SAIOA ITXI

Hasiera / Kultura

Musika

'Al alba' abestiaren euskarazko bertsioa egin dute Iker Laurobak eta Jon Martinek

Nork ostu dit apirila? proiektuko bigarren abestia da Ilunabarrak izeneko hori. Proiektuak berrogeialdiak eragin dituen egoerak abesti bilakatzea du helburu. Pasa den astean hil zen Luis Eduardo Aute, abestiaren egilea. Txiki, Otaegi eta FRAPeko hiru militanteren fusilamenduak oroitzen ditu kantak

Jon Ordoñez Garmendia

2020ko apirilak 8

Luis Eduardo Auteren Al alba abestiaren itzulpena da Ilunabarrak. Jon Martinek itzuli eta Iker Laurobak musikatu duen bertsio hau Ane Narbarteren margolan batekin ilustratu dute, gaur zabaldu duten bideoan. Hiru sormen espresio horiek bateratzen ditu Nork ostu dit apirila-k: musika, letrak eta marrazkiak. Datorren astelehenean, bi kanta berri estreinatuko dira Berria Aretoan: Erizainarenak (Eñaut Aiartzaguenaren ilustrazioarekin) eta Gezurrezko eztaiak (Ane Narbarteren lanarekin). Hurrengo biak, berriz, apirilaren 18an aterako dira.

Frankismoak Angel Otaegi eta Juan Paredes Txiki ETAko militanteak, eta Jose Luis Sanchez Bravo, Ramon Garcia Sanz y Humberto Baena FRAPeko kideak fusilatu aurreko egunean idatzi zuen Autek Al alba. Aute joan den astean hil zen. «Fusilatzeen aurreko egunetan idatzi nuen Al alba, urgentzia handiz. Azkarren sortu ditudan kantuetako bat izango da, baina jendeak hura kantatzea nahi nuen. Egia esan, ez nuen askorik pentsatu behar izan; minetik sortu zen». Frankismoaren azken fusilatzeak izan ziren, eta 1975eko irailaren 27an izan ziren. Egun batzuk lehenago, gerra kontseilu batek heriotzara kondenatu zituen, eta ezinegon giro horretan sortu zuen Autek Al alba, ziur aski haren kanturik ezagunena izango zena.

«Zentsura azkar pasa zedin nahi nuen. Horregatik egituratu nuen maitasun kantu baten gisara, betirako agur baten eta heriotzaren alegatu gisa. Baina badira kantuan exekuzioekin oso lotuta dauden bi elementu». Zentsura igarota, Rosa Leonek grabatu zuen aurrenekoz kantua, eta 1978ra arte ez zuen diskora eraman Autek.

Zentsurarik modu distiratsuan izkin egin zioten abestien adibide da Al alba. Berrogeialdian zehar gertatu da Auteren heriotza, eta, tematikoki proiektuarekin bete-betean lerratzen ez bazen ere, bertan txertatzea erabaki zuten Laurobak eta Martinek. Beste hainbat euskaldun bezala, Filipinetan jaiotako artista honen miresle da Martin. "Bakarraldiak egoera bitxiak eragin ditu. Birusaren aurrean denak berdinak garela esaten bada ere, denek ez diogu testuinguru berean aurre egingo itxialdiari. Egoera sozioekonomiko, laboral eta afektiboek erabat zeharkatuko dute gure esperientzia. Horietako batzuk kanta bihurtzea da proiektuaren helburua. Konspiranoiak, berri faltsuak, tratu txarrak, harreman berriak, balkoietako poliziak.... hurrengo kantetarako gaiak izango dira", dio Martinek. Musika estiloak ere denetarikoak izango dira: doinu alai herrikoiak, rocka, popa eta rapa jorratuko dituzte.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna