Noiz sortua: 2020-04-07 07:55:24

Zuzenekoa

Beste 77.200 kasu atzeman dituzte munduan

OME Osasunaren Munduko Erakundeak emaniko datuen arabera, munduan 1.279.722 COVID-19 kasu diagnostikatu dituzte dagoeneko, atzo baino 77.200 gehiago. Edonola ere, aurreko egunarekin parekatuta, %5 gutxiago dira gehituriko kasuak. Denera 72.716 pertsona hil ditu birusak dagoeneko munduan.

Zazpi kaletako metro sarrera, Bilbon.
Zazpi kaletako metro sarrera, Bilbon. Aritz Loiola / Foku Tamaina handiagoan ikusi

Berria -

2020ko apirilak 7

* Arnasaldi bat krisiaren erdian: hirietan amildu egin da autoek eragindako kutsadura. Berotegi gasen isurketak ere jaitsi egin dira.

* ELAk eta LABek epaitegietara eraman dituzte Gasteizko gobernua eta Iruñƒekoa, «langileen bizia arriskuan jartzeagatik»

* Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemoseko kidearen elkarrizketa: «Krisiak gordin-gordin erakutsi digu egungo sistemaren gabezia»

Zuzeneko kontakizuna

22:57

Zahar etxeetako 143 egoiliar hil dira

Bizkaiko Foru Aldundiak ez du ematen herrialde horretan zahar etxeetan hildakoen daturik, bai ordea gainerako probintzietako administrazioek. Krisia hasi zenetik, 71 adineko hil dira Arabako zentroetan, eta 41 Nafarroakoetan. Gipuzkoan, berriz, beste 30 adineko hil dira zahar etxeetan. Guztira, 143. Gaurko datuak dira. Nafarroak esana du, hala ere, badituela zenbatuta beste 70 bat adineko, koronabirusaren sintoma antzekoekin hil direnak; hortaz, berretsitako zenbakiek adierazten duten baino eragin handiagoa du gaitzak.

Mikel P. Ansa

Mikel P. Ansa

22:44

Irlandako bi gobernuek plan bat egin dute

Irlandako Errepublikako eta Ipar Irlandako Osasun ministroek koronabirusari aurre egiteko plan bat hitzartu dute, Irlandako eta Erresuma Batuko hedabideek jakinarazi dutenez. Bertzeak bertze, bi gobernuek informazioa partekatzeko konpromisoa hartu due, eta "borondatea" adierazi dute medikuntzarako baliabideak partekatzeko "bientzako onuragarria den kasuetan". Bi ministroek adierazi dute elkarlana beharrezkoa dutela birusak ez dituelako "mugak errespetatzen". Uharte osoan 247 petsona hil dira COVID-19ak jota.

Mikel Rodriguez

Mikel Rodriguez

21:45

AEBetako Institute for Health Metrics and Evaluation (IHME) erakundearen ereduaren arabera, Erresuma Batua izango da Europan koronabirusak gogorren kolpaturiko herrialdea. Kontinenteko heriotzen %40 han gertatuko dira, horren arabera. Abuzturako 66.000 pertsona hilko ditu birusak Erresuma Batuan, aurreikusi dutenez.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

21:05

Beste 77.200 kasu gehiago munduan

OME Osasunaren Munduko Erakundeak emaniko datuen arabera, munduan 1.279.722 COVID-19 kasu diagnostikatu dituzte dagoeneko, atzo baino 77.200 kasu gehiago, alegia. Edonola ere, aurreko egunarekin parekatuta, %5 gutxiago dira kasu berriak. Denera, 72.716 pertsona hil ditu birusak dagoeneko munduan. Europan daude kasu gehienak: 686.000. Amerikan 384.000.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

19:20

Beste bi pertsona hil ditu koronabirusak Kuban: 101 urteko emakume bat eta 68 urteko gizonezko bat. Izurriaren biktimak dagoeneko 11 dira denera. 396 kasu diagnostikatu dituzte.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

18:40

Koronabirusak kutsatutako herritarren kopurua beherantz doa Italian

Pixkanaka kutsatu berrien kopurua txikitzen ari da Italian. Azken orduetako datuen arabera, 870 dira kutsatu berriak, martxoaren 10etik kopururik txikiena. Denera, 135.586 pertsonak eman dute positibo koronabirusaren proban. Hildakoei dagokienez, berriz, 604 hildako izan dira. Krisia hasi zenetik denera 17.721 pertsona zendu dira Italian.

Ospitaleratutako pertsonen kopurua ere txikitzen ari da; azken orduetan 1.555 pazientek jaso dute alta. Denera, positibo eman duten artean 24.392 pertsonak gainditu dute gaitza.

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

18:25

Lufthansa taldeak Germanwings adarra itxi du

Hegaldi merkeak eskaintzen zituen Lufthansak Germanwingsen bitartez. Alemaniako hegazkin konpainiak iragarri du beste adar batzuetan ere murrizketak egingo dituela, ez duelako espero "aire garraioa koronabirusaren krisiaren aurreko mailara azkar itzultzea".

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

18:13

Erresuma Batuan 786 pertsona hil ditu koronabirusak azken 24 orduotan. Orain arteko heriotza kopuru handiena da egun batean. Dagoeneko 6.159 pertsona hil dira denera, eta positibo eman dutenak 55.000tik gora dira. Boris Johnson Erresuma Batuko ministroak positibo eman zuen koronabirusaren proban, eta bart jakin da ZIUn ospitaleratuta dagoela. Igandetik dago ospitalean Johnson.

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

18:08

Europako Batzordeak konfinamendutik ateratzeko plan koordinatu bat nahi du Europa guztirako

Europa osatzen duten 27 estatuak konfinamendutik plan bateratu batekin aterata pandemia berriz ere agertzea eragotzi nahi du Europako Batzordeak. Austriak eta Danimarkak konfinamendua arintzeko neurriak azaldu ondotik adierazi du plan bateratu baten beharra batzordeak. Austrian, komertzio txikiek ateak irekiko dituzte Aste Santuan. Danimarkan, berriz, haur hezkuntzako eta lehen hezkuntzako eskolak apirilaren 15ean hasiko dira berriro.

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

17:54

New Yorken 731 pertsona hil ditu koronabirusak azken 24 orduotan. Orain arteko heriotza kopururik handiena da halako epe batean. Dagoeneko 5.489 pertsona hil dira denera han. AEBetako estaturik astinduena da.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

17:27

Eneritz Furyak musikariak bere konfinamenduaren "infernu partikularretik" Eskorbuto taldearen kanta baten euskarazko bertsioa egin du. "Autoharpa eta Eskorbuto. Burmuin suntsituak (Cerebros destruidos) kantatuz barruak husteko garai ezinhobea bizi dugulakoan nago", idatzi du.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

16:59

EH Bilduk Espainiako Gobernuaren kontrol saioak itzul daitezela eskatu du

Kongresuko jarduna murriztuta dagoen arren, EH Bilduri garrantzitsua iruditzen zaio gobernuak hartzen dituen neurrien inguruko informazioa izatea. Horregatik, Espainiako Kongresuan gaur eskatu du gobernuaren kontrol saioak itzul daitezela: " Alarma egoera ezarrita egonagatik, uste dugu garrantzitsua dela gobernuaren gaineko kontrol saioak bertan behera ez gelditzea". Horretarako, azken aldian plenoak egiteko erabiltzen duten formatu murriztuaren aldeko apostua egin du.

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

16:27

Ia 30.000 txosten, ia 200.000 langileri

Hego Euskal Herrian alarma egoera ezarri zenetik aurkeztutako aldi baterako lan erregulazio txostenen datu eguneratua eman dute Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak: 29.800 dosier inguru aurkeztu dituzte, eta denera 199.000 behargini eragiten die. Herrialdeka:

Bizkaia:12.214 dosier (77.326 langile).

Nafarroa: 6.200 dosier (37.000 langile inguru).

Gipuzkoa: 8.047 dosier (51.534 langile).

Araba: 3.383 dosier (32.991 langile).

Jon O. Urain

Jon O. Urain

16:15

Asier de la Iglesia saskibaloi jokalaria erietxera eraman dute

Asier de La Iglesiak esklerosi anizkoitza eta asma ditu, eta igandean eskatu zuen COVID-19 proba egiteko, bi egun sintomekin egon ondoren Zumarragako etxean. Sare sozialetan salatu zuen Osakidetzak ez ziola probarik egin. Azkenean atzo egin zioten, eta negatibo eman zuen. Gaur sartu dute erietxean, "probak , antza, negatibo faltsua eman zuelako", berak adierazi duenez.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

15:47

Aurreko egunetan baino bi aldiz hildako gehiago Herbehereetan

Azken 24 orduetan 234 pertsona hil ditu koronabirusak Herbehereetan, aurreko asteetako tasa halako bi. Dagoeneko 2.101 pertsona hil ditu gaitzak han, eta kasu diagnostikatuak 19.580 dira.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

15:41

Denda txikien aldeko neurriak proposatu ditu EH Bilduk

Donostiako EH Bilduk Udalari eskatu dio alokairurik ez kobratzeko udalaren lokalak erabiltzen dituzten merkatariei. Udal plataforma bat sortzea proposatu du, denda txikietan ere Internet bidez erosi ahal izateko. Ekimen bat eskatu du herritarrek erosketa etxetik eskatu ahal izateko, eta dendara bakarrik jasotzera jaisteko, Hernanik (Gipuzkoa) egin duen bezala.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

15:08

Telefonoaren erabilera %90 handitu da, eta %300 Whatsapparena

Euskaltelek bere bezeroen artean jasotako datuen arabera, konfinamendua hasi zenetik %90 handitu da telefono finkoaren erabilera, eta %65 sakelakoarena. Horrez gain, Whatsapp aplikazioan erabilitako datu kopurua %300 handitu da.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

15:00

Whatsappek mugak jarriko ditu, gezurrak horren azkar ez zabaltzeko

Albiste faltsuei mugak jarri nahi dizkiela esan du Facebooken konpainiak, eta horretarako aldaketa batzuk egingo dituzte: erabiltzaile batek bost aldiz baino gehiagotan birbidalitako mezu bat jasotzen badu, bakarrik talde batean zabaldu ahalko du bakoitzean (lehen bost taldetan zabaldu ahal ziren). Horrek ez du kenduko mezuak nahi adina taldetan zabaltzeko aukera, baina lan gehiago emango du, eta geldotu egingo du zabalkundea.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

13:49

Nafarroako Gobernuak indarkeria matxistaren biktimak babesteko bertze gune bat sortuko du

Indarkeria matxistaren biktima diren emakumeak eta adingabeak artatzeko gune berri bat paratu du martxan Nafarroako Gobernuak. Gune berri horren bitartez orain arteko plaza kopurua bikoiztea espero du gobernuak. Orain arte ezarritako guneetan 20 emakume eta 22 adingabe artatzen ari dira.

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

13:27

LAB sindikatuak ikastoletako langileen lan baldintzak eta soldatak mantentzeko eskatu du

Alarma egoera ezarri zenetik, ikastola guztietako langileak etxean daudela oroitarazi du LABek, eta koronabirusaren krisiak egoera anitza sortu dituela ikastoletan. Ikastola batzuetan ERTEa aplikatu dutela jakinarazi du LABek, eta ia denetan ERTEan dauden langileak soldata osoa jasotzen diren arren, Gasteizko Olabide ikastolaren kasua salatu du. Sindikatuak salatu duenez, bertako langileak soldataren %70a bakarrik jasotzen dute.

Ikastola batzuetan administrazioko eta zerbitzuetako langileen inguruan iritzi kontrajarriak daudela nabarmendu du sindikatuak eta langileen lan baldintzak eta soldatak mantentzeko eskatu du langileen artean "desberdintasunik" ez sortzeko.

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

13:05

Lanbidek 3 miloi euro bideratuko ditu autonomoei laguntzeko

Beren jarduera bertan behera utzi behar izan duten negozioei laguntzeko diru laguntzak bideratuko ditu Lanbidek. Laguntzak eskatzeko egoitza fiskala Araba, Bizkai edo Gipuzkoan izan beharko da eta negozioa krisiak etendako jardueraren batekoa izan beharko da.

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

12:28

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan beste 38 hildako

Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak eman ditu koronabirusaren azken datuak: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 211 kasu berri baieztatu dituzte (9.021 guztira), eta horietatik 1.725 ospitaleratuta daude. Atzotik hildakoak, berriz, 38 dira; EAEn 586 lagun hil dira guztira koronabirusaren ondorioz. Geroz eta pertsona ospitaleratu gutxiago daudela azpimarratu du Murgak, eta joera «beheranzkoa» dela. Sendatutakoak 3.700 baino gehiago dira.

Paulo Ostolaza

Paulo Ostolaza

12:21

Aste Santuak direla eta, herritarrak «bigarren etxeetara mugitzea ekiditeko neurriak» indartuko ditu Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailak.

Paulo Ostolaza

Paulo Ostolaza

12:17

Urkulluk esan du larrialdi egoera luzatzeko Madrilen asmoa babestuko duela, uneotan lehentasuna «osasun egoera bermatzea» baita. Jaurlaritza hasi da normaltasunera itzultzeko plan bat lantzen ere, besteak beste, hezkuntzaren arloan.

Paulo Ostolaza

Paulo Ostolaza

12:15

53 pertsona hil dira azken orduetan Hego Euskal Herrian

Azken orduetan hildako 53 pertsonen ondotik, 788 dira koronabirusaren ondorioz hildakoak Hego Euskal Herrian. Koronabirusean positibo eman dutenak, aldiz, 12.376 dira, atzo baino 335 pertsona gehiago.

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

12:11

Laguntza gehiago «behar gehien dituztenentzat»

Hasi da Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren agerraldia. Haren arabera, gaurko gobernu bileran hartutako neurri garrantzitsuenak «behar gehien dituztenei» zuzendutakoak dira. Gizarte larrialdietarako 16 milioi euro gehiago bideratuko ditu Jaurlaritzak; beste 76 milioi, berriz, autonomoei laguntzeko, gazte bermearen sistemarako eta kontziliaziorako jarriko ditu.

Paulo Ostolaza

Paulo Ostolaza

11:36

Itxaso Atutxa EAJko Bizkai Buru Batzarreko presidenteak esan du, Espainiako Gobernuak koronabusari aurre egiteko testuinguruan neurri birzentralizatzaileak hartzeko asmoa badu, EAJ «aurrean» izango duela: «Talde lana bai, baina birzentralizazioa, ez»

ETB1en elkarrizketatu dute Atutxa. Bertan, adierazi du Eusko Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorra ezin dela bihurtu «parlamentu txiki bat», argudiatuta ez dagoela «horretarako pentsatuta» eta «legez ezinezkoa» dela hala izatea. Azaldu du EAJ «gobernua kontrolatzearen alde» egon dela beti, baina, gaur egun, «egoera ezberdina» dela.

Jon O. Urain

Jon O. Urain

11:26

Donostiako Udaltzaingoak bederatzi isun proposamen jarri zituen atzo, udalak jakinarazi duenez. Zehazki, 54 kontrol jarri zituzten astelehen goizaldetik astearte goizaldera bitartean, eta hamahiru pertsona identifikatu dituzte kalean egoteagatik. Auto gidaririk ez dute zigortu epe horretan.

Jon O. Urain

Jon O. Urain

11:23

Loiuko aireportuko langileen batzordeak salatu du AENAk arriskuan jarri dituela ehunka lanpostu, Espainiako Gobernuak ezarritako mugez harago joanda eta kontratazioetan murrizketak egin eta gero. CCOO sindikatuak salatu duenez, garbitzaileen taldea 42 langiletik bostera urritu da: %88.

Jon O. Urain

Jon O. Urain

11:19

Mitxel Lakuntza ELA sindikatuko idazkari nagusiak esan du gaur egun «enpresa askok» ezin dutela bermatu langileen segurtasuna eta beharginak «beldurrez» doazela lantokietara. Onda Vascan, azaldu du sindikatuaren asteotako jarduerak lehentasun duela lan osasuna, «egoera oso zailak» daudelako eta Osakidetzan eta zahar etxeetan materiala falta dutelako.

Jon O. Urain

Jon O. Urain

10:34

Astebetean, positibo kopurua bikoiztu egin da Afrikan

10.011 dira Afrikan baieztatu dituzten positiboak. Beraz, kopurua bikoiztu egin da astebetean. 52 herrialdetan atzeman dute kasuren bat, baina lautan daude positiboen erdia baino gehiago: Hegoafrikan 1.686 kasu baieztatu dituzte, Aljerian 1.423, Egipton 1.322 eta Marokon 1.141. Horien atzetik, Kamerun da positibo gehien baieztatu duen hurrengo herrialdea, 658. Era berean, kasuren bat atzeman duten herrialdeen bi herenek ehun positibo baino gutxiago baieztatu dituzte. Denera, 489 dira COVID-19aren eraginez hildakoak kontinente hartan.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

10:21

Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaritzak gogorarazi du debekatuta dagoela bigarren etxebizitzera bidaiatzea. Aste Santua iristear dela, azpimarratu du kontrol gehiago ezarriko dituztela halakoak ekiditeko. Konfinamendua ezarri zenetik, Nafarroan 4.434 salaketa jarri dituzte poliziek, eta 30 lagun atxilotu.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

10:11

Ostegunean, jai eguna izanik, saltokiak ez irekitzeko agindua ezartzeko eskatu die Izquierda-Ezkerrak Nafarroako eta Espainiako gobernuei, «merkataritzako langileen kexei jaramon eginez». Koalizioak adierazi du saltokietako eta, batez ere, supermerkatuetako langileak egunero lanean ari direla «herritarrei elikagaien eta oinarrizko produktuen hornidura bermatzeko», eta «egokia eta zentzuzkoa» dela euren eskaerei erantzutea: «Herritarrak euren etxeetan konfinatuta egongo diren jai egun bat da, eta uste dugu langile hauek, nagusiki emakumeak, ere euren familiekin atseden egun batez disfrutatzeko eskubidea dutela».

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

09:54

Saguzar batetik hasi eta pangolin baten bitartez iritsi zen koronabirusa gizakietara, Ana Galarraga Aiestaranek gaurkoan azaldu moduan. Orain, badirudi felinoek ere harrapatu dezaketela gaitza. Eztul lehorra zuen tigre batek positibo eman du proban, New Yorkeko (AEBak) zoo batean. Beste dozena erdi tigre eta lehoik ere sintomak dituzte han, baina ez da COVID-19a dutenik baieztatu.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

09:26

1,3 milioi kasu baieztatuta, eta 75.000 hildako

Munduan COVID-19 gaixotasunagatik positibo emaniko lagun kopuruak 1,3 milioiko langa pasa du, Johns Hopkins unibertsitatearen arabera. Hildakoak, aldiz, 75.000 inguru dira. Azken egunetan, AEBak bihurtu dira pandemiaren epizentroa. Kasu kopurua 368.000ra arte igo da, eta hildakoak 11.000 inguru dira ─herena inguru New Yorken─. Izan ere, kutsatu kopuru handiena duten hurrengo hiru herrialdeetan baino kasu gehiago atzeman dituzte AEBetan. Italian, 132.000 kasu inguru baieztatu dira ─eta 16.500 hildako─; Alemanian, 103.000 ─eta 1.800 hildako─; eta Frantzian ia 100.000 ─eta ia 9.000 heriotza─. Horiek eta Espainia dira Txinaren positibo kopurua gainditu duten herrialdeak. 82.000 kasu baieztatu dira han, eta 3.300 heriotza inguru.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

08:44

Miarritzen (Lapurdi), udalak koronabirusaren hedatzea eragozteko neurriak berritu ditu: herritarrak gehienez bi minutuz egon daitezke eserita kaleko bankuetan. Ipar Euskal Herrian ez dute ezarri kalera ateratzeko debekurik, baina Miarritzeko Udalak eskatu du irteerak «salbuespenak» izan daitezela, eta etxetik kilometro batera artekoak, gehienez ere.

Andoni Imaz

Andoni Imaz

08:30

Txinan, hildakorik ez

Txinak ez du erregistratu COVID-19 gaitzaren eraginez hildakorik astelehenean. Gaur eman dute horren berri, gaitzak jotako lehenengo pertsona hil eta hiru hilabetera ia.

Andoni Imaz

Andoni Imaz

07:40

Enrique Maia Iruñeko alkatea erietxera eraman dute, proba batzuk egitera. Joan den astean adierazi zuen positibo eman zuela koronabirusaren proban; geroztik, etxean egon da berrogeialdian. Maria Cabello zinegotziak esan du Maiaren egoera ez dela larria.

07:37

Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroa zainketa intentsiboetako unitatera eraman dute bart. Koronabirusak kutsatuta dago Johnson, eta haren sintomak okertu egin direla esan du gobernuak. Politikariak 55 urte ditu, eta igandean eraman zuten erietxera. Dominic Raab Atzerri ministroak bere gain hartu ditu Johnsonen ardurak behi-behinean.


Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Maiatzaren 29an eguneratua, 19:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Azkeneko 24 orduetan bost pertsona hil dira COVID-19 gaitzaren eraginez, hamabi positibo atzeman dituzte PCR probekin, eta hiru gaixo ospitaleratu dituzte. Euskal Herrian 29.287 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.066 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Arantzazu (Oñati, Gipuzkoa), larunbatean. ©Marisol Ramirez / Foku

Hego Euskal Herria, azken faserako prestatzen

Berria

EAE datorren astelehenean hirugarren fasera pasatzeko eskatuko dio gaur Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak Espainiako Gobernuari, eta Nafarroa «normaltasun berrira iristeko neurriak» onartzeko prest dagoela esan du Maria Txibite presidenteak

Iñigo Urkullu eta Nekane Murga, goizeko bileran. ©/ Irekia

Ekainaren 8an hirugarren fasera igarotzeko eskatuko du gaur Jaurlaritzak

Jon O. Urain

Nafarroako Gobernuak «oso balorazio positiboa» egin du erkidegoek konfinamendua leuntzeko hirugarren fasea kudeatzeko aukeraz.

Aitor Esteban eta Salvador Illa, Kongresuan. / ©Ballesteros, EFE

Erkidegoek kudeatuko dute hirugarren fasea

Jon Ordoñez Garmendia

Alarma egoera luzatzeko akordioa egin dute Espainiako Gobernuak eta EAJk, eta horren truke Urkulluk eta Txibitek hartu, kendu, moldatu eta ezarriko dituzte alarma egoeratik ateratzeko neurriak hirugarren fasean Hego Euskal Herrian. ERCrekin ere egin du akordioa Madrilek. Jaurlaritzak bihar eskatuko du ekainaren 8an hirugarren fasean sartzea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna