IMQko langileek elkarretaratzea egin dute zendutako langilea omentzeko

Langileek babes neurriak eskatu dituzte, eta salatu dute ez dutela aski material koronabirusetik babesteko. Bilboko Zorrotzaurreko eta Andre Maria Zuriko langile denei testak egiteko eskatu dute.

IMQ klinikako langileak gaur goizean egindako elkarretaratzean. ARITZ LOIOLA, FOKU
Ainhoa Larretxea Agirre.
2020ko apirilaren 6a
14:04
Entzun

IMQ kliniketako langileek elkarretaratzea egin dute gaur, joan den larunbatean zendutako langilea omentzeko. Bilboko Zorrotzaurreko ospitalean egiten zuen lan langile zenduak, eta Gurutzetako erietxean hil zen. Elkarretaratzea baliatu dute bi kliniketan lan egiten duten langile guztiei testak berehala egitea eskatzeko eta segurtasunez lan egiteko beharrezkoak diren ekipamendu eta prebentzio neurri guztiak hartzeko eskatzeko ere. Langile guztientzako neurriak eskatu dituzte elkarretaratzean, bai bertako langileentzat, bai azpikontratetako langileentzat.  

 Prentsari egindako adierazpenetan, Ander Akarregi ELAko eledunak argi erran du enpresaren «eginbeharra» dela langileak babesteko neurri guztiak hartzea. Era berean, adierazi du ezinbertzekoa dela langile guztiei probak egitea, positibo ematen dutenak bakandu ditzaten eta horiek bertze langile batzuk kutsatu ez ditzaten. Eta salatu du egungo babes neurriak «ez direla nahikoak». 

Akarregik gogorarazi du, gainera, Osakidetzatik eratorritako paziente kutsatuak artatzeko solairuak prestatu dituztela, baina langileei oraindik ere ez dietela egin probarik. 

Zorrotzaurreko IMQko langileek dolumina helarazi diote hildako langilearen sendiari, gertukoei eta lankideei. Barakaldoko Udalak, berriz, herritarrak deitu ditu hildako langilea omentzeko egingo den txalo zaparradan parte hartzera, 20:00etan izango baita. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.