Ekuador

Rafael Correa zortzi urteko espetxealdira zigortu dute, eroskeriagatik

Ekuadorko presidente ohiari 25 urteko inhabilitazioa ere ezarri diote. Zigortuak salatu du datozen hauteskundeei begirako erabaki bat dela.

Rafael Correa Ekuadorko presidente ohia, artxiboko irudi batean. EFE
ander perez zala
2020ko apirilaren 8a
09:35
Entzun

Ekuadorko Gorte Nazionalak zortzi urteko espetxealdira eta 25 urteko inhabilitaziora zigortu ditu Rafael Correa herrialdeko presidente ohia (2007-2017) eta haren gobernuko hemeretzi ministro, 2012. eta 2016. urteen artean eroskeria sare bat osatzeagatik. Epaiaren arabera, frogatutzat jo dute enpresa pribatuen bidez baliabideak lortu zituztela Alianza Pais beren alderdia finantzatzeko; hortaz, Correaren itzulera politikoa kolokan geratu da, ezingo litzatekeelako datorren urteko bozetara aurkeztu.

Presidente ohiak «politikaren judizializazioa» salatu du epaiaren berri izatean, eta datorren urteko hauteskundeekin lotu du: «Etsituta daude, epeak bete nahi dituzte, eta inhabilitatu nahi naute datozen bozei begira, badakitelako ni itzultzen banaiz alde handiz irabaziko diegula. Ni itzuliko naiz, sar nazatela kartzelan, baina utz diezadatela hautagai gisa izena ematen. Ez dute egingo», adierazi zuen atzo.

Zigortuaren defentsak iragarri du helegitea aurkeztuko diotela sententziari eta, behar izanez gero, nazioarteko erakundeetara joko dutela; izan ere, epaia oraindik ez da irmoa.

Diana Salazar fiskal orokorraren iritziz, eroskeria sarea «goitik» zegoen antolatua: Alianza Pais alderdiarentzako diruaren truke —6,5 milioi euroko kopuruaz aritu dira—, gobernuak enpresa jakin batzuei eman zizkien kontratu garrantzitsuen adjudikazioak. Zigortuen artean Jorge Glas presidenteordea dago, egun kartzelan dagoena Odebrecht auziagatik.

Espetxealdiaz eta inhabilitazioaz gain, zigortuak Administrazio Publikoaren etikari eta gardentasunari buruzko ikastaro batera joatea behartuko dituzte; 300 ordu iraungo du.

Correak eta gainontzeko zigortuek Latinoamerikako hainbat buruzagiren babesa jaso dute epaiaren aurrean, batez ere ezkerreko gobernuena. Evo Morales Boliviako presidentea da horietako bat: «[Correa] Mugarik gabeko jazarpen politiko baten biktima da». Bruno Rodriguez Kubako Atzerri ministroak, berriz, bere gobernuaren «babesa eta konfiantza» helarazi die.

Ekuadorko estatuburu kargua utzi zuenetik, Correa Belgikan bizi da, baina hainbatetan iradoki du bere herrialdeko politikagintzara itzuliko dela. 2017ko hauteskundeetan haren ondorengotzat zuten Lenin Morenok irabazi zuen, baina urteek aurrera egin ahala, agerian geratu da desberdintasun gehiago dituztela antzekotasunak baino, batez ere herrialdeari begirako neurrietan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.