Hedapena geldotzen ari da Nafarroan, baina ez Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Lau hildako eta 112 kutsatu berri izan dira Nafarroan azken orduetan, eta hildakoak hamazazpi dira Araban, 25 Bizkaian eta hamar Gipuzkoan.

Osasungintzako langileak txaloka Nafarroako ospitale gunean. IDOIA ZABALETA, FOKU
Ainhoa Larretxea Agirre.
2020ko apirilaren 8a
13:39
Entzun

Koronabirusaren hedapena pixkanaka geldotzen ari dela nabarmendu du Santos Indurain Nafarroako Osasun Kontseilariak, gaur goizean egindako agerraldian. Azken orduetan 112 positibo berri izan direla baieztatu du; bezperako datuekin alderatuta, %3,3ko igoera izan da: igoerarik txikiena epidemia hasi zenetik. Bertze datu positibo bat ere eman du Indurainek: gehiago dira erietxetik alta jasotzen dutenak, erietxean sartzen dituztenak baino.

Atzo arratsaldera bitarteko datuak eman ditu Indurainek. Denera, lau hildako izan dira Nafarroan azken orduetan; pandemia hasi zenetik, berriz, 202. Azken orduetan 202 pertsonak eman dute positibo koronabirusean; denera, 3.467 pertsonak. Sendatu kopurua ere gora doa pixkana, eta azken orduetan 29 pertsonak gainditu dute gaitza. Azken egunetako joera positiboa nabarmendu du Indurainek, baina oroitarazi du oraindik ere datu horiek okerrera egin dezaketela. Kontsultatu herriz herriko eta osasun eremukako datuak BERRIAk prestatutako mapa interaktiboan.

Ospitaleetako larrialdietan izango den protokolo aldaketaren berri ere eman du Santosek. Pazienteek koronabirusa ote duten jakiteko, PCR probak egin dituzte orain arte. Hemendik aitzinera, ordea, test azkarrak ere eginen dituzte larrialdietan. Larrialdietara joaten den orori eginen diote koronabirusa detektatzeko test azkarra, eta, horien bidez, osasungintzako profesionalek 15 minuturen buruan jakin ahal izango dute pazienteak koronabirusa ote duen edo ez. Test azkarrek %80ko sinesgarritasuna dute pazienteak zazpi egun baino gehiago badaramatza kutsatuta, eta %64koa kutsatu berria bada. Testean negatibo emanez gero, PCR proba eginen diote.

Bestalde, pazienteek COVID-19 gaitza detektatzeko aplikazio bat sortu du Nafarroako Gobernuak. Pazienteek beren burua ebaluatzeko test bat egiten ahalko dute, eta, test horretan positibo emanez gero, medikuaren deia jasotzeko aukera emango zaio pazienteari. Hortik aitzinera, gainera, aplikazioak gomendioak emango dizkio pazienteari, nola bakartu jakiteko, eta galderak eginen dizkio zehazteko zein den haren osasun egoera. CoronaTestNavarra izena du aplikazioak, eta dagoeneko eskuragarri dago. 

Bestelako joera Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Bestelakoak dira datuak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; koronabirusaren pandemia hasi zenetik egun bakarrean erregistratu den hildako kopururik handiena da gaur Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duena: 52. Azken orduetan hamazazpi lagun hil dira Araban, 25 Bizkaian eta hamar Gipuzkoan. Mikel Sanchez Jaurlaritzako Osasun Saileko ordezkariak eman ditu azalpenak, eta aitortu du «datu oso txarra» dela; «bereziki kezkatuta» agertu da «adin nagusiko pertsonak eta aurretiaz gaixotasunak zituztenak» pairatzen ari diren kalteekin. Guztira, 638 dira EAEn COVID-19ak hildakoak.

Azken egunetan baino kasu berri gehiago ere baieztatu ditu Sanchezek: 431. Kasu berrien joera beheranzkoa izaten ari zen, baina, egindako proba kopurua handitzearekin batera, baieztatutako kasuek ere gora egin dute. Zehazki 1.698 proba egin zituen atzo Jaurlaritzak, pandemia hasi zenetik egun bakarrean egin dituen gehien. Test azkarrak erabiltzen hasi izanaren ondorioa da; Sanchezek azaldu zuenez, «zahar etxeetan sintomak dituztenei» egin dizkiete proba horiek.

Ondorioz, 9.452 koronabirus kasu daude baieztatuta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta horietatik 1.559 daude ospitaleratuta. Lurraldeka, 4.968 pertsonak eman dute positibo Bizkaian, 2.806k Araban, eta 1.678k Gipuzkoan.

«Egoera lasaiagoa»

Dena den, eta hildakoen datua «lazgarria» den arren, egoera hobera egiten ari dela esan du Sanchezek. Atzo baino 166 ospitaleratu gutxiago daudela azpimarratu du, eta ZIU zainketa intentsiboetako unitatean 80 ohe dituztela libre: «Ospitaleetan, lasaiagoa da egoera». Osakidetzak 4.151 laguni eman die sendagiria.

Azkenik, Osakidetzak eta Jaurlaritzako Osasun Sailak Serpa enpresarekin elkarlanean garatu duten tresna teknologiko berriaz jardun du Sanchezek. Adimen artifiziala darabil sistema horrek, eta nabarmendu du, besteak beste, zainketa intentsiboetako unitateetan «etorkizunean eman beharreko pausoak aurreikusten» lagundu diela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.