarmendu du gaur goizean ETB1en egindako elkarrizketa batean. Europak eurobonoak jaulkitzeko aukera nabarmendu du Aspiazuk eta erran du 2008ko krisian Europak ez zuela "bere maila" eta ematen duela oraingoan ere ez dela ematen ari.

Aspiazuk nabarmendu du albiste ona dela industria aste santuaren ondotik bere ohiko jardunera itzultzea: "Garrantzitsua da enpresak lanera itzultzea ekonomia berriz ere martxan jartzeko. Hala ere garantiak ezartzea beharrezkoa da, osasuna baita lehena".

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

12:46

Jaurlaritzak jakinarazi duenez, ez dakite zehazki zein testuingurutan ari diren gertatzen kutsatze berriak. Segurtasun neurriak hartzen jarraitzeko eskatu diete herritarrei.

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Maddi Ane Txoperena Iribarren

12:40

Eusko Jaurlaritza koronabirusari buruzko azkeneko datuak ematen ari da. Atzo 124 laguni eman zioten alta, eta 3.568 lagun sendatu dira guztira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan. Mikel Sanchez, Jaurlaritzako Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendaria ari da datuak ematen.

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Maddi Ane Txoperena Iribarren

12:37

Bizkaiko zahar etxeetan, koronabirusagatik kutsatuta dauden adinekoak 383 dira jada, eta horietatik 93 erietxean daude, foru aldundiak jakinarazi duenez. Gainera, 86 beharginek eman dute positibo, duela bi egun baino lauk gehiagok, eta 396 bakartuta daude, gaitza duten baieztatu gabe.

Jon O. Urain

Jon O. Urain

12:29

Koronabirusaren aitzinetik Gipuzkoako erresidentzietako zeuden defizitak salatu ditu Duintasunak

Duintasuna pentsionisten plataformak salatu du Covid19aren krisiak Gipuzkoako erresidentzietan aurretik zeuden defizitak "azaleratu" bertzerik ez dituela egin. Bertzeak bertze osasun arloko giza baliabideen falta eta behar bereziak dituztenak artatzeko baliabide falta salatu ditu plataformak. Elkarteak erresidentzietako langileen lana txalotu du eta salatu du askotan babesteko materialik ere aritu direla lanean.

Erresidentzietarako aurrekontu gehiago eskatu ditu plataformak eta bihar osasungintza publikoaren alde 20:30etatan egingo den lapiko jotzean parte hartzeko deia luzatu du. Gainera langileei babesa eman die beren lan baldintzak hobetzeko egindako borrokan

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

12:26

43.600 test Osakidetzarentzat

Espainiako Osasun Ministerioak koronabirusa atzemateko 43.600 test azkar bidali dizkio Eusko Jaurlaritzari. Lehen bidalketa bat izan da, eta datozen egunetan gehiago igortzeko asmoa du. Atzo, Salvador Illa Osasun ministroak iragarri zuen 58.000 test bidaliko dizkiotela Jaurlaritzari. Maskarak ere bidali dizkio sorta berean.

Jon O. Urain

Jon O. Urain

12:12

42 pertsona hil dira azken orduetan Hego Euskal Herrian koronabirusakin

Azken orduetako datuak kaleratu ditu Espainiako Osasun Ministerioak. Koronabirusaren krisia hasi zenetik denera 735 pertsona hil dira Hego Euskal Herrian koronabirusak jota. 12041 pertsonek eman dute positibo koronabirusean. Sendatutako gaixoak, aldiz. 3948 dira

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

11:21

Japonia, alertan

Japoniako lehen ministro Shinzo Abek jakinarazi du osasun larrialdi egoera emango duela datozen orduetan, hilabete baterako. Halere, alarma egoeraren araberako neurriak ez dituzte herrialde osoan ezarriko, unean-unean eta tokian tokiko agintariek erabakitzen dutenaren arabera baizik.

Jon O. Urain

Jon O. Urain

11:17

Michelin, 14tik aurrera lanean

Espainiako Gobernuak larunbatean iragarri zuen premiazkoak ez diren jarduera ekonomikoetako langileak beharrera itzuli ahal izango direla Aste Santua igaro ondoren, eta, hori horrela, Michelinek Lasarte-Orian (Gipuzkoa) eta Gasteizen dituen lantegiak zabalduko ditu hilaren 14tik aurrera, asteartez. Enpresak nabarmendu du lantegiek ezin dutela itxita jarraitu, "ezinbesteko sostengua" ematen dutelako premiazko jardueretan.

Jon O. Urain

Jon O. Urain

10:45

Astelehen Lilak elkarteak herritarrei dei egin die elementu moreren batekin irtetera balkoietara, 20:00etan, indarkeria matxistaren biktimak gogoan izateko. Elkarteak nabarmendu du, alarma egoeran, konfinamenduak "are zailago" egiten duela "salatzea eta laguntza eskatzea".

Jon O. Urain

Jon O. Urain

10:31

Osasungintza pribatuko langile bat hil zen larunbatean; koronabirusa zuen, eta iktus baten ondorioz hil zen. Barakaldokoa zen, eta udalak herritarrei eskatu die hura txalotzeko gaur arratsean, egunero bezala 20:00etan balkoira irtetean.

Horrez gain, eguerdian ere omenduko dute; Gestab, Gizatzen eta IMQ taldearen Zorrotzaurreko eta Virgen Blanca erietxeetako langile batzordeek dei egin dute eguerdian bi kliniken sarreretan elkarretaratzera, erizain laguntzailea zenaren senideei dolumina eta elkartasuna adierazteko.

Jon O. Urain

Jon O. Urain

09:56

Egoera okerrera egiten ari da Indian ere; Osasun Ministerioak jakinarazi duenez, herrialde horretan goranzko joeran dago izurria. Astebete baino gutxiagoko tartean, bikoiztu egin dira koronabirusarekin kutsatutakoak; 2.000tik 4.067 izatera igaro dira. Gainera, 109 pertsona hil dira; horietatik 32, azken 24 orduetan.

Jon O. Urain

Jon O. Urain

09:51

Miquel Iceta PSCko buruzagiak esan du ez dela "desberdintasunik" egin behar eta, horregatik, preso politiko independentista katalanek etxen igaro beharko luketeela konfinamendu aldia: "Hirugarren graduan dauden preso guztiek igaro dezakete konfinamendua etxean, eta espetxetik kanpo lanean ari zirenek ere, espetxe araudiak jasotzen duenez".

Jon O. Urain

Jon O. Urain

09:42

Ohi bezala, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak 12:30ean emango dituzte koronabirusaren eraginari buruzko azken datuak.

Aurretik, 12:00etan, Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria Pedro Azpiazu Ogasun sailburuarekin bilduko da, enpresa txiki eta ertainei nahi autonomoei laguntzeko programa aztertzeko.

Jon O. Urain

Jon O. Urain

09:35

Iruñeko Udaltzaingoak isuna jarri die azken orduetan 47 herritarri, alarma egoera urratzea egotzita. Errepideetan jarritako kontroletan, 251 auto geldiarazi dituzte, eta seirentzako isunak proposatu.

Jon O. Urain

Jon O. Urain

09:23

Munduan 70.000 lagun inguru hil dira COVID-19 eritasunaren eraginez, eta atzemandako kasuak ia 1,3 milioi dira, milioira pasa den ostegunean iritsi ostean, Johns Hopkins Unibertsitatearen datuen arabera. AEBak eta, bereziki, New York dira pandemiaren epizentro berria. AEBetan 337.000 positibo baino gehiago baieztatu dira, eta 9.600 lagun hil ─herena New Yorken─. Hildako kasu gehien baieztatu duen herrialdea, ordea, Italia da, 15.800 baino gehiago. Kutsatuak, berriz, 129.000 inguru dira han. Espainia litzateke kutsatu kopuru handiena duen hurrengo estatua, baina azken egunetan nabarmen gora egiten ari dira kasuak Alemanian eta Frantzian ere ─100.000 inguru bakoitzean─. Horiek dira Txinako positibo kopurua gainditu dutenak.

09:12

Txinako Osasun Batzordeak adierazi du herrialdean dauden COVID-19 «kasu aktiboak» 1.299 direla. 1.300 kasuen azpitik kokatzen den lehen aldia da, urtarriletik. Atzo, 39 kasu berri baieztatu zituzten ─38 atzerritik iritsitakoak─, baina kopurua beherantz doa. Izan ere, denbora tarte berean, 114 lagun sendatu ziren. Larri dauden herritarrak, berriz, 265 dira, Txinako Gobernuaren arabera.


Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Maiatzaren 29an eguneratua, 19:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Azkeneko 24 orduetan bost pertsona hil dira COVID-19 gaitzaren eraginez, hamabi positibo atzeman dituzte PCR probekin, eta hiru gaixo ospitaleratu dituzte. Euskal Herrian 29.287 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.066 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Arantzazu (Oñati, Gipuzkoa), larunbatean. ©Marisol Ramirez / Foku

Hego Euskal Herria, azken faserako prestatzen

Berria

EAE datorren astelehenean hirugarren fasera pasatzeko eskatuko dio gaur Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak Espainiako Gobernuari, eta Nafarroa «normaltasun berrira iristeko neurriak» onartzeko prest dagoela esan du Maria Txibite presidenteak.

Iñigo Urkullu eta Nekane Murga, goizeko bileran. ©/ Irekia

Ekainaren 8an hirugarren fasera igarotzeko eskatuko du gaur Jaurlaritzak

Jon O. Urain

Nafarroako Gobernuak «oso balorazio positiboa» egin du erkidegoek konfinamendua leuntzeko hirugarren fasea kudeatzeko aukeraz.

Aitor Esteban eta Salvador Illa, Kongresuan. / ©Ballesteros, EFE

Erkidegoek kudeatuko dute hirugarren fasea

Jon Ordoñez Garmendia

Alarma egoera luzatzeko akordioa egin dute Espainiako Gobernuak eta EAJk, eta, horren truke, Urkulluk eta Txibitek hartu, kendu, moldatu eta ezarriko dituzte alarma egoeratik ateratzeko neurriak hirugarren fasean Hego Euskal Herrian. ERCrekin ere egin du akordioa Madrilek. Ekainaren 8an hirugarren fasean sartzea eskatuko du Jaurlaritzak bihar.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna