Kultura

Gipuzkoako Diputazioak ia 900.000 euro jarriko ditu kultur proiektuetarako

Koronabirusak eragindako krisia dela eta, foru aldundiak adierazi du neurri horren bidez kulturan «erabateko geldialdia» egotea eragotzi nahi duela.

Indusketa arkeologikoetarako laguntzak ere bideratuko ditu aldundiak. JOSEBA RIOS
Berria
2020ko apirilaren 7a
13:49
Entzun

Gipuzkoako Foru Aldundiak 896.667 euro xedatuko ditu kultur proiektuak finantzatzera. Deialdiak sei laguntza lerro hartzen ditu: Susperka, Olatuak, Mundura, Gipuzkoako museoak, dokumentu ondarea zaharberritzea eta indusketa arkeologikoak. Onartutako laguntzetarako eskaerak aurkezteko epea, berriz, osasun larrialdia amaitzen denean irekiko da.

Zehazki, lerro hauek onartu dira:

Susperka: helburutzat hartuta proiektu eta jarduera berritzaileak, edukiari nahiz kudeaketari dagokienez: hainbat kontzeptu, hala nola sareko lana, bitartekaritza artistikoa, ikerketa, eta harreman nahiz lankidetza bide berriak, desberdinen artekoak nahiz publiko guztiekikoak. Diru kopurua: 172.667 euro.

Olatuak: helburutzat hartuta bokazio eraldatzaileko proiektu berritzaileak, eta horrela, topagune bat sortzea kulturaren eta gizarte duinago baten artean, zeina oinarritzen baita bakezko elkarbizitzan, jasangarritasun ekologikoan, pertsonen arteko berdintasunean, elkartasunean, partaidetzan eta gizarte integrazioan.  Diru kopurua: 120.500 euro.

Mundura: helburutzat hartuta beren proiektu artistikoak nazioarteko eremura eraman nahi dituzten Gipuzkoako pertsona fisikoak eta irabazi asmorik gabeko entitateak. Diru kopurua: 90.000 euro.

Gipuzkoako museoak: hartzaileak izanik Gipuzkoako museoak, eta helburutzat hartuta dinamizazio, kudeaketa eta egokitzapen ekintzak. Orobat, hartzaile izan daitezke erakusketa iraunkorrak eta ondare intereseko multzoak. Diru kopurua: 264.500 euro.

Dokumentu ondarea: historia, zientzia eta kultura arloetan duten interesagatik Gipuzkoako dokumentu ondarea osatzen duten dokumentuak zaharberritzea. Gutxienez 50 urteko antzinatasuna duten dokumentuetarako, zeintzuk ekoitzi edo jaso baititu bere jarduera Gipuzkoan izan duen edozein entitatek edo pertsonak, baldin eta dokumentazio hori lurralde historikoan badago. Diru kopurua: 36.000 euro.

Indusketa arkeologikoak: interes arkeologikoa edo ustezko interes arkeologikoa duten eremuetan egindako esku hartze arkeologikoak, haien kontserbazioari eragin diezaioketen ekimen pribatuko obrak direla medio.  Diru kopurua: 213.000 euro.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.